Mendizale gazteen egun handia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 18a, 02:00

Urriaren 21ean, Amasa-Villabona mendizale gaztez beteko da. Finalistaren eguna ospatuko dute bertan, Aizkardi mendi taldeak antolatuta.

Gipuzkoako ikastetxe eta mendi elkarteetako neska-mutilei zuzenduta dago Finalistaren eguna. Mendizaletasuna sustatu eta jai giroan mendiaz gozatzea da helburua eta Gipuzkoako Mendi Federazioak jarri zuen martxan duela 31 urte. Gipuzkoako herri ezberdinek izaten dute ekitaldia antolatzeko ardura, eta aurten, Amasa-Villabonako Aizkardi mendi taldeari egokitu zaio.

Bigarrenez

Mendi Federazioak egiten du antolakuntza nagusia: “Urtero, herri ezberdinean ospatzen da Finalistaren eguna, eta herri horretako mendi elkarteak izaten du ibilbidea prestatu eta eguneko zereginak bideratzeko ardura. Aurten Aizkardiko kideok egingo ditugu lan horiek. Aurrez ere, beste behin antolatu genuen Finalistaren eguna eta gure bailarako haurrei zuzendutako beste mendi irteera bat ere antolatu izan dugu”, azaldu du Aizkardi taldeko Maddi Bengoetxeak. Finalistaren eguna antolatzea, beraz, ez da gauza berria Aizkardiko kideentzat.

Bi ibilbide
{{IMG-41979}}

Goizeko 09:00etan abiatuko dira haur eta gaztetxoak Villabonako Errebote plazatik. Arratzain aldera joango dira mendizale gazteak, euren arduradunekin. Bi ibilbide dituzte aukeran. Ibilbide luzeak 13 kilometroko luzera du. Arratzainera igota, Borda baserriaren albotik pasa eta Lasturrera joko dute ibiltariek. Handik depositura eta kanal handietara joan ondoren, Komizar parketik pasa, eta Aranerrekan barrena itzuliko dira Villabonako plazara. “Lau ordu eta erdi, edo bost ordu inguruko ibilbidea dela kalkulatzen dugu, nahiz eta hori ibiltarien erritmoaren araberakoa ere baden. Parte-hartzaile guztiek eguerdirako bukatu beharko dutela kontuan hartuta, komenigarria izango litzateke ibilbidea garaiz xamar hastea”, azaldu du Bengoetxeak.

Adin ezberdinetako haur eta gaztetxoek parte hartuko dute eta, ibilbide laburragoa ere prestatu dute Aizkardiko kideek. Hura aukeratzen dutenek, Mandabietako bidegurutzean Komizar aldera hartu beharko dute. Guztira 9 kilometroko luzera du ibilbide laburrak eta hiru ordu eta erdian egiteko modukoa dela azaldu dute Aizkardiko kideek.

Lehiarik gabe

Eskolarteko lehiaketa gisa aurkezten dute Finalistaren eguna, “baina argi esan nahi dugu ez dela lehia, mendi irteera baizik. Bakoitzak bere erritmoan egingo du ibilaldia, presiorik gabe eta gozatuz. Eguraldi ona izango dugula iragartzen dute aurreikuspenek, beraz, gozatzeko moduko goiza izango dela uste dugu”.

Ehunka haur

Jende ugari elkartu ohi da Finalistaren egunaz gozatzeko. “Kopurua jaitsiz joan da azken urtetan, baina hala ere, haur eta heldu kopuru polita biltzen da. Iaz, 500 haur inguru elkartu ziren. 300 helduk ere parte hartu zuten iazko edizioan, irakasle eta guraso. Eguraldi txarra izan zutela ere jakinarazi ziguten, beraz, pentsatzekoa da horrek ere baldintzatuko zuela parte-hartzaile kopurua”. Izan ere, ikastetxe bidez antolatutako mendi irteera baita Finalistaren eguna. “Ikastetxeetan ematen dute izena gaztetxoek. Izena emanda dauden haur guztiek izango dute ibilaldian parte hartzeko aukera, adin muga zehatzik gabe. Ikastetxe bakoitzak jakinarazten digu zenbat haur gerturatuko den. Izen-ematea martxan dago eta oraindik zenbaki zehatzik ez badugu ere, badakigu jende kopuru polita gerturatuko dela”, jakinarazi dute. Ikastetxe bakoitzeko haurrak euren arduradunekin gerturatuko dira, eta taldean egingo dute ibilbidea, elkarrekin.

Antolaketa

Haurrei zuzendutako mendi ibilaldia izanik, antolaketa lan berezia eskatuko du urriaren 21eko mendi ibilaldiak. “Autobusez eta trenez gerturatuko dira parte-hartzaile asko. Antolaketa taldeko kideak egongo dira geltokietan, jendea Errebote plazara bideratzeko. Autoak aparkatzeko tokiak ere prestatuko dira, nahiz eta garraio publikoan gerturatzeko gonbita luzatu dugun”. Aizkardi mendi taldeko hamabost kide inguru ari dira antolaketa lanak egiten baina egunean bertan, berrogei pertsona arituko dira bolondres lanetan: “Haurrak dira parte-hartzaileak eta bidegurutze gehienetan jarri beharko dugu norbait, bidea erakusteko”.

Opariak

Ibilbidea amaituta, opariak jasoko dituzte parte-hartzaileek. “Iritsi ahala, ikastetxe bakoitzeko ordezkariren batek guregana gerturatu beharko du. Laguntzaile ezberdinek emandako materiala izango dugu, opari gisa emateko. Oraindik ez dakigu zenbat parte-hartzaile izango den eta horren arabera egingo dugu banaketa”.

Gonbita

Amasa-Villabonako mendi inguruak haur eta gaztetxoz beteko dira urriaren 21ean. “Goizeko 09:00etan hasiko da mendi irteera, baina lehentxeago iristen direnek ere zabalik izango dute abiatzeko aukera”. Norberak ekarri beharko du bere hamaiketakoa eta noski, txukuntasuna zaintzea eskatuko dute. “Hortik aurrera, goza dezatela mendiaz. Inguruko herrietako gaztetxoak animatu nahi genituzke, bestalde. Aurten eskualdean egokitu zaigu Finalistaren eguna, eta igande goiza pasatzeko aukera polita da”, aipatu dute Aizkarditik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!