Marife Nogales, mezzo sopranoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 25a, 02:00

Ibilbide oparoa osatzen ari da Marife Nogales andoaindarra musika lirikoaren munduan. Orain arte egindako bideari errepasoa egitearekin bat, etorkizunaz ere aritu da.

Nolaz murgildu zinen musikaren munduan?

Nik beti gogoratzen dut nire burua abesten. Oso txikitatik abestu izan dut. Andoaingo musika eskolan ibili nintzen solfeoa ikasteko, eta esku-soinua ere jotzen nuen. Koxkortu nintzenean, musika munduan  murgilduta jarraitu, eta esku-soinua ikasten jarraitzeko erabakia hartu nuen. Goi mailako gradua atera nuen.

Horrekin batera, abesbatza ezberdinetan abesten ere aritzen nintzen ume nintzela. Lehen hezkuntzan nengoela, Jose Ramon Arteta zen nire musikako irakaslea, Ainhoa Artetaren aita. Perkusio orkestra genuen garai hartan eskolan, eta haren laguntzaz, musika munduan murgiltzen joan nintzen. Eskolako zenbait haurrekin lanketa berezia egin zuen ahotsak hezten. Haur haietako batzuk Tolosako Eresoinka abesbatzarekin abestera joaten ginen, berarekin. Beti gogoratzen dut nire burua abesten eta musikaz inguratuta.

Musika lirikoan aritu izan al zara beti?

Ez, musika modernoan ere aritu izan naiz. Hogei urte inguru nituela, ETBko ‘Izar bila’ saioan izena eman nuen. Kantu lehiaketa zen, eta garaile suertatu nintzen. Esperientzia hark beste bide bat ireki zidan, eta zazpi urte eman nituen ETB1eko ‘Sorginen laratza’ programan parte hartzen. Sorginen laratzako azken urtean, lirikoan froga egiteko tentazio pizten hasi zitzaidan. Kantu modernoan banenbilen ere, ahots teknikak lantzeko irakasleekin lirikoa lantzen nuen. Haiek beti esaten zidaten ahots ona nuela, kolore berezikoa. Ariaren bat abesten nuen irakasleekin eta mundu horretan sartzeko gogoa piztu zitzaidan.

Musikenen egin zenituen goi mailako ikasketak. Kontaiguzu…

Uda batean prestatu nituen Musikenen sartzeko frogak. Banekien ez zela batere erraza izango, inoiz ez nuelako lirikorik egin. Nekane Lasarte irakaslearekin aritu nintzen uda hartan, eta Musikenen sartzea lortu nuen. Kantuko goi mailako gradua bost urtetan amaitu nuen eta hortxe maitemindu nintzen lirikoarekin.

Ikasketak amaituta, nola hasi zenuen zure lan ibilbidea musika lirikoan?

Beti izan dut zorte handia; bai modernoan, baita lirikoan ere; beti aritu izan naiz lanean. Musikenen ikasten ari ginela, kontzertu ezberdinetan parte hartzen hasi ginen, eta horrek eszenatokian nola aritu erakusten dizu. Telebistako esperientzia ere lagungarri izan zitzaidan alde horretatik. Kontzertuak ateratzen hasi ziren pixkanaka, eta ibilbidetxoa egiten hasi nintzen. Agentzia batek nirekin lan egiteko interesa agertu zuen, eta baiezkoa eman nuen. Haiekin ari naiz lanean oraindik ere. Antzoki gehiagotan lan egiteko bidea ematen ditu agentzia batekin lan egiteak, eta gustura nago.

Maletak eginda bizitzera behartzen al zaitu zure lanbideak?

Bai, eta hori da nire lanbidearen alderdirik gogorrena. Lanbide honek asko bidaiatzea eskatzen du. Kostatu egiten zait etxetik ateratzea; lagunak, familia, iloba txikiak…, gauza asko uzten dituzu bidaiatu behar duzun bakoitzean. Asteburu edo jai egunetan elkar ikusteko aprobetxatzen dugu, baina nire lan erritmoak ez du horretarako aukera gehiegirik ere ematen. Nolanahi ere, lanbide hau ikaragarri gustatzen zait eta oso eskertuta nago benetan gustuko dudan horretan lan egiteko aukera dudalako. Lanbide guztiek dute alderdi kaskarren bat, eta nire lanak hauxe du.

Lanbide gogorra da zuena…

Beti aztertua izatea da gogorrena. Eszenatokira igotzen zaren bakoitzean, aztertzen ari zaizkizu; zer moduz abesten duzun, eutsiko ote diozun…, sentsazio hori gogorra da eta sufritu egiten da. Alderdi on asko ere baditu ordea. Nik ikaragarri gozatzen dut abesten. Lanbide gogorra izan daitekeen arren, merezi du.

