Herriak herriarentzat prestatutako azoka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 26a, 02:00

Azaroaren 11n azoka berezia egingo dute Adunan. Urte osoko auzolan eta elkarlana borobilduko duen ekitaldi berezia izango da.

Iazko urrian hasi ziren Uztartza atzeko soroa prestatzen. Azaroan erein zuten garia bertan, antzinako erara. Lurra laiatu zuten lehendabizi, eta gari-hazia erein zuten ondoren, guztia auzolanean. “Urte osoko prozesuaren hasiera izan zen hura. Azaroaren 11ko azoka izango da bide hori borobilduko duena. Gariak zeresana eman du, jendearen ikusmina piztu du eta aitzakia polita izan da jendea aktibatzeko eta azokaren inguruan hitz egiten hasteko”, aipatu du David Izagirre herritarrak.

Auzolana

Gariak eskatu dituen lanak egiteko, auzolan ezberdinak egin dituzte adunarrek. Jone Olasagasti zinegotziak azaldu duenez, “jende asko bildu da horren inguruan. Bideo bat ere grabatu dugu gariaren prozesu osoa bilduz. Ereitetik hasiz, ogia egiteraino. Herriaren erdiak baino gehiagok parte hartu du bideo horretan”. 1946an bildu zuten Adunan azken gari uzta. “Hura ezagutu zutenek testigantza eman dute bideoan. Testigantza horiek gorde ahal izateak balio handia du”, gaineratu du.

Herri osoak parte hartu du gariaren prozesuan. “Auzolan ezberdinetan herritar asko aritu da. Eskolako haurrekin ere txorimaloak egin genituen, soroan jartzeko”. Gariaren inguruko lanez gain, beste zenbait auzolan ere egin dute urtean zehar: “Andretegiko labadero edo ikuztegia garbitu genuen, babarruna eta artoa erein genituen, eta dagoeneko uzta biltzen ari gara…, azaldu du Davidek. Adunako gariarekin egindako ogia dastatu ahal izango da azokako egunean, baita bertako artirinarekin egindako taloak ere.

Herri azoka

Urtean zehar jasotako uzta hori saltzeko aukera ematen dute azokek, eta horixe antolatu dute Adunan azaroaren 11rako. “Adunan egiten dena erakusteko, ikusteko, ezagutzeko eta erosteko aukera eskaini nahi dugu. Herri giroko zerbait egin nahi genuen, parte hartu nahi zuen guztiak aukera izan zezan”. Herritarrek egiten dituzten edo egin izan dituzten gauza ezberdinak izango dira ikusgai: erlezaintza, labaderoan arropa garbitzea, txorixo edo odolkiak egitea, ogia egitea, arroz-esnea, garagardoa, sagardoa, gazta, loreak, antzinako autoak, usoak lumatzeko makina, denetarik izango da. Prestatutakoa saltzeaz gain, nola egiten duten bertatik bertara ikusteko aukera eskainiko dute azoka egunean. “Batzuek euren bizibidea den hura erakutsiko dute, beste batzuk, zaletasunagatik egiten duten zerbait. Badakigu jendea buru-belarri ari dela postuak prestatzen. Ziurrenik espero ez ditugun gauza asko agertuko dira postuetan. Herritarrek ilusioz hartu dute azoka eta horrek ikaragarrizko poza eman digu”, azaldu du Davidek.

Herritarrek egina

Jai handia izango da azaroaren 11koa. “Garbi genuen ez genuela ohiko azoka izaterik nahi. Herritarrok egina izatea nahi genuen. Herria zazpi gune ezberdinetan banatuko dugu eta gune bakoitzean gauza ezberdinak ikusteko aukera izango da. Modu horretan, herritarrok egiten duguna erakusteaz gain, herria bera ere erakusteko aukera zabaldu nahi dugu”, azaldu dute.

Azoka dinamikoa izango da Adunakoa. Bertan arituko dira euren produktuak lantzen eta galderak erantzuteko prest ere izango dira. “Artisau moduan egindako produktuak izango dira, sekreturik gabeak. Interesa duen edonork, bertan izango du nola egiten diren ikusi eta ikasteko aukera”. 10:00etatik 14:30ak arte, bizi-bizi egongo da Aduna. Txoko guztietan egongo da zer ikusi, ikasi edo erosia eta herriko musikariak kalejiran ibiliko dira, giroa berotzen. Postuetan egotekoak diren herritarrek, gainera, euskal jantziak izango dituzte soinean eta arlo hori ere zaintzen ari dira antolatzaileak.

