Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, hirugarren urtez jarraian, Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu. Denera hirurogeita hamar jarduera ezberdin burutuko dituzte, Gipuzkoa osoko hogeita hamairu udalerritan. Egitasmoa Andoainera eta Urnietara iritsiko da hurrengo urriaren 21ean, herrigune bakoitzean egingo den jarduera banarekin. Aurkezpen ekitaldian Denis Itxaso Kultura diputatuak aurtengo egitasmoa azaldu zuen: “Gure erronka emakumearen eginkizuna ikusaraztea da. Ondasun kulturalak sortu, zaindu eta transmititzeko garaian, beste alderdi askotan bezala, ezkutatuta edo kontuan hartu gabe egon baitira”. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo ediziorako Urnietako Udala, Manuel Larramendi Bazkuna eta Andoaingo Udala bidelagun izan ditu. Andoaingo eta Urnietako ekitaldietarako dagoeneko izena emateko aukera zabalik dago.