"Gertutasuna da ezeren gainetik galdu behar ez duguna"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 10a, 02:00

Irailean herriko merkatu txikietan erosteko kanpaina bururtu zen Andoainen. Ormendi Kirolak dendako Izaskun Mendizabalek kanpainak herritarrengandik eduki duen erantzunaz eta garrantziaz hitz egin digu.

Merkatariek Andoainen irailean egin duzuen kanpainarekin pozik al zaude?
Ni eta inguruko merkatariak oso gustura gaude herriaren aldetik jaso dugun erantzunarekin. Askok heriotzagatik edota erreformagatik itxi genituela pentsatu zuten, baina inguruko komertzio gehienak antzeko zeudela ikusita jendea galderak egiten hasi eta kanpainarekiko interesa piztu genuen. Kanpainak balio izan du herritarra sentsibilizatzeko, baina erakusleihoak ilun ikusteak herritarrak ez ditu komertzioetara sartzera bultzatu eta hori hil bukaerako kontuetan nabarmen nabaritu da.

Erosleen aldetik aldaketaren bat ekartzea espero al duzue?
Egunerokoan ez dut beste maila bateko mugimendurik ikusten. Egia da, guk beste mota bateko gertutasuna eskaintzen duen merkataritza eskaintzen dugula, baino internet bezalako merkatu handiekin lehiatzea oso zaila da. Hala ere, nire ustean, jendea konturatu de herriko komertzioetan ez kontsumitzeak ekar dezakeenaz.

Zuk konkretuki zein mezu zabaldu nahiko zenuke kanpaina honen bitartez?
Andoainen egiten dugun lanaz ohartarazi nahi dut. Gutxiago saltzeak jendea gehiago erakartzeko lan gehiago egitera eramaten gaitu. Gure hornitzaileek ere presio erantsia sartzen digute beraien produktuak gehiago saltzen saiatzeko.
Lehen aipatu dudan moduan, herriko merkatari txikiok bezeroari eskaintzen diogun gertutasuna ezin daiteke multinazional handiekin konparatu. Ondoko harategira deitu eta mesedez biharko edozer gauza behar duzula eskatuz gero, harakinak bere esku dagoen guztia egingo du hori lortzeko. Hori da galdu ezin dugun balioa. Gertutasun hori da bezeroari eskaintzen dioguna, eta hori da ezeren gainetik mantendu eta galdu ezin duguna.

Herritarrek zer egin dezakete tokian tokiko merkataritzaren alde?
Argi dago. Herriko merkatalguneetara gerturatu eta bertan kontsumitu. Egia da ere egunerokoan asko mugitzen garela. Norbaitek kanpoan lan egiten badu, Hernanin adibidez, errazago egiten zaio lanetik atera eta Hernaniko harategi batean haragia erosi eta kotxean zuzenean etxera joatea. Azkenean inkontzienteki egiten ditugun ekintzak dira, baina guregan eragin handia dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!