“Helburua zerbitzu ona ematea da, ez jendetsua”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 5a, 02:00

Abenturazko turismoa eta turismo aktiboan aholkularia da Ekaitz Zubeltzu, baita mendiko gida ere. Leizaran Bisitarien etxean ari da lanean eta zerbitzuaren inguruan aritu da.

Aldaketa nabarmenik egin duzue azken urteotan?

Zerbitzuan izan dugu aldaketa. Duela zenbait urte, Leitzaran soilik zen, zerbitzu berezirik gabea. Orain, gerturatzen den orok edozein galdera egin ahal izateko informazio gunea du bertan. Gure helburua, gerturatzen direnei zer ikusi azaldu, eta inguruarekiko errespetua sustatzea da.

Udan zehar zer nolako eskaintzak izan dituzue?

Aurten egin dugun apustua bizikletaren alokairua eta andoaindarrei bizikleten zerbitzu berezia eskaintzea izan da. Bi bizikleta mota ditugu; bisitariei alokatzen dizkiegun ohiko bizikletak, eta bereziki andoaindarrentzako direnak. Andoaingo Udalak atera ditu aurten.

Bestalde gerturatzen diren guztiei harrera egiteko gunea ere martxan dugu. Bertan bailarako informazioa ematen da eta informazioaz gain, edateko edo izozki bat hartzeko gutxieneko zerbitzua ere eskaintzen dugu. Gutxieneko zerbitzua diot, gure helburua ez baita hau taberna izatea, naturguneko informazioa eskaintzea baizik.

Jende gehien bizikletan ibiltzera eta mendi irteerak egitera etortzen da. Baina argi dago eskaintza potente eta indartsuena Plazaolako bide berdea dela, Andoain bailaratik hasi eta Leitzaraino iristen dena.

Andoaindarrentzako bizikleta zerbitzua martxan jarri duzuela aipatu duzu. Kontaiguzu...

Bai, andoaindarrek bizikleten 4h-ko zerbitzua kontrata dezakete, bost euroren truke. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu, aurrez zerbitzu horren berririk ez zuen familiaren bat gerturatu denean, aukera gustatu, bizikletak hartu, eta guztiek buelta bat ematen amaitzea.

Urteko ze garaitan jartzen dituzue ekintzak martxan?

Agendari dagokionez udaberri, uda eta udazkenean ia astebururo izaten ditugu jarduera ezberdinak. Batzuk doakoak izaten dira eta beste batzuk ordaindu beharrekoak. Denetarik dugu; bizikleta irteera gidatuak, orientazio ikastaroak, GPS ikastaroak, “Tai-chi / qi gong” saioak, etab.

Aurreko asteburuan, esaterako, GPS ikastaro bat izan genuen. Irailaren 15ean, Plazaolako artisauen azoka egin genuen. Tren berdea izan genuen martxan ekimen horren barnean. Andoaingo Goikoplazatik Otietaraino trenez joan, eta bailararen inguruko berri jasotzeko aukera paregabea izan zuten parte hartzera animatu zirenek.

Irailaren 22an, ibilbide interpretatuak antolatu zituzten Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, elkarlanean. Bizikletaz egiteko hiru orduko ibilbide erraza eskaini zitzaien parte-hartzaileei.

Nolako harrera izaten dute horrelako ekintzek?

Jendea gerturatzen da. Egia da gure helburua ez dela ikastaroetara jende pila bat gerturatzea. Azkenengo ikastarora lau pertsona etorri ziren, “Tai-chi” ikastarora zazpi edo zortzi pertsona etortzen dira. Gure helburua ez da talde oso handiak egitea, gure bezeroei zerbitzu ona eskaintzea baizik.

Zein da eskaintzen duzuen ekintza arrakastatsuena?

