Euskaraldia martxan jartzeko egitasmoa lan munduan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 15a, 02:00

DanobatGroup kooperatiba taldea egitasmoan murgildu da. Tartean da Latz enpresa andoaindarra.

Euskaraldia ekimenari ekarpena egin nahi izan diote DanobatGroup kooperatiba taldean. Tartean da Gudarien etorbidean egoitza duen Latz kooperatiba.

Urriko lehen astea entsegu modukoa izan da
Urriko lehen bost egunetan izena emateko aukera zabaldu zuten. Kooperatibak ohar bidez zabaldutakoaren arabera, langilegoaren ia erdiak ekimenarekin bat egin du: “493 lankideek Ahobizi edo Belarriprest rolak aukeratu dituzte. Bakoitzak hartu duen konpromisoaren arabera jokatu du bost egun horietan, laneko testuinguruan ohikoak diren egoera guztietan. Guztira 1000 langile inguru dira taldean eta Euskaraldian izena eman duten 493 lagunetatik 395k Ahobizi izatea aukeratu dute eta 78k Belarriprest”.

Prestaketa-lanetan 48 lankidek parte hartu dute, eta ondoren eragile gisara aritu dira langileen artean dinamikaren zabalkundea egiten.

Kooperatiba taldean pozarren daude egun hauetako esperientziarekin: “Oso positiboa izan da, elkarren arteko hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela ikusi baita. Euskarazko elkarrizketa gehiago entzuteaz gain, elkarrizketa elebidunak ere uste baino naturalago gertatu baitira”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!