“Inguruan elkarte sozialista baten beharra ikusten genuen”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko urr. 4a, 02:00

Jose Antonio Sanchez Zizurkilgo zinegotzia eta Maria Luisa Arija Amasa-Villabonakoa, Zizurkilen ireki berri duten sozialisten etxearen partaide zuzenak izango dira.

Nola erabaki zenuten sozialisten herriko etxea Zizurkilen irekitzea?

Jose Antonio Sanchez: Ideia, legislaturaren hasieran sortu zen. Ni Hernaniko zinegotzi izan nintzen lehen eta, denborarekin, nire hautagaitza herrian bertan aurkeztea erabaki nuen. Sozialistok, elkartzeko espazio bat behar genuen eta ideia horrekin hasi ginen. Gure baliabideak kontuan hartu genituen, eta inguruko elkarteek eskaini ziguten laguntzarekin elkartea, Zizurkilen sortzea erabaki genuen.

Egoitza Zizurkilen edukiko dugu, baina hau Aiztondo bailara osoko sozialisten tokia izatea espero dugu. Hona etortzeko interesa, gogoa, ideiak eta adierazpenak elkarbanatzeko prest dagoen edonor, esku zabalik jasoko dugu gure etxean.

Zer eskaini diezaioke etxe honek bailarari?

J.A.S.: Bailaran dagoen gune ezberdina dela esango nuke. Orain arte ezker abertzalearen eta PNVren egoitzak soilik ikus genitzakeen. Guk 80. hamarkadan Villabonan egoitza bat izan genuen, baina garaiko presioarengatik itxi egin behar izan genuen. Orain, ordea, horrelako presiorik ez dagoenez, gure egoitza propioa ireki eta jendea sozialista sentitzeko toki bat sortu nahi genuen.

Zertarako erabiliko duzue sortu duzuen gunea?

J.A.S.: Nagusiki lanerako erabiliko dugu. Alderdiaren lanak egiteaz gain, elkartu eta jarduerak egitea ahalbideratuko digu. Kide eta zaleentzako bideratutako tokia alegia eta baita bailarako sozialistentzako erreferentzia gunea ere.

Zer moduz joan zen irailaren 29ko irekiera?

J.A.S.: Egia esan oso gustura gaude. Gure partiduko elkarte ezberdinetako jendea gerturatzeaz gain, niretzat garrantzitsuena Villabona eta Zizurkilgo bizilagunak irekierara gerturatzea izan da. Harrera ona izan du eta orain guztiok gure ideiak elkarbanatzeko lekua dugularik, lanean hastea besterik ez zaigu geratzen, lan asko dugu eta.

Maria Luisa Arija: Bai, gainera oso positiboa izan da Villabonako eta Zizurkilgo alkateak ere irekierara gerturatu izana. Horrela, normaltasun puntu bat gehiago eskuratu baitugu.

J.A.S.: Nik publikoki eskerrak eman nahiko nizkieke. Orain dela urte batzuk ez baitzen oso ohikoa alkateak horrelako inaugurazio batera etortzea eta egia esan eskertzen da beraien gertutasuna.

Zein uste duzu izango dela bertara gerturatuko den jendearen profila?

J.A.S.: Mota guztietako jendea etorriko dela espero dut. Gu ez gara ezertara ixten. Agian sozialismoa gehiago sentitzen duen jendea heldua izango da, baina helburua ideia hauek elkarbanatzen dituen jende gaztea ere guregana gerturatzea da.

Etxe honek zer eskainiko dio herriari?

J.A.S.: Lehenik eta behin politikaren ikuspuntu irekiago bat, lehen aipatu bezala, herriko politika gehienbat abertzaletasunera mugatzen baitzen, eta jendeak hemen gaudela eta politika gehiago ere badagoela jakinarazi nahi dugu. Gu gehiago federalismora bidean goaz eta etxe honekin guztiok eroso egongo garen elkargunea sortu nahi genuen.

Zizurkilen etxe hau ireki izanak inguruko herrietan ere irekitzera animatuko direla iruditzen zaizu?

J.A.S.: Baietz espero dut. Gogoa izanez gero posible da ideologia bereko pertsonekin elkartzeko eta eztabaidatzeko espazioa irekitzea.

M.L.A.: Gainera Aiztondo bailarako sozialistei irekia dago, bilerak egiteko eta eroso egoteko parada polita eskaintzen baitu.

Bertan egingo dituzuen bilerak guztiei irekiak izango dira?

J.A.S.: Hori bileren araberakoa izango da. Esklusiboki partiduari bideratutako bilerak ez dira herritar guztiei irekiak izango, bazkide eta jarraitzaileei baizik, baina gai orokorrak herriari irekiak izango dira, bai.

M.L.A.: Egunerokotasuneko gaiak guztiei irekiak izango dira, baina partidu barruko antolakuntzari bideratutako bilerak, itxiak.

Etorkizunari nola begiratzen diozue?

J.A.S.: Nik uste dut irekiera honek partidu moduan hazten lagunduko digula. Gainera, herriak proposatzen dizkigun kezkei erantzuna emateko gai bagara, etorkizun positiboa ikusten diot etxeari.

Iritzi ezberdinei irekiak zaudete, beraz.

M.L.A.: Noski baietz, edozertara irekiak gaude. Gainera nahi duen orok gure ateak irekiak izango ditu edozertarako. Nik astelehen arratsaldetan etortzea pentsatzen dut, beraz gerturatu nahi duen orori eskuak zabalik entzungo diot.

Astean zehar irekia egongo da orduan?

J.A.S.: Egun batzuetan soilik irekiko dugu. Gure lanek uzten diguten bitartean behintzat. Astelehenetan Maria Luisa egongo da eta beste egunen batean etorriko naiz ni.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!