“Sortzen ari diren ‘Halloween’ festak berriak dira”

Antzinako ohitura da urriaren 31n gau beltza ospatzea. Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek “Itzalitako kalabazen berpiztea: gau beltzaren ospakizuna Euskal Herrian” liburuan aztertu dute.

Nondik dator “Itzalitako kalabazen berpiztea:gau beltzaren ospakizuna Euskal Herrian” hitzaldi hau ematearen ideia?

Josu Ozaita: Biok antropologia ikasleak ginen EHUn eta gradu amaierako lana amaitu ondoren Juan San Martin beka eskatzea erabaki genuen.

Urria inguruan Halloween jaiak kaleetan presentzia hartzen zutela ikusteaz gain, aldizkari ezberdinetan aiton-amonek kalabazak hartu eta aurpegi forma ematen ibiltzen zirela aipatzen zuten iritzi artikuluak ikusten hasi ginen. Horregatik, antropologo moduan gaiaren inguruan gehiago aztertzea erabaki genuen.

Horretarako hiru helburu jarri genituen. Lehenengoa, Halloween gauean sortzen ziren ospakizun ezberdinak bertatik aztertu eta deskribatzea zen. Bigarren helburua, gure aiton-amonek kalabazekin izan zituzten esperientzia ezberdinak jasotzea eta hirugarrena, haurrekin egon eta beraien iritziak jasotzea.

Jaime Altuna: Eibarko Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) ateratako bekarekin (Juan San Martin beka), ikerketa egiteko aukera zabaldu zitzaigun eta hemezortzi hilabetez aritu ginen ikerketa hori garatzen. Ikerketaren ostean, gainera, Eibarko Udalak eta UEUk gure ikerketaren liburua argitaratu zuen. Hau horrela, liburuaren eta gure ikerketaren inguruan hitzaldi ezberdinak ematen ariko gara, tartean, Larraulgoa.

Noiztik dator Euskal Herrian kalabazekin jolastearen ohitura?

J.A.: Urriaren 31ren inguruan dauden ospakizunak oso antzinatik datoz. Gainera, Europa osoan hedatuak zeuden festak ziren hauek. Azken batean, iluntasunaren etorrerarekin batera, uda bukaera eta neguaren hasierarekin lotura zuten festak dira. Denborarekin, jaiak beste forma bat hartzen joan dira, baina bertan elementu zentral asko zeuden. Hala nola, argia, kalabazak, arbiak..., ondoren, kristau erlijioak hildakoen egunarekin beste forma bat eman zion eta azken berrehun urtetan Estatu Batuetan indar handia hartu du Halloween gauak. Esan beharra dago gainera, azken urteetan gugana iritsi den hori Estatu Batuetatik etorria dela, baina ospakizun gisa antzinatik datorren ohitura da hau.

J.O.: Hori da, ez dakigu zehazki noiztik datorren ohitura den. Adinekoen ahotik dakigu beraiek haur zirenean kalabazekin jolasten zutela. Herri askotan testigantza ugari jaso dugu “bihurrikeria” moduan forma ematen zieten kalabaza eta arbien inguruan. Baina ez festa moduan, bihurrikeria moduan baizik.

Antropologikoki zenbateko garrantzia du gai honek Euskal Herriaren historian?

J.A.: Helduen aldetik jaso ditugun testigantzetan, XX.mendearen hasieran egiten ziren bihurrikeria horiek ez zuten garrantzirik. Hori da gure ustetan gai hau orain arte gordeta egon izanaren arrazoia. Helduek ere bihurrikeria moduan hartzen zuten gaia baitzen haurrek kalabaza eta arbiekin jolastearena.

Guretzat, antropologikoki garrantzia du tradizioak birsortzen ari direla ikusteak. Interesgarria baita lehen gure aiton-amonek egiten zituzten bihurrikeria horiek orain berriz ere festa moduan gertatzen ari direla ikustea.

Hau guztiaz gain, oso garrantzitsua iruditzen zaigu jai hauek ospatzerako garaian haurrek duten papera aztertzea. Bai haurrek zer egiten duten, guk zer uzten diegun, zer ez, zergatik egin ahal duten. Beraientzat festa erakargarriak dira hauek, mozorroak, gaua, sustoak, beldurra, gozokiak...

