Izartxo aisialdi taldeen topaketa Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 16a, 02:00

Gipuzkoa osotik bostehun gaztetxo hurbildu ziren Andoainera, Izartxo aisialdi taldeen topaketan parte hartzera. La Salle Berrozpe ikastetxean eta herrigunean zehar gaztetxoen ospakizunaren oihartzuna hedatu zen.

Igandekoa ez bezala, larunbatekoa egun eguzkitsua izan zen.  Eta eguzkipean, Andoaingo kale eta plazatan ehunka izartxo nabarmendu ziren. Eguraldi on horrekin dir-dir berezia egiten ari ziren Izartxo aisialdi taldeko kideak, Gipuzkoa osotik etorrita. Bostehun gaztetxo eta begirale ziren denera, hainbat herri ezberdinetakoak.

Kopuru horietara iritsita, ezin haien presentzia oharkabean igaro. San Martin elizan agurra eta ospakizuna egin ondoren, Goikoplazan taldeko argazki jendetsua atera zuten.

Egun osoko ospakizuna, Andoain ardatz hartuta
Proba jolasa, bazkaria, apar festa, tailerrak, puzgarriak,... bederatzi eta hamabi urte bitarteko haurrei egun ederra igarotzeko moduko plana antolatu zieten.

Adiskidantzazko egun ederra igarota, Izartxo izena duen aisialdi talde bakoitzak bere herrian egingo ditu ia jarduera guztiak. Bakoitza bere aldetik ibili arren, La Salle ikastetxeko aisialdi taldeak elkar loturik daude. Bi urtez behin "Topaketa" izeneko lagunarteko bilkurak egiten dituzte eta, aurtengoan, Andoain izan da haien guztien topagunea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!