Amasako Mendiduatloiaren edizio berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 10a, 02:00

Eneko Gurrutxaga buru-belarri dabil egunotan Amasako Mendiduatloiaren antolaketa lanak amaitzen. Euskal Herriko duatloi zirkuituan murgilduta ere badabil amasarra.

Urriaren 20an egingo dute Amasako Mendiduatloiaren hogeita seigarren edizioa. Euskal Herrian horrelako kirol proba bat antolatzen lehendabizikoetakoak izan ziren amasarrak, eta eusten asmatu dute. Euskal Herriko Zirkuiturako puntuagarria da Amasako duatloia, maila oneko kirolariak gerturatzen dira, beraz.

Aurten, larunbatarekin

Aldaketa nagusi bat dakar aurtengo edizioak. Eneko Gurrutxagak azaldu duenez, “urtero-urtero igandearekin egin izan da Amasako Mendiduatloia. Aurten ordea, Aizkardiko mendi taldeko kideek finalistaren eguna ospatuko dute igande horretan. Ume talde handia gerturatuko da Amasara, mendi ibilaldia egitera. Ez zitzaigun egokia iruditzen bi ekitaldi horiek egun berean egitea, eta mendi duatloia larunbatera pasatzea erabaki genuen. Jasotako erantzunaren arabera erabakiko dugu datozen urteetan zer egin”.

Antolaketari dagokionez, estuxeago ibiltzea eskatuko die aurtengo edizioak, “baina bere abantailak ere izango ditu. Mendiduatloia igandez egiten dugunean, larunbatean hasten gara zirkuitua prestatzen eta antolaketa lanak egiten. Igande goiza ere oso-osorik eskaintzen diogu probari. Asteburu osoa eskatzen digu beraz. Larunbatean eginda, goizean goiz hasi beharko dugu prestaketa lanetan. Arratsaldean proba amaitzen denean, txukunketak egin, eta guztia amaituta egongo da”.

Euskal Herriko Zirkuitua

Euskal Herriko Mendiduatloi Zirkuituan sartuta dago Amasako Mendiduatloia, eta kirolari onenek ez dute hutsik egin nahi izaten. Alain Santamaria, Eneko Gurrutxaga eta Alexander Ordeñana dabiltza hiru lehen postuetan. “Azken orduko aldaketarik ez badago behintzat, hiruok izango gara Amasan. Hiruon arteko lehia estua izango dela iruditzen zait. Jon Erguin ere oso maila onean dabil, eta baliteke Amasako Mendiduatloian parte hartzea. Hala bada, ikuskizun polita eskainiko du hark ere”.

Emakumeen artean, Zuriñe Frutos dabil Mendiduatloien Zirkuituan lehen postuan. “Ez du areriorik. Berak irabazten ditu Zirkuituko proba guztiak”. Enekok azaldu duenez, emakumeen parte-hartzea ez da oso altua izaten. “Gutxi dira parte hartzera animatzen direnak. Nonbait ez dugu haiek erakartzeko formula egokiarekin asmatu”, adierazi du.

Antolatzaile eta kirolari

Barne-barnetik bizi du mendiduatloia Enekok. Probetan parte hartzen du, eta lehiakor gainera. Duela bi urte, esaterako, garaile suertatu zen Amasan eta beti izaten da lehen postuetatik gertu. Bestalde, antolatzaile aritzea ere egokitzen zaio. “Euskal Herriko Mendiduatloi Zirkuituko antolaketa taldean nabil. Oso gustuko dut kirol hau, eta gustura aritzen naiz saltsa horietan. Aurten, hala ere, Amasako gazteak antolaketa lanetan pixka bat gehiago sartzeko ahalegina egin dut. Ia bakarrik aritzen naiz gauzak lotzen, eta komeni da beste norbaitek ere eginbeharren berri izatea. Egunen batean nik ezingo banu, beste norbaitek ardura hartzeko modua izango du modu horretan”.