Zer erakutsi nahi diezue hitzaldira gerturatzen direnei?

J.O.:  Leku bakoitzean jaiak hartzen duen forma eta balio ezberdinak aztertzeari ematen diogu garrantzia. Ez baita berdina multinazional handi batek saltzeko erabiltzen duen festa izatea, ala herriko talde batek puska biltze bat egiteko erabiltzen duen festa izatea. Festak, egun berdinean balore eta funtzio ezberdinak har ditzake.

J.A.: Alde batetik, gaur egun Euskal Herrian ematen diren ospakizunak erakutsi nahi ditugu. Ikerketan sartu garen arte ez baikara konturatu benetan egun honen bueltan egiten diren jai ezberdinen inguruan. Herri batzuetan helduek “gau beltza” izeneko jaiak antolatu eta antzerkitxoak, mozorroak, etab. egiten dituzte. Beste toki batzuetan, beraien kabuz kalera atera eta amerikar estiloko Halloween gaua ospatzen dute. Zenbait herritan tabernak margotzen dituzte...

Hitzaldietan gehienbat hori azaldu nahi dugu, herri ezberdinetan jaia modu ezberdin batean ospatzen dela alegia. Guztiak baliagarri izan daitezkeela ikusi, eta aurkezten dugunaren inguruan hausnartu.

Gaur egungo festek ez dute antzinakoen antzik, beraz.

J.O.: Guretzako, sortzen ari diren festa hauek festa berriak dira. Garai bateko kalabazaren elementua eduki dezakete, baina beste mota bateko festak dira. Egia da, gaur egungo festek ere elementu interesgarriak ere badituztela. Aitzakia bat izan baitaiteke herriko haurrak bildu eta baserriz baserri puskak biltzen ibili ondoren afari bat egiteko edo heriotzaren inguruan hausnartzeko. Egunerokotasunean heriotzak beste presentzia bat zuela antzeman dugu gure ikerketan. Lehen, gertuko bat hiltzen zenean, gorpua etxean edukitzen zen, kaxa bizkarrean hartuta eramaten zuten elizara..., eta gaur egun, heriotza tabu moduan ikusten dugula aztertu dugu. Beraz, horretarako ere parada polita izan daiteke gau hau.

J.A.: Bai, niretzat garrantzitsua da tradizioak birziklatzen jakitea, gizarteak erabilgarritasunik ikusten ez badio, baztertzen amaituko baitu. Beraz, nire ustetan gaur egungo interesei eta beharrei egokitutako festa sortzea da gakoa.

Aiztondo bailaran badago ohituratik?

J.A.: Gaur egun Aiztondo bailaran guk dakigula ez dago ospakizun antolaturik, baina bailarako aiton-
amonek kalabazekin jolastu izan dutela aitortu digute.

Nolako harrera izaten dute zuen hitzaldiek?

J.O.: Lehen aipatu dugun bezala, haurrentzat gau erakargarria izaten da eta erakargarri zein ezezaguna gurasoentzat. Badira alde dauden eta kontra dauden gurasoak. Iritzi ezberdintasunak sor dezaketen talka horiek direla eta gerturatzen dira guraso asko hitzaldietara.

Denbora asko al daramazue hitzaldi hauek eskaintzen?

J.A.: 2017ko ekainean amaitu genuen ikerketa eta aurten argitaratu da liburua. Ikerketa atera genuenetik gaur arte, sei bat hitzaldi eman ditugu eta beste horrenbeste ematekoak gara egun hauetan.

Zer esango zenieke inguruko herritarrei zuen hitzaldia entzutera gertura daitezen?

J.A.: Gure ikerketan jaso dugunaren berri emango dugu eta jendeak bere kezkak azaleratzeko parada izatea gustatuko litzaiguke. Gure ikerketa oraindik ere bizirik baitago, eta jendearen ekarpenak jasotzeko  eta guztion artean ikasteko eta  hausnartzeko prest gaude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!