Joxe Arregi plazako aterpea martxan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 22a, 02:00

Joxe Arregi plazako estalpea egiteko lanak hasi dira eta bi hilabetetan egitea aurreikusten da. 178.000 euroko kostua izango du aterpeak.

Eguraldi euritsua denean jolasean ibili edo lasai egoteko gune zabala izango du laster Joxe Arregi plazak. Horretarako, 320 metro karratu inguruko azalera duen estalpea jartzen ari dira bertan. Egitura berriari esker, jolaserako aukera berria izango dute haurrek  aste gutxi barru eta plazako eserlekuak ere estalita geratuko dira. Auzoko jaietarako ere aukera gehiago eskainiko ditu estalpe berriak, euritik babestuta gozatzeko gune berria sortuko baita.

Oinarriak jarrita

Plaza berria egin zutenean, aurreikusi zuten estalpea non jarri eta dagoeneko jarrita daude beharrezko oinarriak. Joxe Mari Luengo alkateak azaldu duenez, “ez dira ikusten, baina lan horiek eginda daude. Horrek errazagoak egingo ditu estalpearen egitura bera jartzeko lanak”. Eserlekuak dauden ingurua da estaliko duten gunea, babesean lasai egoteko aukera emango duena. Metakrilatozko xaflen bidez osatuko dute estalkia. “Altuera ezberdinetan jarriko dituzte xafla horiek, eguzkitik eta euritik behar bezala babesteko”, azaldu du Joxe Marik.

Atzerapenarekin hasi dira estalpea egiteko lanak. Erreka edo ibai batetik 100 metro baino gutxiagora dagoen edozein eremutan lanak egiteko, Ur agentziari baimena eskatu behar zaio. Behin behineko txostena aldekoa izan zen, baina behin betikoa iritsi arte ezin izan dituzte lanak hasi. Iraila amaieran ekin zieten lan horiei.

Parkea, toki berean

Joxe Arregi plazako haurren parkea gaur egun dagoen toki berean utziko dute. Lehendabiziko proiektuan haur parkea estalpearen azpian babestea aurreikusi bazuten ere, “horrek asko mugatuko luke gune estaliaren erabilera. Festetako ekitaldiak antolatzeko ia tokirik gabe geratuko ginake eta, azkenean, haur parkea orain dagoen toki berean uztea erabaki genuen”, azpimarratu du.

Mailegurik ez

2018ko aurrekontuetan sartutako inbertsio nagusia izango da plazako estalpea. Aurreko urtetan lan hori egiteko mailegu bat eskatzeko aukera jarri izan dute mahai gainean, “baina egoerak ez zuen hori gomendatzen. Azkenean, aurtengo aurrekontuetan sartzeko aukera izan dugu”, gaineratu du alkateak. Hauxe izango da aurrekontetako inbertsiorik nagusiena lehiaketa publikoa irabazita Portico y Gestion enpresak egingo ditu lanak.

Negurako prest

Lanek irauten duten bitartean, hesituta egongo da plazaren zati bat segurtasunagatik. Irailean hasi zituzten lanak eta dagoeneko jarrita dago metalezko oinarria. Herritarren ikusmina piztu du egitura sendoak. Datozen asteetan guztiz amaituko dituzte lanak eta gunea guztiz erabilgarria izango da berriz ere. Neguaren gordina iristerako, beraz, Joxe Arregi plazak estalpea izango du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!