Elkarretaratzea egin dute, lan istripua salatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 11a, 02:00

Herritar asko bildu da Zizurkilen, gehiengo sindikalak deituta egindako elkarretaratzean. 46 urteko zizurkildarra hil zen igandean, larunbatean izandako lan istripu larriaren ondorioz. Txalo artean amaitu dute elkarretaratzea bertaratu direnek. ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek hitza hartu dute elkarretaratzearen amaieran:
[Bideoa]

Haize Mendia, LAB sindikatua: "Gaur elkartu gara gehiengo sindikalak deituta, larunbatean gertatuako lan istripua salatzeko. Istripu horren ondorioz, Zizurkilgo herritarra hil zen igandean. 2018 urte honetan hiltzen den 57. langilea da eta nahikoa dela esateko bildu gara. Zenbaki hauen atzean pertsonak eta familiak daude,  suntsituta geratzen diren 57 familia. Honi gehitu behar diogu egunero 287 lan istripu gertatzen direla. Uste dugu gaia agenda politikoan sartzeko eta gobernuak neurriak hartzen hasteko garaia badela. Bizitza kokatu behar da erdigunean, interes ekonomikoen gainetik. Nazkatuta gaude, prekarietatea dago honen atzean eta bada neurriak hartzeko garaia, posible baita istripuak ekiditea".

Izaro Mujika, ELA: "Hau erabaki politiko batek ondorioa da. Erabaki politikoa da prekarietatearen aurrean neurririk ez hartzea. Eusko Jaurlaritzak ez du neurririk hartzen eta langileen bizitzaren gainetik, beste hainbat gauza bermatzen ditu. Gure aldarrikapena, horrelako kasuetan, lakra hori aurre egiteko politika errealak martxan jartzea da. Benetako lakra soziala bilakatu da hau eta beste interes batzuk alde batera utziz, gai hauetan interesa badute, erakutsi dezatela eskatu nahi diegu. Beste azpiegitura batzuetan dirua xahutu beharrean, euren eskuetan dago arazo honi aurre egitea".

Osalanek dagoeneko ofizialki onartu du lan istripua izan zela larunbatekoa. Haize Mendiak adierazi duenez, "horrelako kasuetan, automatikoki ikerketa martxan jartzen du. Fase hori irekita dago eta aurreinforme bat bidali digute, laburki istripua nola izan den azalduz. Hala ere, kontuan hartu behar da ikerketa zabalik dagoela eta aurrerago jakingo dugu istripuaren arrazoiak zein izan diren.  Horren arabera ardurak izendatuko dira eta neurriak eskatu beharko ditugu berriz ere ez gertatzeko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!