Lagunartean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 8a, 02:00

Aurten auzoen arteko herri kirolen ligan parte hartu duten kirolariak afarian elkartu ziren Etxeberrietako Kotoi elkartean. Sega, ingudea edota txingak albo batera utzi, eta saiheskia jateari ekin zioten mahai baten inguruan.

Andoaingo bost auzotan indarrak neurtzearekin batera herri giroa sortzea lortu dute Buruntza, Goiburu, Etxeberrieta, Santa Kruz eta Sorabillako taldeek. Partaideek elkarri zer kontatua bazuten, larunbat gauean. Ez alferrik, Andoainen urteko ekimenik azpimarragarrienetakoa izan baita auzoen arteko herri kirol lehia. Ligan zehar antolaketa lanetan ez ezik parte hartzaile gisa jardun duten Etxeberrietako Nika Murillori eta Goiburuko Miren Lopez de Munaini iritzia eskatu zien Aiurrik, gau berezi horretan.

Miren Lopez de Munain (San Esteban-Goiburu):

“Aurreneko aldia izan da bost auzoen artean horrelako mugida antolatu dela, eta gozoa da amaitu ostean niri geratzen zaidan lehenbiziko sentsazioa. Batez ere, estutu egin direlako Andoaingo auzo ezberdinetako kideen arteko harremanak, konfiantza sakondu egin delako. Azken batean, oinarri sendoa ezarri da, etorkizunean ere herri giroa pizten segitzeko.

Polita izan da zer nolako saltsa piztu den ikustea. Eta nik uste polita izan dela gutako gehientsuenak herri kiroletan aritu gabeak edo ia aritu gabeak izan garelako. Parte-hartze zabala eta parekidea izaten saiatu gara denok ere, proba honetan eta hartan fisikoki edo teknikoki trebea nor izan zitekeen gehiegi erreparatu gabe. Baztertu egin dugu kosta ala kosta irabaztera joatearen obsesioa. Eta uste dut erakutsi dugula gu bezalako hasiberriek ere ikuslea asetzeko moduko ikuskizuna eskaini dezakegula.

Buruntzako neska-mutilek irabazi dute, eta bejondeiela!

Datozen urtetan borroka latza egin beharko dugu aurten irekitako bideari eusteko edo indartzeko. Emaitza polita da, baina ez da berez etortzen den gauza, atzetik eginahal berezia eskatzen du, bilera mordoa egin, jendearekin harremanetan jarri eta asmoak azaldu...

Badago borondatea Andoaingo herritarren artean eta auzoetan giroa jartzeko, eta horixe lehen helburua dela guztiok argi daukagunez, bide onetik goaz. Hortik aurrera, antolakuntzan eta kirol mailan gauzak hobetu badaitezke, ondo etorriak izan daitezela!".

Nika Murillo (Etxeberrieta):

“Herri kirol lehia bukatuta, oso balorazio baikorra egiten dut nik. Jai Batzordeok hiru helbururekin sortu genuen lehiaketa: Andoaingo kale giroa, herri kirolak eta auzoetako jaiak pixka bat gehiago sustatzea, eta emaitzak ikusita, pozik egoteko arrazoiak soberan ditugula esango nuke.

Aurreko urteetan, Jai Batzorde guztiek ere herri kirolen inguruko jaialdiak antolatu izan ditugu, kategoriako kirolariak ekarrita. Baina ezin da konparatu ikusleen artean oraingoan sortu den ikusmin eta giroarekin. Parte-hartzaileak herrikoak izan dira eta horren bitartez senitartekoak, ezagunak, lagunak, bizilagunak..., bestela erakarriko ez zen ikusle mota hurbiltzea lortu da. Gainera, nor bere auzoko jendea animatzen aritu da, bere auzoa ordezkatzen ari zirela sentitu baitu. Lehia sanoa sortu da auzo ezberdinetako taldekideen artean, eta azkenean, aurtengo jai guztiei ukitu berezia eman die herri kirol lehiak. 

Dena ez da arrosa kolorekoa izan, dena esatera. Auzo bakoitzeko antolatzaileoi nahikoa kosta zaigu jendea erakartzea, kirol batean edo bestean parte har zezan. Gure kasuan, Etxeberrietan, akaso larriagoa izan da. Teorian, guretzat izan behar luke lanik errazena, auzorik jendetsuena delako eta bertan gazte ugari bizi delako. Baina ia kontrakoa gertatu zaigu. Ikusita dago bi errealitate bizi ditugula: batetik, bada jendea ez duena ezertxo ere jakin nahi ez jaiekin, ezta herri kirolekin eta ezta antolatzen diren ekimen herrikoiekin ere. Eta bestetik, bada jendea arrimatuko litzatekeena, baina horiek zirikatzen ez dugu asmatu. Hurrengo urtetarako erronka daukagu jarrita, ea lortzen dugun bigarren talde horretako batzuk gureganatzea.

Bestetik, esan behar da parte-hartzaile batzuk adinez aurrera goazenak izan garela, eta hori ere ez da normala. Argi dagoena da gazteek oso gutxi ezagutzen eta praktikatzen dituztela herri kirolen jarduera asko. Seguru gaude, futbol lehiaketa antolatu izan bagenu, ez genuela arazorik edukiko. Herri kirolei beldurra kentzea eta probatzea, hor dago koska. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!