Hernaniko Musika Bandaren gonbidapen irekia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 23a, 02:00

Hernaniko Musika Bandak ateak zabalduko ditu urriaren 25ean. Buruntzaldean musika munduan hasi berriak direnei, murgiltze prozesuan dabiltzanei zein musika zale den edonori zuzendu diete gonbidapena, bertara hurbil daitezen.

Bertaratzen direnek aukera izango dute entsegu baten eskutik, barruko bizipenaz eta ikasketaz gozatzeko. Jardunaldian zehar, hasberriek  musika tresna ezberdinak ezagutu, eskuetan hartu eta probatu ahal izango dituzte. Murgiltze prozesuan dabiltzanek, berriz, beste hainbat alderdietan sakondu ahal izango dute, hala nola, afinazio kontuetan, esaldi musikalen zuzeneko exekuzioan, multzo barruan melodia nagusia nola identifikatu eta errespetatu…

Era horretan, harrera pertsonalizatua eskainiko zaie guztiei, hala nahi izanez gero, Bandako musikariekin interakzioa sortuz.

Ekimen honen eskutik, Hernaniko Musika Bandak gertutasuna adierazteaz gain, bere esperientzia musikala partekatzeko aukera eskaini nahi du.

Hitzordua Milagrosako egoitzan jarri dute, 19:00etatik aurrera. Ordu bete beranduago, entseguari ekingo dio Bandak.

Hernaniko Musika Bandan Urnietako hiru musikarik (David Velver, Izaskun Ocon eta Asier Baro) eta Andoaingo bost musikarik (Eneritz Jauregi, Carlos Rubio, Imanol Iribarren, Joxe Ramon Berrondo Aiertza eta Joxe Ramon Berrondo Izagirre) hartzen dute parte gaur egun.

Argazkian, 2017ko maiatzean Hernaniko Musika Bandak udaletxeko arkupetan eskainitako kontzertu berezian bildu ziren Andoaingo musikariak ageri dira. Hots, Bandako kide diren Imanol Iribarren, Joxe Ramon Berrondo Aiertza eta Joxe Ramon Berrondo Izagirre, eta, Oier Parada, Mirari Ucin eta Joxe Mari Oiartzabal gonbidatuak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!