Desafioa, gogoangarria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 19a, 02:00

Urtzi eta Beñat Telleria anaiek estu hartu bazituzten ere, Suharri Irazustabarrenak eta Julen Gabirondok irabazi zuten Xoxokako jaietako desafio handia. Sekulako ikusmina piztuta, gainera. Jendetza hurbildu baitzen hiru probak bertatik bertara ikustera.

[Bideoa]

Urtzi eta Beñat Telleria anaiek minutu eta bost segundo beranduago amaitu zuten lehia, harria jasotzen, lasterka eta segan jardun ostean. Desafioak ederki erantzun zion aurreko egunetan herri kirol munduan piztua zuen ikusminari, eta azkenerako Xoxokan euskal kirolekiko zaletasuna sortzen duten egun horietakoa bizi zan zen. Auzoko plazan, errepidean zein belardian etengabe izan ziren batzuren zein besteen aldeko garrasi eta animoak: “Aupa, Beñat!”, “Heldu gogor, Suharri!”, “Eutsi, Beñat!”, “Animo Julen!”.

Lau kirolarik bi-biren kontra eta ezaugarri ezberdinak dituzten hiru probatan indarrak neurtu behar zituztela kontutan hartuta, ez zen batere erraza izango desafioa nola diseinatu asmatzea. Parekatua izan behar zuen, eta ikusleentzat emozioa transmitituko zuena.

Bada, zalantza izpirik gabe asmatu zutela esan behar da. Oso alde txikiarekin bukatu baitzen proba. Alde horretatik, ezin gehiago eskatu desafioa antolatu dutenei.

Lau kirolari sutsu elkarren aurka lehian
Are gutxiago eskatu behar lau kirolariei, kirol erakustaldi bikaina eskaini baitzuten, herri kirol zaleek denbora luzez gogoan hartuko dutena. Izan ere, azpimarratzekoa da laukoteak desafioaren inguruan jarri zuen borondatea. Txapelketarik edo dirurik jokoan egon ez arren, zeukaten guzti-guztia eman zuten harria jasotzen, lasterka nahiz segan. Segalariak dira Suharri eta Julen, ez harri-jasotzaileak, baina kirol jarduera  berriak probatzera animatu ziren, horretarako prestakuntza berezia eginez. Telleria anaiei, berriz, sega arrotz samar egiten zitzaien; agudo jarri ziren, ordea, belazeak zapaltzen, belarra mozteko irrikatan. Azken batean, kirolari osoak eta lehiakorrak dira lauak, herri kirolari sutsuak, eta ezaugarri horiek dena erraz dezakete.

Esan beharrik ez dago Xoxokako jaiak Euskal Herriko herri kirolen olinpiar-jokoak bilakatzen direla. Ikustaldi politetara ohitu dira eskualdeko zaletuak urtez urte, idi-dematan, giza-probatan, segan, harria jasotzen, lasterka…

Aurtengo egitaraua hobetzea kostako da
Aurtengo programak gainezka egin duela dirudi. Eta aurtengoa eta gero, Jai Batzordeko kideei kostako zaie hobetzea, edo berdintzea behintzat. Baina ez dugu zalantzarik ahaleginak jarriko dituztela saiakeran. 2019a zain dago, honezkero.


Joseba Ubillos: "Gure asmoa herri kirolak indartzea da"
"Nekazari giroko jendea biltzen da auzora, eta antolatzen ditugun ikuskizunak ere hortik doaz. Herri kiroletan saiatzen gara gehienbat; ez dira publiko zabalari begirako kirolak, eta ahal dugun neurrian horiek indartzea izaten da gure asmoa. Atal hori batez ere Julen Gabirondoren esku egoten da. Berak tentatu zituen telleriatarrak. Eta egia esanda, harrituta gaude desafioak sortu duen ikusminarekin, ETBko kamerak ere etorri dira. Kontuan hartuta Jai Batzorde txikia dela gurea, aurrekontu txikia daukagula, eta Xoxokako espazioa ere mugatua dela –plaza txikia, errepidea ondoan...–, ezin izango da nahi den guztia egin. Baina hala ere, apustu egingo nuke aurtengoa bezain erakustaldi ikusgarria prestatuko digula Gabirondok hurrengo urteetan".

