Desafioari ekiteko 50 altxaldi eman dizkiote 100 kiloko zilindroari, 25 kirolari bakoitzak; Telleria anaiak izan dira nagusi saio horretan. Aurreikusmenak bete dira, hortaz, harrijasotzaileak baitira biak ere; 03:20ko denboran bete dituzte lanak. Irazustabarrena eta Gabirondok, berriz, 05:18ko denboran aritu dira lanean.
Lasterka ere Telleriatarrak aurkariak baino azkarxeago aritu dira; 27:02etan egin dituzte 6 kilometroak. Irazustabarrenak eta Gabirondok minutu eta erdi gehiago behar izan dute distantzi berbera egiteko.
Azkenik, 700 metro karratuko lur saila ebakitzea geratu zaie desafioan nor den gehiago erabakitzeko. Telleriatarrek hiru minutu eta 29 segundu lehenago heldu diote sega jokoari. Baina ez dute aski izan abantaila hori; aurkariak segalari trebeak dira eta hortxe erakutsi dute nagusitasuna.
Azken emaitza, hona:
Suarri Irazustabarrena eta Julen Gabirondo: 47:49 minutu.
Urtzi eta Beñat Telleria: 48:54 minutu.
Esan bezala, desafio ikusgarria eskaini dute lau kirolariek, indartsu eta lehiakor aritu dira desafio guztian, eta Xoxokako inguruak lepo jarri dituzten herri kirol zaleek gozatu ederra hartu dute. Herri kiroletarako afizioa eta grina pizten duen horietakoa izan da Xoxokan bizitu den desafioa.