Birziklapenean sakontzeko urrats berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 19a, 02:00

Azaroan hasita, Andoaingo Udalak txartel elektronikoarekin irekiko den edukiontzi grisa ezarriko duela iragarri du. Tolosako Mankomunitatearekin elkarlanean sustatu du egitasmo berria, orain arteko edukiontzi berdea ordezkatzera datorrena.

“Birziklatze neurrietan sakondu eta errefusaren edukiontzia ixteko erabakia hartu du Andoaingo Udalak” goiburutzat harturik, joan zen astean zaborren sailkapenerako egitasmo berria aurkeztu zuten Sorabillan. Egungo birziklapen tasa %45ekoa da Andoainen, alde handiz Tolosaldeko Mankomunitateko baxuena, eta Udalak bere buruari 2016rako helburu gisa jarritako %60tik oso urrun. Neurri zuzentzaile modura, Udaleko Zerbitzuetako Batzordean errefusari dagokion edukiontzia ixteko erabakia hartu zen, EHBildu, EAJ-PNV, Ganemos eta Irabaziren aldeko botoekin. Iragarri berri duten urrats hori eman aurretik, proba modura indarrean egon da herriko hiru auzunetan.

Hiru auzunetako esperientzia
Pasa den martxoan errefusaren edukiontzi berdea itxi eta Sorabilla, Alejandro Calonge eta Olagainen esperientzia pilotoa ezarri zuten. Proba hori baliagarri izan da Udalarentzat eta Mankomunitatearentzat, herri osora zabalduko dutela iragarri baitute. Azaroan hasita, errefusa botatzeko edukiontziak zerraila izango du eta erabiltzaile bakoitzak astean lau aldiz ireki ahal izango du, berak nahi duen egunean. Behar bereziak dituzten familiei maizago irekitzeko baimena emango zaie, baina eurek egin beharko dute eskaera hori.


Alderdi politiko nagusien balorazioa

EH BILDU ANDOAIN
“EH Bildutik uste dugu albiste ona dela errefusa ixteko proposamenak lortutako babes zabala. 4 alderdi ezberdin eta 17 zinegotzietatik 13k babesten dute neurria. Gauza askotan desados egon arren, eta neurri hau hartzeko unean izan ditugun eztabaiden gainetik, herriarentzat ona den neurri bat dela azpimarratu nahi dugu. Biriziklapen tasa igotzea ezinbestekoa dugu Andoainen, eta horretarako sistema hobetzen joan behar da. Herritarrek kontzientzia hartzearekin batera, horrelako neurriak hartu behar dira. Gai honetan, iraganeko ika-mikak albo batera utzi eta denok norabide berean lan egitea garrantzitsua dela uste dugu. Gure inguruneaz ari gara, etorkizunean herri osasuntsu eta jasangarri batean bizitzeko hartu beharreko neurrietaz ari gara”.

PSE-EE ANDOAIN 
“Agerraldia eskaini zuten alkateak eta gainerako zinegotziek ez dakite proba modura martxan jarri den hiru auzunetan zenbat kilogramo birziklatu diren, eta zenbat errefusa sortu. Izan ere Mankomunitatea ez da informazio hori auzoz auzo bereizteko gai izan, sozialistok behin baino gehiagotan eskatu dugun informazioa baita. Dakigunagatik, Alejandro Calongen edukiontzi marroiaren irekiera %39tik %63ra pasa da hilabeteotan, Sorabillan %22tik %58ra eta Olagainen %44tik %78ra. Ez dakiguna birziklatu den kopurua da, eta benetan ondo birziklatzen ari garen edo ez jakitea garrantzitsua da. Edukiontzi grisaren alde agertu gara, eta beti irekita egotearen alde. Ez dakigu zergatik tematzen diren edukiontzi horren itxierarekin”.

EAJ-PNV ANDOAIN
“Herrian gaikako bilketa hobetzeko hartu diren neurriengatik pozik gaude, herriko birziklatze tasa apala hobetzen lagunduko baitute. Eman den pausua oso albiste ona da eta azken urteetan aldarrikatu denarekin bat egiten du. Hala eta guztia ere, gobernu taldeari leporatzen diogu txipadun edukiontzi grisaren ezartzea denboran luzatuz agertu duten pasibitatea. Mankomunitatearen bultzada ezinbestekoa izan da, pausu hau eman eta bilketa sisteman hobekuntzak ezarri ahal izateko. Bide batez, gogoratu nahi dugu orain urtebete, EAJk mozioa erregistratu zuela aldaketa batzuk planteatuz: sortzaile berezientzako bilketa zabaltzea, edo txipadun edukiontzi grisak ezartzea, berdeak ordezkatuz”.

GANEMOS ANDOAIN
“Edukiontzi berria jartzeko egon den adostasuna azpimarratu nahiko genuke, udal batzarraldian ia aho batez onartu baita. Ipar Haizea plataforma ere gogoan hartu nahiko genuke, Udal ordezkaritza dugun alderdi politiko ezberdinak batu gaituelako herriko birziklapen tasa handitzeko helburuan. Aurreko legegintzaldian, orduko ordezkari politiko guztien oniritziarekin %60ko birziklapen tasara iristea adostu zen, eta horretara iristeko garaia da. Zumarraga, Zarautz edo Bergaran honelako sistemekin %70eko birziklapen tasa hilabetez hilabete gainditzea lortu badute, hemen zergatik ez? Ongietorria izan dadila sistema berria, Andoain jasangarri baterantz eramango gaituena”.


Andoainen ezarriko den sistemak emaitza onak ematen ditu

Ibarran eta Villabonan txipadun esperientziak ondo doazela adierazi zuen Mankomunitateko lehendakariak

Josu Amilibia Adunako alkatea eta Mankomunitateko lehendakaria da. Erakundearen izenean inguruko esperientzien berri eman zuen: "Gure eskualdean herri bakoitzak bere sistema ezartzea erabaki du, eta guk gure laguntza eta aholkua eman diegu. Azken bospasei urteetan tamaina ezberdineko herrietan sistema guztiz ezberdinak izan ditugu. Andoainen txertatuko den gaikako bilketa sistema berriak emaitza onak eman ditu Villabonan edo Ibarran. Egia da, orain arteko datuekin, Andoain atzetik doala emaitzei begira, baina aurrerapausoak ematen ari dira. Organikoari dagokionez, adibidez, kalitate oneko bilketa egiten da. Hiru auzunetan egin den esperientzia pilotoan ikusi den bezala, edukiontzi grisa erabiltzea erraza da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!