Azoka berezia, azaroaren 11n

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 26a, 02:00

Herri azoka ari dira prestatzen Adunan, azaroaren 11rako. Auzolana eta zuzeneko erakustaldiak izango dira azokako ardatz. Antolatzaileek, egun horren nondik norakoen berri eman dute, prentsa ohar bidez:

ADUNAKO HERRI AZOKA - EREITEN TA HARTUZ HERRIA UZTARTUZ

Auzolana eta zuzeneko erakustaldiak izango dira Adunako Herri Azokako protagonistak

Azaroaren 11n egingo da Adunako Herri Azoka Berezia. Auzolana da ekimen berri honen oinarri nagusia. Azoka-eredu berri bat proposatu nahi dute adunarrek eta herritarrek zuzenean erakutsiko dituzte produktuak lantzeko prozesuak. Bostehun biztanle inguruko herria izanik, berrehundik gora herritar ariko dira egun osoan gisa guztietako produktuak nola egiten dituzten erakusten. Adunako biztanleen erdia aritu da urte osoan zehar ekitaldirako prestatzen, eta urte osoko elkarlanean egindako lanean jarri nahi dute azpimarra.

Herri-tradizio askotan San Martin egunak markatzen du neguaren hasiera. Hartza lozorrora doa, eta txerri-bodatan hotzari aurre egiteko haragiak prestatzen dira. Beste garai batzuetako kontuak dirudite, baina gure arbasoen belaunaldien bizi-zikloa halakoa zen. Naturatik bizi zen komunitatetik zer ikasi asko dugula iritzita, adunarrek azoka berezia prestatu dute.

Egun osoko egitaraua prestatu dute Adunako herritarrek Udalarekin elkarlanean. Elizako ezkilen joarekin hasiko da eguna, eta goiz osoan zehar hainbat herritarrek erakustaldi didaktikoak egingo dituzte. Leire Saizarrek eta Eneko Ariztimuñok ogia etxean egiteko prozesu osoa egingo dute hurbiltzen diren guztien aurrean. Ogiaren tartekoa osatzeko, txorizoa egiteko prozesua izango da hurrengo pausua. Sagar-jotzea, garia eta artoa aletzea, eta lixibia egiteko prozesuak ere egingo dituzte adunarrek. Landutako produktuen aniztasuna adunar askok parte hartu izanagatik dator.

Prozesu horiekin guztiekin lurra lantzeari lotutako lanbide zaharrak erakutsiko zaizkio publikoari. Guztira, 45 postu egongo dira herrigunean zehar. Horietako gehienetan adunarrak ariko dira gisa guztietako lanak eta produktuak erakusten. Euskal Herriko zazpi Herrialdetako postu bana ere izango da gonbidatu moduan.

Egunean zehar zuzeneko musika joko dute zenbait herritarrek, eta herri-bazkariaren ondoren erromeriarekin amaituko da azoka. Eguraldiaren gorabeherak ere aurreikusi dituzte, eta euria egingo balu, prestatuta dago azokako postuak kokatzeko plana.

Ondarea: materiala eta ez materiala

Azokaren helburu nagusia herritarren partaidetza sustatzea da. Helburu hori lortzeko, azoka egunetik areago, urte osoan ari dira lanean adunarrak eta, besteak beste, garia, babarruna eta artoa erein dituzte, txorimaloak eginda, eta baratze eta soroetan jarrita. Adunarrek elkarlanean egindako jarduera horiek guztiek herritarren arteko harremanak sustatzen dituzte eta, prozesu parte-hartzaile bidez lortutako produktuek ondare materiala osatzen duten neurri berean, herritarren arteko kohesioak Adunaren nortasuna sendotzen du. Produktu zehatzetatik harago, pertsonen arteko harreman zuzenek ondare ez material baina oso aberatsa osatzen dute. Partaidetza eta inplikazio horren ondorioz, adunar guztiak bihurtu dira Adunaren enbaxadore eta proiektuaren dibulgatzaile.

ADUNAKO HERRI AZOKA - EREITEN TA HARTUZ HERRIA UZTARTUZ

INFORMAZIO OROKORRA

Herri azoka goizeko 10:00etan hasiko da eta arratsalde arte iraungo du jaiak.

Adunara igotzeko errepideak itxita egongo dira eta bertaratu nahi duen guztiek dohainik izango den garraio publikoa erabiltzeko aukera izango dute.

Aparkalekuak

Adunako industriguneetan izango dira: Ibai-ondo, Uparan, Urtaki, eta Irizar ondoko aparkalekuan izango da autoak aparkatzeko lekua.

Garraio publikoa

Autobus zerbitzua egongo da dohainik aparkalekuetatik azokaraino hurbiltzeko egunean zehar, 9:30etatik 18:30ak arte.

Herri-bazkaria

Bazkariko txartelak aurrez hartu beharko dira telefono deituta edo Adunako Uztartza aterpetxean. Azaroaren 6a izango da horretarako azken eguna.

  • Helduak: 17€
  • Gaztetxoak: 9€ (16 urtetik beherakoak)
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!