Idoia Etxeberria: "Laurak ere kirolari apartak dira"
"Duela bi hilabete Suharrik eta Julenek anaiari eta bioi harriarekin lagunduko al genien galdetu ziguten. Suharri lehendik ibilita zegoen, hari apenas lagundu behar izan diogu. Julenekin, ordea, lanketa berezia egin behar izan dugu, berde-berde heldu baitzitzaigun. Harrigarria da mutila zein azkar jarri den! Zoriontzekoa da zer nolako trebeziarekin heldu dion harriari. Telleriatarrek ere puntako kirolariak direla erakutsi dute, nahiz eta harri-jasotzaileak izan; ezin da sinetsi zein ondo aritu diren segan. Lauak ere kirolari apartak dira eta zaletuek badakite hori; horrexegatik hurbildu da hainbeste jende Xoxokara. Gaurko desafioak balio behar luke gazteak animatzeko eta antzeko kirol erakustaldiak
egiteko".

Julen Gabirondo: "Oso proba gogorra izan da laurontzat"
"Suharri eta biok bagenekien harriarekin joango zitzaigula denbora, kostako zitzaigula alderdi ahul hori behar bezala gainditzea. Neregatik zetorren beldurrik handiena, hasiberria bainaiz. Tentsioa eta kezka gainezka eduki ditut, trakets hasi eta ez ote nintzen kapaz izango. Behintzat, bete ditugu lanak. Sumatzen genuen korrika paretsu ibiliko ginela eta, irabaztekotan, segan hautsi beharko genuela. Baina horretara iritsita, Telleria anaiek oso lan bikaina egin dute segan; bijoakie zorionik handiena, merezia dute! Alde txikiarekin  baina aurretik iritsi gara desafioaren azkenera, eta pozik nago. Zer esanik ez jendearen erantzunarekin. Tourmaleteko aldapetan txirrindulariak bezala sentiarazi gaituzte, lasterketako saioan batez ere".

Beñat Telleria: "Gure kalkuluak ez dira zuzen atera"
"Abantaila harria jasotzerakoan ateratzea espero genuen, baina uste baino gutxiago lortu dugu hortik; izan ere, harrigarria izan da Julen eta Suharri nola ibili diren harriarekin. Korrikako lanetan berdintsu aritu gara, eta zoritxarrez hasierako abantaila hori ez da nahikoa izan. Egia da harri-jasotzea hiru-lau minutuko lana zela eta sega ia 20  minutukoa, beraz, ez da berdina aurkariari aurrea hartzeko batak eta besteak eman diezazuketen aukera. Nolanahi ere, ez da batere erraza aldez aurretik zehaztea zeintzuk behar duten izan egin beharreko lanak, eta ezin zaio aitzakiarik jarri aurkarien garaipenari. Izugarrizko poza ematen dit gaur  jendetza erakarri dugulako Xoxokara. Mereziko luke berriro errepikatzeak".


Puntuaketa hiru proba ezberdinetan

{{IMG-42006}}
Lehen planoan telleriatarrak, euren jardunean eroso zeudela.

100 kiloko zilindrikoari 50 jasoaldi eman eta gero: Telleriatarrak (3:20) / Gabirondo-Irazustabarrena (5:18).
Faborito nagusiak ziren telleriatarrak lehen proban, aurkariei tarte handi samarra ateraz.

{{IMG-42007}}
Xoxokako plaza ingurua jendez gainezka zegoen.

Sei kilometroko lasterketa egin eta gero: Telleriatarrak (27:02) / Gabirondo-Irazustabarrena (28:33). Harrijasotzaileen aldeko denbora bigarren proban berdinduz joan zen, aurkariek segundu gutxiagotan egin zituztelako sei kilometroak.

{{IMG-42008}}
Irazustabarrena lanean, atzean Gabirondo arnasa hartzen ari zela.

700 metroko lursailean segan aritu eta gero: Telleriatarrak (48:54) / Gabirondo-Irazustabarrena (47:49). Hirugarren eta azken proban apustuan atzetik zetozen Gabirondok eta Irazustabarrenak txapela janzteko dena eman behar izan zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!