Herri kirolen erakustaldi polita ikusi ahal izan zen astelehenean Xoxokan, jaiei hasiera emateko. Urnietako Urtzi eta Beñat Telleria anai harri jasotzaileek eta Leitzako Jon Rekondo eta Mutrikuko Aratz Mugertza aizkolariek eskaini zuten ikuskizuna.
Bi biren aurkako lehia, Urtzi eta Jon alde batetik, Beñat eta Aratz bestetik. Aizkoran, harria jasotzen, trontzan eta korrika. Harriak jasotzeko txandan, 100 eta 138 kilotako zilindro zaharrak eta 100 kiloko kopak erabili zituzten hainbat jasoaldi egiteko. Korrika saiora nahiko parekatuta iritsi ziren bikoteak, eta plazari bikote bakoitzak 20 buelta eman ostean, gazteak, Urtzi eta Jon, irten ziren garaile segundu gutxiren aldearekin.
Ostiraleko desafioa girotzeko aproposa
Jakina, asteleheneko kirol saioan ez zen antzeman apustu edo lehia ofizialetan erakusten den grina, baina bertaratu ziren herri kirol zaletuek denbora-pasa atseginaz gozatzeko aukera eduki zuten.
Goiz-parte espeziala izan zen, ostiralerako iragarrita dagoen desafioa girotzeko. Nahikoa zabaldu baita urriaren 12rako Xoxokako plazan antolatu duten herri kirol proba.
Eguerdiko 12:00tan hasita, proba ezberdinak burutzeko elkarren lehian arituko dira Julen Gabirondo eta Suharri Irazustabarrena alde batetik, eta Beñat eta Urtzi Telleria anaiak bestetik.
Burutu beharreko lanak hauexek izango dira: 50 jasoaldi 100 kiloko zilindro zaharrari (25 kirolari bakoitzak), 6 kilometro korrika eta 700 metro karratuko lursailean segan, txanda librean.
Bi segalari eta bi aizkolari elkarren aurka arituko direnez, ez dago faborito argirik. Ikusmina, nolanahi ere, handia izango da. Eguraldiaren laguntzarekin, kirol proba bikaina izatea espero da.
Bestalde, esan behar da asteartean idi proben txanda heldu zela Xoxokako plazara. Intxarbururen eta Telleriaren idiak jarri zituzten lanean 1.700 kiloko harriarekin, 20 minutuko denboran ea nork plaza gehiago egin. Intxarbururenak nagusitu ziren lehian, nahiko erraz.