Egun hartan kantatutako zenbait bertso-ale ikusi eta entzun litezke. Hona bertsolariak eta gaiak:
* Amets Arzallus eta Alaia Martin kantari. Gaia: “Anai arrebak zarete, eta berri bat jaso duzue: zuen anaia eskizofrenikoa da. Ez da kapaz bakarrik bizitzeko eta Agifesekin egiten du eguna. Elkarte horretan bazkide egiteko orriari begira zaudete”.
* Jon Maia kantari. Gaia: “Urte asko pasa dira, baina irisi da urriaren 15a eta epaitegietara zoaz”.
* Jon Maia eta Aitor Mendiluze kantari. Gaia: “Zer distantzia dago belarrimotzetik belarriprestera?”.
* Jon Maia eta Amets Arzallus kantari. Gaia “Bikote zarete, kazetariak, baina zuen harremanak ez du teleberri batek baino gehiago iraun”.
*Jon Maia eta Sustrai Colina kantari. Gaia. “Pertsona berbera zarete. Pertsona horrek trastorno bipolarra dauka. Sustrai pertsona horren alde iluna da, eta Jon alde euforikoa”.
Hiru gai jarrita, bertso bana:
* “Euskal selekzioa”
Sustrai Colina:
Agintariak zertan dabiltza
beti kirola sustatzen.
Urtean behingo paripeekin
ez ote dira nazkatzen
Ate batean bi gol sartzeak
ez du herri bat askatzen,
eta gainera, zer nahi duzu,
futbola etzait gustatzen.
Jon Maia:
Ja ofizialak izatekotan
falta zaizkigu bi urte,
eta ze ondo sarrerak ere
gratis eman dizkigute.
Venezuela ez da ekipo handi bat
hori badakizu zuk ere,
baina Frantzia etorrita ere
irabaziko genuke.
* “Euskal Herriko pinuak”
Sustrai Colina:
Garai batean pinuz beteak
mendi magalen zatiak.
Ta orain berriz atera behar
ditugu musu zapiak.
Eboluzio ta aurrerapenak
horren dira basatiak.
Lenik pinua galduko dugu
ta ondoren gizakiak.
Jon Maia:
Badakigu gizakia
pinutik erori zena.
Pertsona bilakatuta
munduetatik barrena.
Ta ze polita marroia
uda hontako eszena.
Aurten sekula baino lenago
iritsi da udazkena.
* “Gaurko menua: babarrunak, txuleta eta mamia”.
Sustrai Colina:
Babarrun gehitxo jaten denean
ondoren puzker festa maiz.
Txuleta, berriz, egiten die
zain eta arteriei gaitz.
Mamia, berriz, baietz serbitu
gutxi eginda erre usaiz.
Nahi duzuena afal zazute,
ni begetarianoa naiz.
Jon Maia:
Ni begetarianoa naiz
baina beti ere, segun.
Eta katalogo honek
ene! ze argazki album.
Babarrunekin pentsatzen dezu
egingo dezula ai bum!
Baina eskerrak mamiarekin
dena bajatuko zaigu.
“Zubi luzea dator, eta familia guztia autoan sartuta, Landetara doa”.
Sustrai Colina:
Gu euskaldunak ginela baina
espanolitoak gara.
Pilarikaren eguna heldu,
jaia hartuta Landetara.
Trasto guztiak kabitzekotan
nahiz eta amona laga.
Jada semea galdezka hasi da,
“aitatxo, zenbat falta da?”
Jon Maia:
Bi loro, sei haur eta txakur bat
denak txoko ilunean.
Aiton-amonak ere ez doaz
oso modu txukunean.
Bederatzi bat elkartu gara
gure Renault lagunean.
Behintzat kontrolik ez da egoten
Pilarika egunean.