AEK euskaltegian izena emateko azken egunak

Irailaren 28ra bitarte eman daiteke izena Andoaingo eta Urnietako AEK euskaltegietan. Iaz Urnietan 54 ikaslek eman zuten izena, bost mailatan banatuta. Gehienak maila baxuan egon ziren, eta arrakasta handiz joan zen lehen urtea.

Iaz ireki zituen ateak Urnietako AEK euskaltegiak, Errekalde kalean. Gelara sartu eta hormak euskarazko esaldiz, aditzez eta esapideez apaindurik daude. Janire Urrestarazu eta Ihintza Tellabide bertako irakasleak dira. Gogotsu daude klaseak hasi eta ikasle berriekin batera ikasturteari ekiteko.

Urtebete igaro da Urnietan AEK euskaltegia ireki zenetik. Zer nolako balorazioa egiten duzue?
Ihintza Tellabide: Oso ona. Inpresioa dut ikasle asko etorri zirela iaz, lehen urtea izateko. Sorpresa izan zen. Aurten talde gehiago sortzeko aukera egongo dela ematen du, jendea hasi baita deitzen informazioa eskatuz. Itxura ona du.

Janire Urrestarazu: Berrogeita hamar ikasle inguru izan genituen iaz, 5 taldetan banatuta. Espero genuena baino askoz ere gehiago izan zen. Gehienez ere hiru talde osatuko genituela uste genuen.

Zein profiletako jendea etorri ohi da euskaltegietara?
J. U.: Denetik. Gehienek ez dute euskara inoiz ikasi izan, eta beste batzuk duela urte batzuk ikasten hasi eta orain berreskuratu nahi dute, euskaldundu nahi dutelako edo tituluren bat behar dutelako, batez ere EGA.

Zein leku du euskarak Urnietan?
J. U.: Gu ez gara urnietarrak baina nik uste gazteen artean ez dela euskara gehiegi erabiltzen. Hernaniko egoera antzekoa dela ikusten dut. Gazte batzuk beti jardungo dute euskaraz, eta beste batzuk, ez dute praktikan jartzen.

Zein eskaintza duzue?
J. U.: Maila guztiak eskaintzen ditugu: Hutsetik hasi eta EGA mailara bitarte. Goizez, eguerdiz zein arratsaldez ikasteko aukera eskaintzen dugu.

Euskaraldia dinamikaren baitan nola hartuko duzue zuek parte?
J. U.: Euskaraldiaren parte izango gara, eta gure ikasleentzat ere oso interesgarria izango da.  

Irailaren 28ra arte eman daiteke izena. Non?
J. U.: Euskaltegira etorrita, urnieta@aek.eus helbide elektronikoan eta 662 338 747 telefono zenbakian ondorengo ordutegian: astelehenetan eta asteazkenetan 09:00etatik 13:00etara, eta asteartetan eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara.

Euskara ikastea "lotsa" ematen dien herritarrei mezuren bat zabaltzekotan...
J. U.: Anima daitezela. Urnieta euskalduntzeko kolektiboki egin behar dugula lan. Ez dela bakarkako apustua. Etor daitezela euskaltegira eta bultzadatxo bat emango diegu hasierako lotsak kentzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!