Astigarragako Emarri taldeko neskek 550 kiloko harriari tiraka erakustaldi bikaina eskaini zuten. 15 minututan 33 plaza, 3 zinta eta metro bat osatu zituzten. Ondoren, Andoni Mendizabalen zaldiaren txanda izan zen. 9 urte eta 580 kilo ditu zaldiak, eta 1.000 kiloko harriarekin 68 plaza burutu zituen 20 minututan.
Ondoren, Udal pilotalekuan zesta puntako XI. Willy Etxeberria memoriala ospatu zen. Hauek izan ziren bikoteak: Unai Lertxundi-Mikel Manzisidor eta Ekaitz Mendizabal "Goixerri"-Aitor Andonegi.
Tartean indarrak hartzeko, txekor jate solidarioa eta sagardo dastaketa antolatu zuen Aizkibel harrobiak San Joan plazan. Leku berean, euskaraldian izena emateko aukera ere egon zen.