EH Bilduk egoitza zabaldu du Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 15a, 02:00

EH Bilduk egoitza zabaldu du Zumea kalean, koalizioari eta herri mailako mugimenduei zabaltzeko asmoarekin. Irekiera ekitaldian hizlari lanetan Maddalen Iriarte eta Ana Carrere aritu ziren. Alkateak agurra iragarri zuen bere adierazpenean.

2019ko Udal hauteskundeei begira jarrita daude alderdi politikoak, eta azken zortzi urte hauetan alkatetza duen EH Bilduk egoitza zabaldu du Zumea kalean. Ainara Rodriguez zinegotziak asmoak eta helburuak iragarri zituen bitartean, ekitaldian bi gonbidatu nabarmendu ziren. Batetik, bihotza Andoainen duen Maddalen Iriarte Legebiltzarreko bozeramaileetakoa eta, bestetik, hirugarren agintaldira ez dela aurkeztuko iragarri zuen Ana Carrere alkatea.

Egoitza Zumea kalean
Rodriguezen hitzetan, "eztabaidarako, elkarrizketarako eta gure poz eta kezka guztiak konpartitzeko gunea izango da. Hemen landuko ditugu Andoaingo herriari eskaini nahi dizkiogun ideiak eta proiektuak".

Andoainen igarotako haurtzaroa gogora ekarri zuen Iriartek

Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu koalizioak Gasteizko Eusko Legebiltzarrean duen buruzagietakoa da. 1963an jaioa, larunbateko aurkezpen ekitaldian azaldu zuen bezala, bere haurtzaroa Andoain herriari oso lotuta dago. Egoitza berriaren irekiera ekitaldira gogotsu zetorrela adierazi zuen, eta politika orokorreko adierazpenei heldu aurretik, haurtzaroa gogoan izan zuen. Toki eta pertsona ugari aipatu zituen bere hitzalditxoan, bertan zirenek atsegin handiz entzun zutena:"Oso pozik nago Andoainen. Zuetariko batzuk jakingo duzue, gazteenek beharbada ez, baina ni erdi andoaindarra naiz. Jexux beterinarioaren biloba, Andoainen sortu zen maitasun istorio baten ondorena. Maitasun istorio askok bezala, oso alderdi gozoak izan dituena eta alderdi latzak ere izan zituena, baina oraindik ere irauten duen maitasun istorio baten ondorena naiz.

Kale Nagusiko hogeita hamabosgarren zenbakian bizi zen gure amona, eta ni patinete gorri batean ibiltzen nintzen Carretera Generaletik Santa Krutzera. Bitartean harrapatzen nituen Ino, Estankoa, Drogeria, Arratibeleneko okindegia,... baita Patroi, Esther, Truchuelo eta gainerako guztiak.

San Martin elizan, Goikoplazan, egin izan dira gure familiako ezkontza eta hileta gehienak. Eta Santa Krutzen, batez ere komunioak. Esango nuke, Agur Gurutze Santu kantatzen ere badakidala, asmatuko nukeela, baina badaezpada ez dugu froga hori egingo.

Ezagutu ditut Oria ibaian uholde izugarriak, herri hau hainbeste aldiz suntsitu dutenak. Ezagutu dut Oria ibaia marroi-marroia zenean, esnegaina bezalako apar zikin haiekin. Ezagutu ditut Leitzarango estropadak, ezagutu dut Allurralde kiroldegi ingurua irla zenekoa, eta zenbat buelta eman ote ditudan kale hauetan... Colorín y sus muñecos hona gertu etortzen zen, oker ez banago. Batera eta bestera, Leitzaran aldera edota Berrozpe aldera joanez, Ama Kandida nor zen jakin nuen. Urte oso zoriontsu batzutan, nire inkostzientzian, tartean oso urte gogorrak zirelako eta sufrimendu handia zegoelako. Amona Mercedesen bitartez, ezagutu nituen Rikardo Arregi eta Martin Ugalde. Gure amonak asko maite zuen Martin Ugalde, eta Arregitarrak ere bai. Pantxika Izagirre ere amonaren laguna zen, niretzako amona Pantxika zen bera, eta bere etxeko eskaileretan gora eta behera ibiltzen nintzen.

Herri honetan beste hainbat gizon eta emakumerekin batera, ederki sufritutakoa zen amona Pantxika bera ere. Beraz, honela ezagutu nuen Andoainen kalean gora eta kalean behera herri honen askatasunerako grina ere. Horregatik segitzen dugu askatasuna aldarrikatzen, ez dugulako eta nahi dugulako, merezi dugulako eta behar dugulako. Martin Ugaldek esaten zuen bezala, denon askatasunak egiten gaituelako libre".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!