Artilearekin egiten du fieltroa Olatzek, eta gauza ezberdinak sortzen ditu teknika ezberdinak erabiliz. “Lagunak erakutsi zidan nola egin eta horrelaxe eman nituen lehen pausoak. Interneten begiratuz eta ikastarotxoak eginez, ikasten joan naiz. Egia esan, beti izan naiz eskulan zalea; larrua, buztina, egur-talla…, gauza asko egin ditut eta haiek uztartzen ere saiatu izan naiz”.
Lagunek enkarguz eskatuta, gauza ezberdin asko egin izan du Olatzek. “Lanparak, arropa, panpinak, fruta gordetzeko ontziak, katuentzako etxekoak…, denetarik egiten dut artilea erabiliz”. Asteasuko azokan, orain arte egindako lanen lagin bat jarri zuen ikusgai.
Emakumeei laguntza eskaintzen dien Emekin elkartearen laguntzaz, bere zaletasuna modu profesionalagoan lantzen hasteko asmoa du Olatzek: “Barazkigintzan aritzen gara, eta fieltroarena erantsi bat izango litzateke. Etxean aritu izan naiz ikastarotxoak eskaintzen eta ikasturteari begira, taldetxo bat hartzeko gogoz nago. Oso teknika polita da; eta emaitzak ere gustagarriak izaten dira”. Olatzekin harremanetan jartzeko, bastxoko@gmail.com helbidera idatz daiteke.