Giro ona eta elkartasuna nagusi Sanmiel jaietan
Urnietako kale eta auzoak lau egunez umorez, giro onez eta jendez beteta egon ostean igandean eman genien amaiera Sanmiel jaiei eta Urnietako Udalak oso balorazioa positiboa egiten du.
Eguraldia lagun izanda programaturiko ekintza guztiak aurrera eraman dira inongo arazorik gabe eta jendeak mota guztietako ospakizun eta ikuskizunez gozatzeko aukera izan du. Herritarren erantzuna eta parte-hartzea apartak izan dira eta jendetza bildu da ekitaldi gehienetan, batez ere plazaren inguruan antolaturikoetan. Eta ez bakarrik herriko jendea, ingurukoetatik jende dezente gerturatu baita.
Nabarmentzekoa baita, aurtengo nobedadeek izan duten arrakasta. Plazido Muxika plazan antolaturiko “Holi Fest!”-ean gazte asko izan ziren, “Stunt” motor ikuskizunera herritar mordoa bildu zen, danborradaren doinu berriak gustura entzun dira eta aurten lehendabizikoz, haurren bi danborradak batera atera dira, erakutsiz gauzak elkarrekin egin daitezkeela eta horrela denon arteko elkarbizitza hobea dela.
Bestalde, jaiak lasai igaro dira, istilurik gabe. Herritarrek jarrera bikaina izan duzue besteekiko elkartasun eta errespetua erakutsiz eta arrazoi horregatik zorionak eman nahi dizkizuegu.
Eskerrak herriko elkarte guztiei, zuek gabe jaiak aurrera eramatea ezinezkoa litzateke eta, lan bikaina egin duzue beste behin. Eskerrak baita modu batean edo bestean festak aurrera eramateko laguntza eskaini duzuen herritar eta Udal langileei ere, zuen ekarpena funtsezkoa izan da eta.
Horretaz gain, gogoratu nahi dizuegu Sanmiel jaiak amaituagatik Urnietako ospakizunek aurrera jarraituko dutela. Izan ere, igande honetan ospatuko da Arrosarioko Amaren Ohorezko jaia. Ondoren, berriz, Xoxokako festen txanda iritsiko da. Beraz, urnietarrok badugu non aukeratua ondo pasatzen jarraitzeko, eta Udalak orain arte bezala jai eredugarriak izaten jarraitzea espero du. Urnietako Udalak egun zoriontsuak opa dizkizue herritar guztiei.