Madrilen zaude egun. Kontaiguzu…

Bai, ‘La casa de Bernarda Alba’ aurkeztera goaz azaroan. Lorcaren testua du, eta musika Miquel Ortegarena. Zorte handia dugu, izan ere, opera abesten duzunean, konposatzailea hila egoten da ia beti. Kasu honetan, ordea, Ortega bizirik dago eta gure lana jarraitzen ari da. Entsegu guztietara gerturatzen da. Horrez gain, dramatikoki asko eskatzen duen lana da, eta asko ikasten ari gara. Azaroaren 10ean estreinatuko dugu eta azaroaren 22ra arte eskainiko dugu.

Nola sentitzen zara horrelako lan handi bat estreinatu behar duzuenean?

Urduri. Eta ez estreinatzeko egunean bakarrik, baita lehen entsaioa egin behar dugunean ere. Garai batean, konpainia bat osatu, eta lantalde beretsua ibiltzen zen batera eta bestera, obra ezberdinak eskaintzen. Orain aldiz, lehen entsaioa egiten dugunean ezagutzen dugu elkar. Beti sortzen da kezka pixka bat: zuzendari berria, lankide berriak, musikari berriak…, dena da berria. Estreinaldian berriz, egun askotako lana erakusteko garaia iristen da, eta horrek ere urduritasuna sortzen du.

Ikasketa ordu asko eskatzen al dizkizu zure lanak?

Kantuari ezin dizkiogu nahi hainbat ordu eskaini, ahotsa zaindu beharra dugulako. Lan konkreturik egiten ari ez banaiz, ia egunero abesten dut, baina produkzioren batean lanean ari naizenean, bi egunez behin abesten dut, gehienez ordu eta erdiko saioa eginez. Horrez gain, garrantzitsua da interpretatu behar duzun pertsonaia ondo barneratzea, eta horretarako ezagutu egin behar duzu. Irakurri, entzun, partiturak begiratu, testuak ikasi…, beti dago egiteko zerbait.

Interpretazio dramatikoa aipatu duzu. Non eta nola ikasi duzu antzezten?

Musikenen erakutsi ziguten interpretatzen eta baita eszena lirikoak lantzen ere. Bestalde, La casa de Bernarda Alba bezalako produkzio batean lan egin behar duzunean, zuzendariak asko laguntzen dizu. Entsegu asko egiten ditugu pertsonaiak ahalik eta modu egokienean antzezteko. Operan pixka bat denetarik egiten jakin behar da; abestu, antzeztu…, eta horrek prestakuntza handia eskatzen du.

Alde horretatik, erronka handia dut aurrean. Datorren urtean Guridiren El Caserio-n parte hartuko dut eta paper komiko bat egitea egokitu zait. Ez dut sekula horrelakorik egin, eta erronka handia izango da niretzat. Dramatikoa errazagoa dela iruditzen zait. Ikusiko dugu nola moldatzen garen. Juan Jose Menak zuzenduko du, eta oso pozik nago.

Nola datorkizu datorren urtea lan arloari dagokionez?

Ba ezin naiz batere kexatu. Guridiren bi obra egingo ditut: ‘El Caserio’ eta ‘Mirentxu’. Otsailetik ekainera topera ibiliko naiz, batera eta bestera. Antzokiek aurrerapen handiarekin lotzen dituzte programazioak, eta horregatik, lan asko lotuta ditut dagoeneko. Nolanahi ere, ia ziurra da gauza gehiago ere sortzen joango direla.

Gure lanbidearen punturik txarrenetakoa da ez dakizula zenbat lan izango duzun etorkizunean. Bolada batzuetan asko baduzu ere, gerta daiteke zenbait hilabetetan etxean geratu behar izatea. Produkzio batean lan txukuna egiteak ez dizu bermatzen datozenetarako deituko dizutenik, eta hori gogorra da. Abeslari asko gara, eta oso maila onekoak; zorte pixka bat ere behar da beraz. Datorren urteko agenda beteta izateak lasaitasuna ematen du.

Zein eszenatokitan sentitzen zara etxean bezala?

Estatu osoko hainbat antzokitan aritu naiz abesten, eta guztietan zaindu naute ezin hobeto. Bat nabarmentzekotan, Madrilgo Teatro Real aipatuko nuke behar bada. Oso garrantzitsua da han abestea, eta asko gustatzen zait. Bilboko Abao ere ederra da, baita Sevillako La Maestranza ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!