Euskal gatazka gure literaturan

Elkarbizi taldea ikastaro modura aurkezten ari den hitzaldi sorta eskaintzen ari da Beterri-Buruntzan. Joan zen irailaren 12an Ramon Saizarbitoria idazle ezagunak hitzaldia eskaini zuen "Indarkeria eta kontaera literarioa" izenburupean.

Ramon Saizarbitoria Donostiako idazleak euskal idazleei egotzi izan zaizkien zenbait aje izan zituen hizpide Urnietan irailaren 12an, “Indarkeria eta kontaera literarioa” izenburuko hitzaldian. Elkarbizi elkarteak gonbidatuta hartu zuen parte. Solasaldian zehar salaketei erantzun nahi izan zien, eta horrekin batera, azken 50 urtetan Euskal Herriak bizi izan duen indarkeriaren eta beren kontakizunaren gaineko bere iritzia eman zuen.

Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak egin zituen aurkezle lanak. Sarrera laburrean, idazlearen bi alderdi nabarmendu nahi izan zituen; batetik, “literatur ibilbidearen kalitatea eta euskal literaturari egin dion ekarpena eta euskara batuaren defentsa, eta bestetik, pertsona bezala, gaitasun literarioaz baliatuz, gizarte gaietan izan duen inplikazioa eta konpromiso soziala”.

Saizarbitoriak euskal idazleei azken aldian leporatu izan zaiena izan zuen hizpide; alegia, beldurra eta interesa medio indarkeriaren aurrean itsu egon direla. Fernando Aranburu 'Patria' nobelako egilea izan da modurik ozenenean jardun duena salaketekin. Baina badira gehiago; Rey Juan Carlos unibertsitateko katedradun Jose Luis Rodriguezek Atxaga, Muñoz, Cano eta Saizarbitoria bera aipatuz, euskal idazleen literaturan ETAren eginak justifikatzeko ahalegina egon dela adierazi zuen. Bere ustean terroristak biktimak bilakatu izan dituzte, eta ETAkidea eta beren ingurukoak biktimak.  

Bada, Saizarbitoriak zenbait ñabardura egin nahi izan zituen. Lehenbiziko eta behin, literaturaren autonomia aldarrikatu nahi izan zuen. “Gero eta argiago daukat arteak eta literaturak libreak izan behar dutela. Politikoki ere ez lukeela zuzena izan behar. Nobelagilearen ardura nobela idaztea da, ez besterik. Hobe, mila aldiz, asmo txarrez beteriko idazle ona, asmo onez beteriko idazle txarra baino”.

Bigarren ñabardura, euskal idazleek fokua biktimengan baino gehiago askotan ETAko kideengan jarri izanaren salaketaren ingurukoa izan zen. Errealitate hori onartu egin zuen Saizarbitoriak, “Entzuleen artean biktimarik baldin badago sentitzen dut, baina literarioagoak dira militante baten gora beherak. Biktimen mundua konplexua da; uler dezaket zer den aita edo anaia galtzea, baina konplexuagoa da”.

Nolanahi ere, adierazi zuenez, “gure lanok gizarteak indarkeria politikoarekiko ikuspegiaren eboluzioa islatu dute, gizarte orokorrak baino pauso txiki bat aurrerago zenbait kasuetan, beharbada”. Berak idatzitako hiru nobela aipatu zituen eboluzio hori islatuko luketenak. “Ehun metron,  1974-1975an gaude, eta bigarrengo pertsonan, polizia atzetik daukan ETAko kide baten pertsekuzioa kontatzen du, tiroz hiltzen duten arte. Begi-bistakoa da nobelak adierazi nahi duena: alferrikakoa zela militante idealistaren sakrifizioa aberriaren eta askatasunaren aldekoa. Hamaika pauso nobelan, protagonista, muga zeharkatu behar duen ETAkide bat etxean gordetzera derrigortuta dago. Egoera hori, euskaldun izateak fatalitatearekin lotzen du protagonista. Harremana garatu ahala, konturatzen da ETAkideak odol-husten duela, bizi-espazioa jaten diola. Azkenean ez du beste erremediorik ikusten, ETAkidea eta biak inmolatzea baizik.

Martutene hirugarrengo nobelan agertzen dira terrorismoaren biktimak, eta askok indarkeria erabili dutenen aurkako eta biktima izan direnen aldeko analisi kritikoak egiten dituzte”.

Ñabarduren arloan, azkenik, zenbait baldintzen pean idatzi izanaren salaketa izan zuen hizpide. “Aranburuk beti aipatzen du interes ekonomikoen eraginpean idatzi dugula. Nik uste berak arazoren bat duela, alderdi horri hainbeste garrantzia emateko. Aitortuko dut, ordea, baldintzatuta egon garela, ez garela libreak izan. Ez diruagatik noski. Nik neuk, aldi bakoitzean sentitzen nituen istorioak kontatu izan ditut, baina gezurra esango nuke aitortuko ez banu nire inguru sozialak eragotzi ere izan didala hiritar bezala zegokidan postura hartzea.

Oinarrizkoa, onartu behar
Indarkeriazko iraganaren gainean egin beharreko kontakizunaz konponbide zaila ikusten du. Urnietan Jaurlaritzak eskatuta Foronda Institutuak 2015ean egin zuen txostena hizpide izan zuen, bat egiten zuela adierazteko. Esan behar da 'Terrorismoaren testuinguru historikoak eta biktimekiko arreta soziala. 1968-2010' izeneko txostenak zenbait sektore politiko eta sozialen txaloak jaso dituela, hamarkadetako indarkeriari buruzko datuak eta eragina bikain islatzen dituelakoan; beste batzuk, ordea, kritiko agertu dira partzialtzat jota, besteak beste, ez omen duelako frankismoaren testuinguru historiko errepresiboa aztertzen eta estatuak eragindako indarkeria apenas aipatzen duelako.

Ondoren, Saizarbitoriak aitortu zuen ez zetorrela bat Juan Aranzadi antropologoaren ikuspegiarekin. Azken honen arabera, ezin da diskurtso bakarra inposatu azken 50 urtetan gertatu denaren gainean. Osasungarria deritzo jasotzea kontraesankorrak eta dibergenteak gerta daitezkeen bizipen pertsonalak, ETAren, gerra zikinaren edo eta polizia ezberdinen biolentziari lotutakoak. “Asko maite dut Aranzadi, baina beste iritzi batekoa naiz ni. Beste hark esaten zuen bezala, Mundu Gerra konplikatua da, baina Belgikak ez zuen Alemania inbaditu. Gurean ere, zenbait gauza ez lirateke eztabaidagarriak izan behar. Gure historian badira zenbait gertaera oinarrizkoak eta ukaezinak, eta neu izan naiz horien lekuko: ETAk jende ugari erail zuen beren ideia politikoengatik eta beste asko ere handik pasatzea egokitu izanagatik. Justifikaezina den egundoko sufrimendua eragin zuen, armak uzteko eskatzen zion herriaren aldarriari muzin eginez. Eta azkenean armak utzi zituenean, bere helbururik lortu gabe izan zen, bera eta bere ingurunea zuzenbide estatuak setiatuta zeukanean eta terrorismo yihadistaren ispilua besterik geratzen ez zitzaionean”.

Saizarbitoriarentzat ETAk eragindako indarkeria oinarrizko errealitate gisa onartzea ezinbesteko baldintzatzat jo beharko litzateke. Hortik aurrera, legitimotasun guztia egongo litzateke gertatu diren gainerako giza eskubideen bortxaketa guztiak erreklamatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!