Pello Errota sariketako finala, urriaren 20an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 19a, 02:00

Gaztelumendi, Laskoz, Azpiroz eta Lizaso iritsi dira finalera. Iturri-Ondo jatetxean ospatuko da finala, eta bertso saioa 23:00ak inguruan hasiko da.

Sarrera guztiak agortu dira Pello Errota Bertsolari Sariketako finala ikusteko. Bertso-afaria formatuan antolatu  dute finala, eta 100 lagun inguruk afalduko dute Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean, urriaren 20an. Afarira joateko txartelik gabe geratu direnek aukera dute bertso-saiora joateko. Saioa 23:00ak inguruan hasiko dela aurreikusi dute antolatzaileek. Sarrera doan da, baina nahi duenak borondatea eman dezake gastuak arintzeko. Ez da ohiko bertso txapelketa. 2019an 100 urte beteko dira Pello Errota hil zela, eta horregatik antolatu dute lehen aldiz bere izena daraman bertsolari sariketa. Berezitasunak ere baditu. Izan ere, 25-35 urte bitarteko bertsolarientzat pentsatutako saioak dira. Haritz Mujika Asteasuko kultur zinegotziak eta Harituz elkarteko kideak adierazi duenez, “16-25 urte bitartekoek nahiko plaza eduki ohi dituzte bertsotan aritzeko, baina helduagoentzat lau urtez behin ospatzen da Gipuzkoako txapelketa edota Euskal Herrikoa, eta ondorioz, bigarren planoan geratzen dira. Horiei ere bertsotan aritzeko aukera eman nahi izan diegu, eta erantzun ederra eman digute”.

4 gizonezko finalean

Lau iritsi dira final handira: Unai Gaztelumendi, Eneko Laskoz, Asier Azpiroz eta Beñat Lizaso. Emakumerik ez da finalera iritsi, baina iritsi diren laurek lan txukuna egin dutela adierazi du Mujikak. “Egia da emakumeren bat egongo balitz finalak beste kolore bat edukiko lukeela, baina finalean daudenak merezimendu osoz iritsi dira, eta ziur naiz saio ederra eskainiko dutela”.

Aurrez bi kanporaketa ospatu dituzte. Zizurkilen izandako saiotik Azpiroz eta Lizaso igaro dira finalera. Mujikaren ustez, zalantzarik ez zegoen finalera horiek igaroko zirela. Bigarren kanporaketa Anoetan ospatu zen. Bertan lehia estuagoa izan zen, eta epaileek zailagoa izan zuten erabakia hartzea. Hala ere, antolatzaileak pozik daude epaileek egindako lanarekin.

Mikaela Elizegi

Pello Errota omentzeaz gain, bere alaba Mikaela Elizegi ere gogoratu nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, bera arduratu zen aitaren bertso-zaharrak eta kontakizunak biltzeaz eta herritarren eskura jartzeaz. Hori dela eta, bertso onenaren sariari Mikaela Elizegi izena eman diote. “Sariarekin keinu bat egin nahi izan diogu Mikaela Elizegiri eta garai batean biltze lanetan aritu ziren emakumeei”, azaldu du Mujikak.

Saioaren nondik-norakoak

Bi zati edukiko ditu saioak. Lehenengoan, ondorengo lana egin beharko dute lau bertsolariek: agurra, bertso bana ofizioka zortziko handian eta beste bat zortziko txikian, hiruna bertso elkarri erantzunez, binaka ofizioka seiko motzekoan eta amaitzeko hiruna bertso kartzela gaitzat hartuta. Puntu gehien biltzen dituzten bi bertsolariak igaroko dira buruz burukora, eta honako lana egin beharko dute: hiruna bertso hamarreko txikian ofizioka, puntuka hamar bertso osatu arte egoera batean jarrita eta bukaerako bertso bana. Lan horiek amaitzean erabakiko dute epaileek nor izango den txapelduna, baita Mikaela Elizegi saria nork eskuratuko duen ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!