Sanmielak 2018

Mattin Mujika kirolari handia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 27a, 02:00

Hogeita bost urte bete dira Mattin Mujika Urnietako pilotari bikaina hil zenetik. Aiurrik gogoan hartu du, bere emazte Junkal Gutierrez eta Mattinen anaia Jose Luisen laguntzarekin. Behar baino lehen amaitu zen kirol ibilbidearen historia da Mujikarena.

Oso denbora tarte txikian erremonteko elitean sartu, eta lehiaketaz lehiaketa etengabeko garapena bizitzen ari zen pilotaria izan zen. Ikusteke geratu zen noraino iritsiko zen, gaitz malapartatu batek 28 urterekin heriotza eragin ez balio.

Joko ikusgarrikoa, atzelari ziurra, teknikoa, errebote-jokalari fina... Mattin Mujikaren jokoak definizio ezin hobeak eragin zituen garai hartako erremonteko kazetari, aditu eta zaletuen ahotatik.

Urnietan bertan, kirolari batekiko gutxitan sortu ohi den ikusmina piztu zuen. Ez soilik pilotazaleen artean, baita kirolzaleen artean ere.
Mattin Mujika 1965eko maiatzaren 3an jaio zen. Aurretik bi anaia zituen, Jose Luis eta Joxe Mari. Aita eta ama, berriz, Jose Mari eta Maddi.

Kirolari bezala txiki-txikitatik aparteko dohainak erakutsi zituen. Hala azaldu du Jose Luis anaiak: “Eskuz aritu zen gaztetan, eta ez edonola. Kontzejupean orduak eta orduak sartutakoa da Mattin, edonorekin eta edozein adinekoekin jokatzeko prest beti. Lehiaketetarako jauzia eman zuenean, maiz iritsi zen Urnieta, Hernani nahiz Astigarragan gazteentzat antolatzen ziren txapelketatako finalera”. Kirol mailan, futbola zen bere bigarren pasioa. Juanito tabernako lagunekin jokatzen zuen eskualde mailako txapelketetan. Anaiaren esanetan “abila zen futbolean, eta aurrean jokatzen zuen; berak hartzen zuen golak sartzeko ardura”.

Salesiarretan ikasketak egiten ari zela, 16 urterekin, Salaberria ikaskideak Galarretako erremonte eskolan izena eman zezan animatu zuen. Anbizio handirik gabe ekin zion erremonteari. Baina, azkar batean, Izagirre zarauztarrarekin bikote eginez, Espainiako jubenil mailako txapelketa irabazi zuen. Bi urteren buruan, Euskal Jai Berrin debuta egiteko aukera eman zioten. 1984ko uztailaren 13an izan zen hori. Garcia bikotea aurrean zuela, Salaberria-Astrain aurkari izan zituen.

{{IMG-41839}}

Junkal Gutierrez eta Jose Luis Mujika, Mattin Mujikaren argazkiekin.

Jose Luisek, hasiera haiek gogora ekarrita, Mattini debutaren poza ondorengo emaitza kaskarren gaziarekin nahastu zitzaiola oroitzen du: “Kabitu ezinik hartu zuen debutaren albistea, baina jokatzen hasi, eta sei edo zazpi partida bata bestearen atzetik galdu zituen. Uztekotan egon zen”. Bere buruarengan zeukan segurtasunak eta kirol-zaletasunak, ordea, hautatutako bideari temati eustea eragin zion. Erremonteko pilotazaleen “katedran” ere ez ziren oso komentario baikorrak egiten hasiera haietan. Batzuek ziotenez, txikia zen mutila, eta ahul samarra. Agudo asko botatzen zuten sententzia: “ez da pilotaria irtengo”.

