"Saltoki handiekin gutxieneko kontrola egon beharko luke"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 21a, 02:00

Andoaingo Xixori belardendak bat egin zuen irailean komertzio txikiak sustatzeko antolatu zen kanpainan. Xixoriko Jone Etxeberriarekin hitz egin dugu herritarren erantzuna nolakoa izan den ezagutzeko.

Salkinekin bat egin zuen iraileko kanpaina ikusgarrian, eta dagoeneko etorkizunari begira jarrita daude. Azaroaren 13an, esaterako, makrobiotikari buruzko hitzaldia antolatu dute, "Elikaduran oinarrituz nola ekin bide berri bati"  izenburupean.

Nolakoa izan da iraileko Salkinen kanpainaren erantzuna?
Herritarra ohartarazteko sistema izan da. Gaia kalera atera eta ingurua komertzio txikien egoera larriaz jabetzeko eta horren inguruan hausnartzeko kanpaina garrantzitsua iruditu zait niri. Luzera begira, ez dago jakiterik honek ze ondorio izango dituen, baina positiboa da tokian tokiko merkataritzaren inguruan hausnartzen hastea.

Kanpainaren ondorioz bezero kopurua igo al zaizue?
Baten bat gehiago agian bai, baina nik ez dut horrelako aldaketarik sentitu. Denborak esango du hori.

Herritarrek eta erakundeek zer egin dezakete merkataritzaren alde?
Asko hitz egiten da komertzio txikiak mantentzearen alde. Baina gero merkatalgune handiek baimenak eskatzean, horiei neurririk gabe ematen jarraitzen dutela ikusten duzunean, kontraesan handia sortzen da.

Baimen horiekin eta denda handien irekierekin, komertzio txikiak ixtera bultzatzen ari gara eta kontraesan horiekin ez goaz inora. Gutxieneko kontrola egon beharko luke, bestela ez du balio komertzio txikiak bultzatu behar direla
esateak.

Sare sozialen erabilera egiten ari dira hainbat merkatalgune. Zuek erabiltzen al dituzue?
Sare sozialen erabilera ondo legokeela iruditzen zait, baina guk ez ditugu erabiltzen. Merkatu txikia izanik eta langile gutxi izanik, hori guztia kudeatzeko ez dugu denborarik izaten.

Zer esango zenieke herritarrei herriko merkatalguneetan gehiago kontsumitzeko?
Gertuko komertziook beste mota bateko guneek eman ezin duten gertutasuna eta konfiantza ematen dugula iruditzen zait. Gure baliorik garrantzitsuena gertutasuna, konfiantza eta produktuen kalitatea direla esango nuke.

Niri, adibidez, izugarrizko deskonfiantza sortzen dit saltzen ari zaizkidan produktuaren kalitatearen inguruan. Xixorin konfiantza eragiten duten produktuak saltzen saiatzen naiz. Prezioari bakarrik begiratu gabe, garrantzitsuena erosten ari garena benetan kalitatezkoa den ala ez ohartaratzea da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!