Lana eta jaia

Ondo pasa eta gozatzeko eguna izango da azokakoa adunarrentzat, baina baita lanerako eguna ere. “Ahalik eta herritar gehien inplikatu nahi genituen, eta eskolarekin ere harremanetan jarri ginen. Baratzeko produktuak eskainiko dituzte, baina baita beste zenbait produktu ere: eguzki-loreekin egindako apaingarriak, urritz-makilak, errekako harriekin egindako hiruko artzain-jokoa (tres en raya)...”. Ikasturtean zehar gauza ezberdinak lantzen joateko aukera eman die azokak gainera: “Urbasara joan ziren, eguzki-loreak ezagutu eta haien inguruko lanketa borobiltzera, kamamila ere bilu zuten egun horretan. Zizurkilgo mugan dagoen Pagoako errekara irteera ere egin zuten. Gauza ezberdin asko ikasteko aitzakia izan da azoka, eta hori oso aberasgarria da guztiontzat. Atzetik datozen horiek barrutik bizi izan dute lan pixka bat eginez emaitza politak jasotzeak ematen duen poz hori. Hori zen helburuetako bat”, azaldu du Davidek.

Eskolako Berritsu irratiak ere saio berezia eskainiko du goizean zehar. “Herritar askok ez du jakingo Adunako Herri eskolak irratsaioa eskaintzen duela ostiral goizetan. Azokako egunean saioa eskainiko dute zuzenean, postu ezberdinen inguruko informazioa emanez”, azaldu dute.

Herriko postuez gain, zazpi herrialdeak ordezkatuko dituzten beste horrenbeste postu ere jarriko dituzte. “Euskal Herri osoak bere ordezkaritza edukitzea nahi genuen, eta hala egingo dugu”. Herritarrek eskainiko ez dituzte produktuak ekarriko dituzte zazpi gonbidatuek.

Autobus zerbitzua

Jai handia izango da azaroaren 11koa eta egun horretan Adunara gerturatu ahal izateko, autobus zerbitzu berezia jarriko dute, 09:30etatik aurrera. “Autoetan gerturatzerik ez da izango, baina etengabe gora eta behera ibiliko den doako autobus zerbitzua izango da martxan. Goizean hasi eta arratsalderarte, uneoro egongo da herrira gerturatzeko aukera”. Autoak uzteko guneak prestatuko dituzte, Irizar lantegiaren atzeko aparkalekuan, Uparan eta Urtaki industriguneetan.

Informazio guneak

Adunako bi sarreretan, informazio guneak jarriko dituzte, gune bakoitzean zer dagoen azaltzeko. Guztira 48 postu izango dira ikusgai, eta informazio gune horietan emango dute haien kokapenaren inguruko berri zehatza. “Edalontziak eskuratzeko aukera ere eskainiko dugu. 1,5 euroren truke erosi ahal izango dira egun horretarako bereziki prestatutako edalontziak. Izan ere, Azokako zenbait postutan eskainiko diren edariak eskainiko baitituzte”.

Herri bazkaria eta dantzaldia

Eguerdira arte luzatuko da azokan barrena ibiltzeko aukera. Eguerdian, herri bazkaria eginez borobilduko dute eguna. Udaletxean eta Uztartzan jarriko dituzte salgai bazkarirako txartelak. 15 euro ordaindu beharko dute helduek, 8 euro haurrek eta azaroaren 7ra arte egongo dira salgai.

Bazkariaren ondoren, Errebal taldeakin dantza saioa egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek. “Azoka egunean lan egitea egokituko zaigu, baina festarako eguna ere izan behar zuela pentsatu genuen. Nahi duenak, dantza saioa egin ahal izango du”, azaldu du Jonek.

Bideoa

Adunar askok eta askok hartuko dute parte azokan, era batera edo bestera. “Postuetan gaudenok ez dugu azokaz gozatzeko aukerarik izango. Bideoz hartuko dituzte egun horretako irudiak eta azaroaren 15ean eskainiko dute, herritarrok ere azoka ikusteko aukera izan dezagun”, azaldu dute.

Prestaketa lanetan buru-belarri murgilduta dabiltza adunarrak, baina bada inork kontrola ez dezakeen aldagai bat; eguraldia. “Eguraldi txarra eginda ere, azoka martxan izango da. Herriko aterpeak aprobetxatuko ditugu, eta karpak ere ekarriko ditugu. Eguraldiak laguntzen ez badu ere, gozatzeko moduko ekitaldia izango dela uste dugu”, diote umoretsu.

Landarbaso abesbatza, urriaren 26an
{{IMG-41991}}

Entzunaldi irekia eskainiko du Landarbaso abesbatzak Adunako elizan, urriaren 26an. Emanaldi berezia izango da, izan ere, Tolosako Abesbatza lehiaketan aurkeztuko dituzten lanak eskainiko baitituzte bertan. Maila ikaragarriko abesbatza da Errenteriako Landarbaso, nazioarteko mailan hainbat sari irabazia.

Adunan abiarazi duten ‘Kultur zirika’ egitasmoaren baitakoa da Landarbaso abesbatzak eskainiko duen saio irekia. Urriaren 26an, 20:30etan hasiko dute saioa, musikaz gozatzeko aukera paregabea eskainiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!