‘Gerrateko ibilerak’ liburua, bertsoa lubakien artean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 5a, 02:00

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Hauspoa argitaletxe berrituaren “Gerrateko ibilerak” liburua aurkeztu berri du, Iñaki Alkain gudariaren bizitzan oinarriturik. Andoaini egindako aipamen asko daude.

Iñaki Alkain Urnietako bertsolaria izan zen, tradizio handiko familiaren katebegia. Aita Fernando oso ezaguna izan zen, eta haren bertsozaletasunari jarraipena eman zion Iñaki semeak. 1970ean, gerran bizi izandako guztia hiru liburuxkatan argitaratu zuen Auspoa sailak, Aita Zavalaren ezinbesteko lankidetzarekin.

XXI. mendean sartuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Auspoa saila Hauspoa bilakatu da. Eta “Gerrateko ibilerak” liburu hura euskara batura ekarrita berrargitaratu dute. Manuel Larramendi Bazkunaren eskutik, irailaren 25ean liburuaren aurkezpen ekitaldia egin zen Pello Esnal, Joxemari Iriondo, Xabier Andonegi eta Jon Unanueren parte-hartzearekin. Liburua 36ko gerraren inguruko agiri historiko paregabea izateaz gain, abenturazko nobela baten moduan kontatutako kronika da. 10 euroko prezioan eskuragarri dago Bazkunaren egoitzan eta baita Aiurriko erredakzio bulegoan ere.

Liburuaren aurkezpenean, Jon Unanue Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakariak argitalpenaren edukia balioan jarri zuen: “Liburu hau deituta dago gerra zibilari buruzko historiografian lekukotasuna ematen duten liburu nagusienetakoa izatera, Euskal Herriari dagokionez. Hiru liburukiak 1981ean argitaratu zirenean, Urnietan eskuz esku ibili ziren arrakasta izugarria edukiz. Gaurtik aurrera arrakasta berdintsua edo handiagoa izango duelakoan nago”.

Protagonista bat, eta bi egile

Antonio Zavala, Aita Zabala, eminentzia da XIX. mendea eta XX. mendearen lekukotzen bilaketan eta argitaratzean. Ahozko historia ondoen eta gehien bildutakoa izango da ziurrenik. Auspoaren bitartez argitaratu zituen dozenaka liburuak gaur egun ondare bilakatu dira, atzera begira jartzean ezinbesteko erreferentzia. Liburuan, nagusiki protagonista bakarra dago: Iñaki Alkain bertsolaria. Baina liburua Alkainen eta Zavalaren artean idatzita dago. Liburuan jasoa dago Zavalak berak emandako azalpena: “Bi izen-abizen liburu honen azalean. Bi lagunen lana, beraz. Horregatik, beste ezertan hasi aurretik lan hori nola egina den adierazi beharra dago. Iñaki Alkain zena eta biok, behin edo beste elkar agurtuak ginen bertso-saioren batean-edo, baina ez genuen harremanik izan, bere aita zenaren liburua prestatzen hasi ginen artean. Liburu hartan baditu Iñakik kontaera batzuk. Kontaera onak, gure iritzirako behintzat. Elkarrengana biltzen ginenean, kontu-kontari hasten zitzaidan beti. Zertara etorriak ginen jakinagatik, ez zuen hark presarik izaten. Gorabeheraren bat bazuen beti gertatu berria edo gertatu zahar, eta, hura esan artean, beste zeregin guztiek egon egin behar izaten zuten”.

Bilkura horietan Zavala Alkaini adi-adi entzuten egoten zitzaion. Ezeren gainetik, Alkain hiztun ona zelako. Eta hortxe baliatu zuen Fernando aitaren kontaerak alde batera utzi eta Iñaki semea bera protagonista bilakatzeko: “Aitaren liburua bukatu ondoren, kontatzen zekienez gero zer kontaturik ba ote zuen jakin nahirik, galdera batzuk egin nizkion Alkaini, eta berehala azaldu zen Gerra. Hemeretzi urte egin berriak zituen berak hasi zenean, eta hogei artean bete gabeak, Bilbon preso harrapatu zutenean. Gerrateko ibilerak kontatuz zerbait ere idatziko ote zuen eskatu nion orduan. Bai hark berehala baietz erantzun ere, eta egingo zuela agindu. Hurrena elkarrekin bildu ginenean, orri batzuk ekarri zituen. Orri gutxi ziren, baina gerra guztia hartzen zutenak. Liburua osatzeko, askoz gehiago behar zen noski. Baina bi gauza hauek oso garbi ikusi nituen: bata, liburua egiteko gai ederra zegoela; bigarrena, liburuaren atalak zein izan zitezkeen”. Andoain izena du lehen kapituluak, Urnieta bigarrena, eta horrela tokian tokiko gertaerak biltzen dira liburuan. Gehienak ere zirrara berezikoak, eta txundigarriak. Zavalak berak, askoren artean, hitzaurrean bat aukeratu zuen: “Horietako bat, adibidez, Alkain eta bere lagun Etxeberria beren trintxeratik atera eta etsaiaren eremua sartzea, zenbat gizon, zenbat artilleria, zenbat indar zegoen ikustearren. Behingoan egiteko ere nahikoa litzatekeena, berek ordea maiz samar egin bide zuten. Etxeberria hori andoaindarra zen, Merdillegi baserrikoa, lehen aipatutako aita Etxeberriaren anaia, Alkain baino zaharragoa. Bera buru zela, hantxe ibiltzen ziren batera eta bestera, nahiz Bizkaia barruan eta nahiz Arabako mendi- zelaietan, etsaien tartean. Gasteizeraino ere joan omen ziren gau batean. Esploradore zirela esaten du liburuan Alkainek”.

Espia, esploradore... liburu interesgarria garai hura ezagutzea gogoko dutenentzat. Baina batez ere bertsozaleentzat, izan ere, bertsoak ere biltzen baititu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!