Itxura eraberritua edukiko du hilabete batzuk barru Asteasuko plazak. Oinezkoei eman nahi zaie lehentasuna, eta horregatik egingo dira egokitze lanak. Gainera, herriko hiru eraikin nagusietara −Udaletxea, kiroldegia eta kultur etxea− oinez joatea erosoagoa suertatuko da. Obraren ardura Sasoi Eraikuntzak S. L. enpresa nafarrari esleitu zaio.
Harria erabiliko da plazako zorua estaltzeko. Alde batetik, herriaren identitatea mantentzeko eta bestetik, material gogorra eta iraunkorra delako. Pili Legarra Asteasuko alkateak adierazi duenez, “plaza egokitzeko aukeratutako materiala asko zaindu da. Eta herritarren proposamenak ere kontutan hartu ditugu”.
Bi fase
Bi fasetan gauzatuko da obra. Abendura bitartean, azpiegitura guztia aldatuko da (ur hoditeria, argindarreko hoditeria...). 2019an zorua estaltzen hasiko dira, eta ondoren, plazako osagarriak ipiniko dira, hala nola eserlekuak, zuhaitzak, farolak...
Apirilean parte-hartze prozesua jarri zuten martxan, plazako lanen inguruan herritarren proposamenak jasotzeko. Herritarren parte-hartzea ez zen oso altua izan, baina, hala ere, bilera irekietara hurbildu ziren herritarrek proposamen interesgarriak plazaratu zituztela esan du alkateak. Proiektuan sartu dituzte proposamen horiek.
Kale Nagusirako sarrera, mugatua
Kale Nagusian garajeak edota dendak dituzten bizilagunek ibilgailuekin sartzeko aukera edukiko dute. Kalearen hasieran pibote bat ezarriko da, baina oraindik ez da erabaki zein den horretarako sistemarik egokiena. Errekabailarara doan errepidea desagertu egingo da, eta berria egingo dute Lamitegi aldetik. Erdia Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuen, eta beste erdia Udalaren esku joango da. Urtarrilean edo otsailean ekingo zaio errepide hori bukatzeari.
Diru-laguntzak
Udalak ez du mailegurik eskatu beharrik izan plaza egokitzeko lanetarako; obra hasterako, bilduta zuen dirua aurrezpen fase gogorra gauzatu ostean. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzatik lehen faserako 241.000 euroko laguntza jaso du Udalak. Bigarren faserako berriro ere eskatuko dute diru-laguntza. Modu horretan, herriak dituen bestelako beharrei erantzuteko aukera edukiko du Udalak.
Gabonetako ekitaldiak
Gabonak iristeko bi hilabete baino ez dira falta, eta herriko plaza puntu garrantzitsua izan ohi da egun horietako ospakizunetarako. Ezarriko den lehen hormigoi kapa zapaltzeko moduan egonez gero, bertan burutu ahalko dira zenbait ekimen. Gainontzean, Usarrabi frontoian ospatuko dira gabonetako ekitaldiak.
Pazientzia
Obra guztiek sortzen dituzte arazoak eta enbarazuak. Horregatik herritarrei “pazientzia” eskatu die Pili Legarra alkateak.
Gaineratu du momentu puntualen batean obra burutuko duen enpresa prest agertu dela aldi baterako bideren bat irekitzeko, beharrezkoa izango balitz.
Bestetik, plazako eremu itxira ez sartzeko aldarria egin du Legarrak: “Segurtasunagatik itxi da plaza, istripuak saihesteko helburuz. Beraz, ez dadila inor bertara sartu”.