Oraingoz arrakasta gehien duen ekintza, ibilbide gidatua da. Bizikletaz egiten den hiru orduko ibilbidea da eta, prezioari dagokionez, Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntzen dutenez, 10 euroren truke izaten da. Itzuliaren amaieran sagardo eta gazta dastaketa txiki bat ere egiten dugu eta jende dezente gerturatzen da bertara.

Gastronomia ere bultzatzen saiatzen zarete zuen bidaietan, beraz?

Bai, eskaintzen ditugun gutxieneko zerbitzu horietan bertako produktuak eskaintzen ditugu; gazta, patatak, dena 0 km. izaten saiatzen gara.

Beste zenbait talderekin elkarlanean ere aritzen al zarete?

Bai, guk gure ekintzak antolatzen ditugu, baina kolaborazio ezberdinak ere baditugu martxan. Arrantza ikastaro bat egiten badugu adibidez, Arrantza Federazioarekin elkarlanean egiten dugu. Guri Leitzaran naturgune erreferente bat izatea gustatuko litzaiguke, bai andoaindarrentzat, bai inguruko jendearentzat. Norbaiti horrelako gune batean ikastaro bat antolatzea gustatuko balitzaio eta gure filosofiaren barruan badago, irekita gaude edozein proposamenetara.

Nola sailkatzen dituzue bisitariak?

Gerturatzen diren bisitariak lau multzotan banatzen ditugu, jatorriaren arabera. Batzuk Andoain eta inguruko herritakoak dira, besteak gipuzkoarrak, hirugarrenak  estatu mailakoak eta laugarrenak internazionalak.

Ze profileko jendea izaten da normalean?

Nik bi profil mota daudela esango nuke. Lehenengo taldean jarduerak egitera etortzen diren familiak egongo lirake, eta bigarren taldean bikote gazte zein helduak sartuko nituzke.

Gainera aipatu beharra dago, bai hemendik eta baita estatutik edo atzerritik etortzen direnak naturarekiko errespetu handia duen jendea dela. Ingurua zaintzeaz gain, askotan ekarpenak egitera gerturatzen baitira. Beraz, esan genezake hona etortzen den bisitaria natura errespetatzen duen jendea dela.

Kanpotik datozen bisitariek nola izaten dute zuen eskaintzen berri?

Nik uste inguruko informazio puntuetan izaten dutela gure berri. Egia da guk ere komunikazioan aurten ahalegin berezia egin dugula. Inguruko aterpetxe desberdinetara banatu dugu gure informazioa  eta baliteke bertan ere jende asko izatea gure inguruko berri. Horrez gain, Donostian ere kanpainaren bat egin izan dugu.

Bide berdeak ere geroz eta indar gehiago hartzen ari dira bai hemen eta baita mundu mailan ere. Beraz, badago horretara etortzen denik ere. Bestalde, badira Andoain ezagutzen ez dutenak eta Bide berdea egitera etortzen direnak ere. Kasu horretan gure helburua, bukatzen dutenean Andoaingo jatetxeetara edo zerbitzuetara bideratzea izaten da.

Aurrera begira, aldaketarik aurreikusten al duzue Bisitarien etxeko zerbitzuan?

Gure helburua bizikletarekin dugun zerbitzuari garrantzia handiagoa ematea da. Batetik, bizikleta elektrikoekin lanean hasteko gogoa dugu eta baita maila ezberdinetako eta kalitate handiagoko bizikletak ekartzea ere. Aurten gainera, berrikuntza moduan bizikletaren gainean jartzeko haurrentzako karro zein aulkiak ekarri ditugu eta harrera ona izan dutela ere esan dezakegu.

Zer esango zenieke oraindik zuen zerbitzuak ezagutzera gerturatu ez direnei?

Jarduera ezberdinak egiteko leku berezia dela. Ikastaroak edozein eremutan egin daitezke, baina Leitzaran bezalako paraje batean egin ahal izateak desberdintzen gaitue gu eta jarduera bera. Ez baita berdina “Tai-Chi / Qi Gong” ikastaro bat gela itxi batean egin edo horrelako paraje batean egitea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!