Bigarren Karlistaldia hizpide izango dute Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 19a, 02:00

Jose Antonio Recondo tolosarrak 'La 2ª Guerra Carlista en Gipuzkoa (1872-1876)' liburua aurkeztuko du Andoainen, urriaren 24an. Ekitaldian zehar Andoainen eta Urnietan gertatu ziren gora behera militarrak hizpide izango ditu.

Zure ustetan, euskaldunon nortasuna ezagutu edo ulertzeko ezinbestekoa da Gerra Karlistak aztertzea. Zergatik?
Lehenak, eta batipat bigarrenak hainbat gako ematen dizkigute. Izan ere, aro historiko horietan joan baitzen definitzen eta sendotzen gure izatea. Bazirudien lehenengoa amaitu ostean, foruak indargabetu behar zirela, baina ez zen hala izan. Bigarrengoarekin gertatu zen. Esatera batera, derrigorrezko soldaduska ezarri zeitzaion euskal gaztediari. Karlisten bandoan borroka egin zuten familiak izan ziren kaltetuenak. Lau urteko iraupena zuen zerbitzu horrek, heriotzarako txartela eskuratzea suposa zezakeen, ze matxinadak gertatzen ziren Ameriketako kolonietara edo Afrikara destinatzen zituzten askotan; tifusa edo sukar horia bezalako gaitz hilkorrak ahaztu gabe. Horrela, foruen abolizioak Euskal Herriaren aurkako zigortzat hartu zen, eta erreakzioz, indartu egin zuen geure ohituren, hizkuntzaren, kulturaren, etabarren aldeko sentimendu kolektiboa. Iraganean bizitutako autogobernuarekiko mina piztu zen, ideologi bateko zein besteko jendearengan.

Liburuak garrantzia ematen dio Seiurteko Demokratikoari.
Arreta berezia jarri beharko genioke, bai. Isabel IIaren erreinaldian, gobernu diktatorialen kontrako iraultza bultzatu zuten zenbait militarrek 1868ko irailean. Iraultza Loriatsua deitu zioten horren eraginez, estatu osoan batzorde iraultzaileak eratu ziren, errepublika federala eskatuz. Isabel II-k tronua utzi egin behar izan zuen, eta Seiurteko Demokratikoaren aroa etorri zen (1868-1874). Era horretan, Espainian demokrazia lehenbiziko aldiz ezarri zen, eta gaur egun oraindik eztabaigarri diren planteamendu politikoak formulatu ziren; hala nola, monarkia ala errepublika, autodeterminazio eskubidea, eliza eta estatuaren arteko bereizketa... Behin-behineko gobernuak ezarri zituen legeak ez ziren gogokoak izan ez karlistentzat ezta errepublikano erradikalentzat ere, eta gaitzespen horretan ditu sustraiak 1872an piztu zen gerrak. Bi pentsaera kontrajarriek egin zuten talka borroka zelaietan Jaungoikoaren eta balio tradizionalen defentsa batetik, eta Errepublikaren defentsa bestetik.

Garai hartako Karlisten artean Recondo abizeneko buruzagia agertzen da.
Nire arbasoa izan zen. Kontatuko dizut nola izan nuen haren berri. Ni medikua izan naiz ogibidez, baina orain urte batzuk, Juan Garmendia Larrañaga etnologoak historia ikerketak hasteko tentatu ninduen, esanez karlisten artean izan zela buruzagi bat Recondo abizenekoa. Jose Maria Recondo zen buruzagi hori, eta hor non deskubritu nuen nire birraitona zela! 1872an matxinatu egin zen Santa Cruz apaizarekin eta Tolosaldea eta Goierriko jendearekin; porrot egin zuten. Historio txiki hori harrigarria iruditu zitzaidan, nire familia liberal-errepublikanotzat jo nuelako betidanik.  Kontua da horrek animatu ninduela gertakizun historikoekin sakontzera.

Ikerketan zehar, nire birraitonarekin ibili zen bere seme baten memoriak topatu nituen, eta gainera, Ataunen zenbait pertsona ezagutu nituen bazaukatenak Recondoren ibileren aditzea, umetan entzunda. Arian-arian, Seiurte Demokratikoak eta Gipuzkoako Gerra Karlistak osatzen duten epe historikoan (1868-1876) modu sutsu batean murgildu nintzen.

Gerrako gorabeheren kontakizunari irudi asko erantsi dizkiozu liburuan...
Irudiek irakurketa errazten dute eta gainera, artistikoki ederrak dira oso. Hitzaldian berdintsu jokatuko dut, eta ilustrazio, grabatu, argazki eta planu zahar ugari erakutsiko ditut. Europan, II. Gerra Karlista kontinentean gertatzen zen azkeneko erlijio-gerratzat hartu zen, eta egundoko interesarekin jarraitu ziren bataila-zelaietako gora-beherak. Aldizkariek, erreportariez gain ilustratzaileak bidali zituzten hona, eta oso irudi ikusgarriak utzi zizkiguten. 200 ilustraziotik gora sartu ditut liburuan, hainbat iturri (artxiboak, aldizkariak..) arakatu eta gero.