Egunean bertan, jende askoren laguntza izaten du beharrezko lanak egiteko, eta eskertuta dago Eneko alde horretatik. “Zirkuitua markatu, bizikletak uzteko eremua prestatu, mangerak jarri…, gauza asko egoten da egiteko, eta jendea laguntzeko prest egoten da beti”. Aurten, egun berean egin beharko dituzte lan horiek guztiak. Goizean goiz hasi, “hamaiketakoren bat egin, eta lanera itzuliko gara. 15:30etarako denak prest egon behar du”.

Etxeko lasterketa

Gustuko du Enekok etxeko hitzordua. “Zirkuitu tekniko xamarra da; nire gustukoa. Amasan aritzeak ez dit tentsio berezirik sortzen kirolari dagokionez. Bezperan urduri xamar egoten naiz guztia ondo lotuta eta antolatuta ote dagoen pentsatzen, baina kirol arloari dagokionez, ez dut tentsio gehiagorik sentitzen”, azaldu du.

Ikusle asko

Oso ikusgarria izaten da Amasako Mendiduatloia. Ibilbidearen zati handi bat jarrai daiteke plaza ingurutik eta kirolarien ibiliarekin gozatzeko aukera handia ematen du. Horrek, jende asko erakarri ohi du urtero. “Igandetik larunbatera aldatzeak erreparo pixka bat ematen zigun alde horretatik. Proba sortu zenetik igandez egin izan da eta jendea horretara ohituta dago. Aurtengo erantzunaren arabera erabakiko dugu datozen urteetan zer egin”. Euskal Herriko Mendiduatloi Zirkuiturako puntuagarria da Amasakoa. Enekok orain arteko proba guztietan parte hartu du, eta aurten, parte-hartzaile kopurua jaisten ari dela iruditzen zaio: “Berez ere ez da jende askok egiten duen kirola. Azken urteotan, jende gutxiago ari da lasterketatarako izena ematen. Ez dakigu zein den arrazoi zehatza. Kirola egiteko aukera ugari dago bestela ere, eta baliteke beste modalitate batzuen alde egitea. Jendea erakarri nahi dugu, baina ez dakigu oso ondo nola asmatu. Pentsatu izan dugu zirkuitu teknikoak izateak atzeratu dezakeela jendea. Zirkuitu errazagoa duten frogek ere, ordea, ez dute lortzen jende askorik erakartzea”. Amasako hitzordua gustura hartzen dute zaletuek, eta parte-hartzaile kopurua berdintsua izaten da urtetik urtera. “Horretan ere, ikusi egin behar egun aldaketak eraginik ba ote duen”.

Bakarka edo erreleboka

Hamasei urtetik gorako kirolariek eman dezakete izena Amasako Mendiduatloian. Eta hamalau urtetik aurrera, erreleboka egin dezakete. “Esfortzu aldetik, hamasei urtetik aurrera ondo egiteko moduko proba da. Hamalau urtekoentzat gehiegi izan daiteke, eta errelebotan egiteko aukera eskaintzen dugu. Duela bi urte sortu genuen formula hau. Partaideetako batek lasterka egiten du, eta bizikleten eremura iristen denean, besteari pasatzen dio erreleboa”. Aukera honek, geroz eta zaletu gehiago dituela azaldu du Enekok. “Korrika ondo dabilen pertsona bat, bizikletan iaioa den beste batekin elkartu, eta erreleboka egiten dute duatloia”.

Adunan, azaroaren 24an

Adunan amaituko da aurtengo Euskal Herriko Mendiduatloi Zirkuitua. Proba berria da Adunakoa, eta azaroaren 24an jokatuko da. “Berezia izango da Adunako hitzordua. Proba amaituta, Zirkuituko garaileei euren sariak emango zaizkie eta denboraldia amaitutzat emango dugu. Horrez gain, Zirkuituko proba guztiak amaitzen direnean, afaritxo bat egiteko ohitura dugu, eta Aduna oso egokia da horretarako. Sagardotegian ospatuko dugu denboraldiaren amaiera”, azaldu du Enekok irribarretxu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!