Sagardoaren lurraldean bete-betean kokatuta egonagatik ere, estrainekoz iritsi zen bertara txapelketa, eta hitzordua arrakastatsua izan zen. Izan ere, 60 lagunek hartu zuten parte (53 gizon, eta 7 emakume) Batzokia erabat betez. Txapelketa honen ezaugarri nagusiena da afaltzera bertaratzen diren lagunak izaten direla epaimahai lanetan aritzen direnak.
Urnietako finalaurrekora bertaratutakoek 11 sagardo ezberdin dastatu eta epaitu zituzten, bertako produktu bikainekin osatutako afarian zehar. Eguraldi beroarekin hasitako afaria, are eta gehiago berotu zen platerez plater, sagardoz sagardo. Bero sapa haren erdian, nabarmentzekoa da sukaldariek eta zerbitzari lanetan aritu ziren batzokiko kideek egindako lan ona.
Aurtengo edizioan, Euskal Herri osoko (ia denak gipuzkoarrak) 41 sagardotegik eman zuen izena, horien artean, Urnietako Setien, Eula, Elutxeta eta Oianume, eta baita Andoaingo Gaztañaga ere.
Txapelketaren laugarren edizioa
2015ean antolatu zuten aurrenekoz Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoa. Orduko hartan Astigarragako Petritegi sagardotegiak jantzi zuen txapela. Bigarren edizioaren finala Andoainen jokatu zen, eta Hernaniko Akarregi sagardotegia izan zen nagusi. Hirugarren eta orain arteko azken finalean Andoaingo Gaztañaga sagardotegia gailendu zen.
Aurtengo txapelketari dagokionez, irailaren 8an hasi zen, Beasainen egindako aurreneko kanporaketarekin. Bigarren kanporaketa Goizuetan jokatu zen irailaren 15ean, hurrengoa Oñatin 21ean, eta azkenekoa larunbatean izan zen Urnietan bertan. Txapelketaren finala Usurbileko pilotalekuan egingo dute larunbat honetan, iluntzeko 20:00tan hasiko den afarian. Bertan, Sagardozale elkarteak 250 lagunetik gora biltzea espero du.
Hamabi sagardogile finalean
Final handi horretara hamabi sagardogile iritsi dira, kanporaketa bakoitzeko lehen bi sailkatuak automatikoki, eta kanporaketetan puntuazioaren arabera puntu gehien lortu dituzten beste lau gehiago.
Antza denez, Urnietako kanporaketan puntuazioak altuak izan ziren. Bertan dastatutako lau sagardotegi izango baitira Usurbilgo finalean, Goizuetako kanporaketatik 3, Beasaingotik beste 3, eta Oñatikotik 2. Finaleko 12 sagardotegiak zeintzuk diren ez da jakingo datorren larunbateko afaria bukatu arte. Orduan emango dute aditzera nortzuk izan diren hiru lehenengoak puntuazio ordenean, eta gainontzeko finalistak ordena alfabetikoan.