Andoainen eta eskualdean gertatu ziren operazio militarrak modu berezian azaltzeko asmoa daukazu.
Andoain leku estrategikoa izan zen karlistentzat. Euren kuartel nagusia izan zen. Liberalen esku zeuden Donostia, Hernani, Irunen aurka joateko operazioen abiapuntua izan zen Andoain karlistentzat. Sorabillan, Azelaingo jauregian kuartela eta Erretoretxean ofizialen bizilekua ezarri zituzten. Patricio Orkaiztegi zen Sorabillako apaiza, karlista porrokatua eta Santa Kruz apaizaren adiskidea.

Horrez gain, Andoain bidegurutzea ere izan zen; Gipuzkoako kostaldea eta barnealdea lotzen zituen gunea zen. Trenari esker oso ondo komunikatua zegoen Gipuzkoako barnealdearekin, eta bestalde, karlistek, Karlistak Bidea izeneko bidea ireki zuten Andoain eta mugan kokatzen zen Lastaolako aduanaren artean. Autopista modukoa zen bide hori karlistentzat; oso modu azkarrean, gerrako materiala eta soldaduak garraiatzea ahalbidetzen zien.

Bide hori babesteko, karlistek hainbat gotorleku eraiki zituzten Atxularren, Atxetilunen (Besabi inguruan)... Horiei batu behar zaizkie ezarri zituztenak liberalen esku zegoen Hernaniri eraso egiteko edo eta haien erasoetatik defenditzeko, hots, Buruntzan, Derrepenten, Arrikarten, Azkorten... Azken batean, Buruntzaldean gotorleku sistema osoa ezarri zuten beren bateria, lubaki eta abarrekin. Jakina, liberalek ere beste hainbeste egin zuten Hernaniko inguruetan.


{{IMG-42002}}

Karlisten gudarostea Hernaniko irteeran. Marrazkiaren egileak A letrarekin Goiburu seinalatu zuen, B-rekin Urnieta eta C-rekin Andoain aldera doan bidea. Belkoain (E) edota Buruntza (G) mendiak zehaztuta agertzen dira 1874ko abenduaren 30eko data duen marrazkian. Argazkia: GFA KMK.

Bi Karlistaldiak labur azalduta
1833tik 1876rako epe historikoan, Euskal Herrian bi karlistaldi izan ziren, hiru Espainiako estatuan. Europako historian errege tronuaren ondorengotza helburu zuten azken gerrak izan ziren, eta horien azpian, ideologia kontrajarriek egin zuten topo aurrez aurre. Batik bat Euskal Herrian eduki zuten indarra karlistek, eta horretan berebiziko eragina eduki zuen foruen galeren auziak.

Karlismoak, “Jaungoikoa aberria eta Lege zaharra” lelopean monarkia absolutista tradizionalista defendatzen zuen, eta matxinatze saio ugari bultzatu zituen, liberalismoaren aurka lehenbizi eta errepublikanismoaren aurka geroxeago.

Lehen Karlistaldia deituriko gerra (1833-1839)
Fernando VII erregea hil ondoren piztu zen. Bere alaba Isabel II. izendatu zuten; hiru urte besterik ez zituen, eta bere ama Maria Kristina Borboikoak botere absolutua bereganatu zuen, sektore liberalen oniritziarekin. Karlistek, ordea, Fernando VII-aren anaia Karlos infantea nahi zuten errege izatea, eta matxinada militarra bultzatu zuten, gerra piztuz. Nekazari giroko biztanlegoaren eta kleroaren babesa jaso zuten karlistek batik bat, eta Euskal Herrian eta Katalunian izan ziren nagusi. Gerra horen baitan, Andoainen 1837ko irailean karlista eta liberalen artean liskar bortitza gertatu zen, odoltsuenetakoa gerra osoan zehar (660 hildako aipatu ohi da), eta gertakizun horixe da hain zuzen, azken urtetan Larramendi Bazkunaren eskutik kaleetan barrena antzeztu izan dena.

Bigarren Karlistaldia (1873-1876)
Hego Euskal Herria izan zuen borroka leku nagusi, berriz ere. Hura ulertzeko aurrekari historikoetara jo behar da lehenbizi, hala ere. Izan ere, 1868an zenbait militar matxinatu egin ziren diktaduraren antza zeukan sistema politikoaren aurka. Espainian iraultza piztu zen (Iraultza Loriatsua), eta Isabel II. erreginak ihes egin behar izan zuen. Seiurteko Demokratikoa izeneko aro historikoari (1868-1874) eman zitzaion hasiera horrela. 1869an, konstituzio berri bat osatu zen korteetan, eta monarkia konstituzionala ezarri zuten sistema politiko bezala. 1871ean, Saboyako Amadeo II Espainiako errege izendatu zuten; karlisten eta errepublikano erradikalen kontrako jarrera eragin zuen izendapenak. Egoera politiko ezegonkorra zela eta, bi urteren ostean Amadeok errenuntzia egin zuen. Ordurako, karlistak matxinatu egin ziren, Bigarren Karlistaldiari hasiera emanez (1872-1876). Karlistek, “Jaungoikoa, Aberria eta Erregea” leloa hartuta, Errepublikaren aurka eta balio tradizionalen alde egin zuten gogor. Aldi berean, Karlos VII Borboikoa errege-tronuan jartzeko eskubidea aldarrikatu zuten.

1874an, gobernu liberalak Alfonso XII errege izendatu zuen (Berrezarkuntza Borbonikoa).
Borroka militarra 1876ko otsailean amaitu zen, liberalen garaipenarekin. Agudo Foruen abolizio ofiziala heldu zen, Canovas del Castilloren gobernuaren eskutik.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!