Gure buruarekin hemen eta orain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 27a, 02:00

“Buruan ditugun kezka, estresa eta beste hainbaten egoerez jabetzeko eta baretasuna lortzeko teknika da”. Mindfulnessa horrela laburbildu du Clara Wolfram dinamizatzaileak. Urriaren 3an hasiko den ikastaroaren arduraduna da.

Zer da Mindfulness ikastaroa? Zer egiten duzue bertan?
Mindfulnessa buruan ditugun kezka, estresa eta beste hainbaten egoerez jabetzeko eta baretasuna lortzeko ikastaroa da. Ikastaroaren ideia, burua hemen eta orain edukitzea da. Gehienbat emakumeok burua mila gauzatan izaten baitugu, eta horrek ez digu momentuan momentukoa horren ondo bizitzen uzten.

Mindfulness ikastaroak egunerokotasunaz gehiago disfrutatzen eta momentuan gertatzen den horretaz gehiago jabetzen lagunduko digu.

Emakumeentzako ikastaro interesgarria dela esango nuke, emakumeoi besteen beharrez oso pendiente egotera irakatsi baitigute eta horrek gure beharrak askotan bigarren plano batean uztera eramaten gaituzte. Esan genezake besteen beharrak identifikatzen eta asetzen espezializatu garela eta askotan ez dakigula gure beharrak kontutan hartzen eta asetzen.

Beraz, emakumeei bideratutako ikastaroa al da?
Emakumeen jabekuntzarako eskola den heinean, bai. Besteen beharren pendiente gauden mundu murmuratsu honetan, espazio gutxi dugu non eta nola gauden konturatzeko eta une honetan zer behar dugun antzemateko. Ikastaroan, gorputzaren kontzientzia lantzeaz gain, meditazio eta erlaxazio ariketak ere egingo ditugu. Gure buruarengan arreta jartzen arituko gara. Gero, hobeto antolatzen eta etengabe buruan kezkak ez izaten lagunduko diguten ohiturak hartuko ditugu.

Esaten duzunaren arabera, yogaren moduko zerbaitez hitz egiten ariko ginake?
Emakume asko yogara espazio hori eskuratzeko joaten dela esan genezake. Askotan entzun dut: “ Yogara joaten naizenean bi ordu horiek niretzako dira”. Eta Mindfullness ikastaroan igarotzen dugun denbora ere norberarentzako da.

Zenbat denbora daramazu ikastaro hau eskaintzen?
Orain dela hiru urte formakuntza jaso nuen eta ikastaroa eskaintzen bi urte daramatzat. Emakumeentzako beste tailer batzuk ere eskaini izan ditut. Esan beharra dut niri, emakume bezala, oso ondo egin didala, Mindfulnessa nire burua hobeto zaintzeko baliabide bat baita.

Nolako harrera izaten ari da ikastaroa parte hartzen ari diren emakumeen artean?
Ona, zerbaitek on egiten dizula sentitzean eta saiora sartu eta baretasun sentsazioarekin ateratzen zarenean, ohartzen zara onura horrek zure buruari denbora eskaini behar diozula konturatzera eramaten zaituela. Saioetan ikasitako praktikak pixkanaka egunerokotasunean sartzen joanez gero, errazagoa egingo zaigu baretasun hori lortzea.

Parte-hartzaileek onurak sentitu dituzte, beraz?
Bai, ikastaro hauetan normalean jendea saio guztietara etortzen da, hobekuntzak berehala nabaritzen baitira. Esan beharra dago ikastaroak hilabete irauten duela (zortzi saio) eta orokorrean harrera ona izaten ari gara.

Zortzi saio horiek luzatzeko aukera legoke?
Jendeak nahi izanez gero, planteatu daiteken aukera da, baina printzipioz zortzi aste dira eta gure helburua zortzi aste horietan eskuratutako teknikak norberak bere esku erabiltzea da.  

Zein adin tarteko jendeak hartzen du parte saioetan?
Adin guztietako emakumeak izan ditut saioetan; gazteenetatik hasi eta jubilatuetara bitartean. Zoritxarrez, gaur egun estresak adin guztietan eragiten digu eta edozein momentu ona izan daiteke geldialdi txiki bat egin eta gure buruaren kontrola berreskuratzeko.

Zer esango zenieke saio hauetara animatzeko moduan diren emakumeei?
Norberak bere buruarengan arreta jartzea ezinbestekoa da. Emakumeei askotan gehiago kostatzen zaigu guretzako denbora hartzea, eta horretara animatu nahi ditut guztiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!