Antzerki tailerra abiatzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 13a, 02:00

Urriaren 19an jarriko da Urnietako antzerki tailerra martxan. Izena emateko epea luzatu egin dute, eta 18 urtetik gorako gizon-emakumeek eman dezakete izena. Ostiralero bilduko dira Saroben, 18:30etik 20:30era.

Irakasle lanetan Andoni Agirregomezkorta urnietarra jardungo da, eta antzerkiaren prozesu osoa nolakoa den ikasiko dute tailerrean izena ematera animatzen direnek.

Antzerki obra bat sortzeko prozesua erakutsiko duzu hasieratik amaierara.
Hori da. Ez da beharrezkoa antzerkiaren ezagutza izatea. Aurtengoan bi fase edukiko ditu antzerki tailerrak. Lehen fasean, aukeratuko dugun testua hartu eta ikasturtean zehar lantzen joango gara. Taldea guztiz osatzen denean aukeratuko dut testua. Bigarrenean, muntaiari emango diogu lehentasuna, eta azkeneko asteak eszenatokia prestatzeko erabiliko ditugu. Bi fase horiekin hasi aurretik, talde dinamikak egingo ditugu, ariketak nahiz jolas dramatikoak, guztiak elkar ezagutzen joan gaitezen.

Antzerkia pasioz bizi duzula esan daiteke?
Bai, niretzat antzerkia pasioa da; antzerkia behar dut nire bizitzan. Ez naiz aktore profesionala, afizio gisa hartu dut. Garapen pertsonalarekin zerikusia handia du antzerkiak. Zentzu horretan, antzerkia aurkikuntza izan da niretzat. Zure burua garatzeko balio du, baita zure barruan dagoena aurkitzeko ere. Niretzako hori da garrantzitsuena antzerkian. Horrek ar bat sortzen du zure barnean.

Alde terapeutikoa ere badu antzerkiak. Egun oso modan dagoen pertsonen alde emozionala lantzeko balio du. Horregatik tailerrean izena ematera animatzen dut jendea. Asko eta asko ez dira animatzen lotsagatik edo beldurragatik, baina probatzera gonbidatzen ditut beren alde emozional hori aurkitzeko. Antzerkiak harrapatu egiten du.

Beraz, ditugun lotsak eta beldurrak kentzeko hoberena tailerrean izena ematea da.
Guztiok sentitzen dugu beldurra edo lotsa. Antzerkiarekin emozio horiek ere lantzen dira, eta emaitzak oso positiboak dira. Ariketa ezberdinak egiten ditugu, batzuk ez dira hain errazak eta erronka da; baina erronka horiek gaindituz gero oso ondo sentitzen zara.

Eskarmentua duten nahiz ez duten ikasleak daude taldean. Nolako lanketak izaten dira hasierakoak?
Gorputzarekin hasten naiz, nire ustez errazena baita hortik hastea. Beldurrarekin eta lotsarekin apurtzeko errazagoa da gorputza erabiltzea hasieran, eta hortik aurrera gorputzak emozioetara eta sentimenduetara eramaten zaitu. Prozesu horretan azkeneko zatia hitza edota ahotsa da.

Pegagogo batek asmatu zuen hiru C-ren metafora delakoa: "Cuerpo, corazón y cerebro". Horixe da funtsean antzerkian lantzen dena: gorputza, sentimenduak eta hitza edo arrazoia.

Nola banatzen dituzu pertsonaiak?
Pertsonaien banaketa ez dakit oraindik nola egingo dugun, taldea osatzen denean hasiko gara horrekin. Lehenik, pertsonaien inguruko azterketa bat egingo dugu, ondoren pertsonaiak hartu eta gorpuzteko.

Zein hizkuntzatan izango da obra?
Hizkuntzari dagokionean, orain arte jende ezberdina izan dugu taldean: euskalduna, erdaldun hutsa nahiz erdi erdaldun erdi euskalduna. Taldea osatzean erabakiko dugu zein hizkuntza erabili, beti ere taldera moldatzen den hizkuntza izan behar da. Normalean gaztelera izaten da.

Zein adin tarteko jendea animatu ohi da antzerki tailerrera?
Orain arte nahiko jende helduak hartu du parte tailerrean. Gazteagoren bat edo beste bai, baina gutxiago. Taldea ez da guztiz osatu, eta hortaz matrikula  egiteko epea luzatu dugu. Urriaren 19an ostiralarekin hasiko gara klaseekin, 18:30etatik 20:30etara.

Herritarrei tailerrera animatzeko mezuren bat…
Tailerrak pintxo pote egunarekin bat egiten du. Klasea amaitu eta gero, trago batzuk hartzera joaten gara elkarrekin. Hori ere erakargarria suerta daiteke tailerrean izena emateko garaian [kar kar kar].

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!