Poliki-poliki goranzko bidea hartzen hasi zen, tartean 1985-1986 urteetan Madrilen soldaduska egin zuelarik. 1988ko urtarrilean estelarreko partidatan jokatzen hasi zen Galarretan zein Huarteko Euskal Jai Berrin.Urte berean, binakako txapelketa jokatu zuen lehenbiziko aldiz, 23 urte besterik ez zituenean. Elizalde aurrelariarekin jokatuz finalera iritsi ziren, aurreko neurketa guztiak irabazita. Finala jokatu aurreko egunetan min hartu zuen Mujikak, eta hamar egun beranduago jokatu behar izan zuten. Finalera ez zen erabat osaturik joan, eta Noain-Agerre bikotea irten zen garaile, 40-32 emaitzarekin. Galdu arren, Mujikak merezitako ospea irabazi zuen pilotazaleen artean. Eskaintzen ari zen jokoaz gain, pilotazaleen oroimenean bi datu geratu ziren itsatsita: errebotetik hamalau pilota itzuli zituen, bat izan ezik gainerakoak txapa gainera  itzuliaz, eta horietako asko bi hormetara. Sakez, gainera, bederatzi tanto egin zituen. 118 partida jokatu zituen 1988ko urte hartan; hiru egunetik behin zuriz jantzita, alegia. Inork ez zuen jada zalantzarik: punta-puntako pilotaria bilakatu zen.

Junkal Gutierrezek, sasoi hartan erremonteak bizi zuen panorama loriatsua deskribatu digu: “Erremontearen urrezko aroa egokitu zitzaion Mattini. Punta-puntako pilotari mordoa zegoen orduan: Elizalde, Intxauspe, Agerre, Mujika I, Matxin, Izagirre, Aizpuru..., eta denen jokoarekin txapelketa lehiakor eta erakargarriak antolatzea lortu zuten; garai hartan ez zen ezagutzen gerora etorri zen Koteto Ezkurraren nagusitasunaren antzeko fenomenorik. Galarretan astean hiru jaialdi antolatzen ziren,  abuztuan egunero; jendez gainezka ikusten ziren armailak. Apustuetan dirua barra-barra jokatzen zen. Prentsaren arreta eskuratzen zuen erremonteak. Dirua mugitzen zuen erremonteak, eta pilotariek ondo irabazten zuten...”.

1989ko ekainean, Udaberriko bikoteen txapelketa irabazi zuen Arregirekin, Gorriz-Eizagirreren aurka (40-33). Eta urte horren hondarrean, bikoteen txapelketa handia jokatu zuen bigarren aldiz. Andoainen bizi zen Ricardo Prat madrildarra jarri zioten bikote, eta ezin hobeto moldatu ziren biak; ez zuten partidarik galdu, eta txapela jantzi zuten abenduaren 23an Gorriz-Aizpuruaren aurka jokatutako finalean (40-32).

Mattinek txapelketako pilotaririk onenaren saria eskuratu zuen, eta laudorioak besterik ez zitzaizkion heldu. Orduko prentsako kronika eta iritzi-zutabeak irakurri besterik ez dago. Raul Jimenez erremonte jokalari ohiak hala zioen: “badirudi ez duela zigortzen, baina inork baino latzago ematen dio pilotari; badirudi ez duela menderatzen, baina kantxan jaun eta jabe bihurtzen da”. Jesus Abrego beste jokalari handiak, berriz, hala zioen: “Mujika II-ri tanto bat egiteko, ederki atera behar da izerdia. 40 pilotakada behar dira gutxienez. Bere jokoa ikusi eta niri ere kantxara irteteko gogoa ematen dit; gozatu ederra izan behar du bera atzean dela jokatzeak! Hutsuneak inork ez bezala kubritzen ditu, eta pilotari emateko behar den tokian dago beti”. El Diario Vasco egunkariko kronikalaria bide beretik zihoan, Mattinek erremonterako dohain eta adimen naturalak zituela aitortu ostean: “Kantxan behar den bezala kokatuta egoten da beti, bikotearen atzean. Pilotak ez dauka sekreturik berarentzat, eta horrexegatik maite dute pilotazaleek”.

Egunez egun handitzen
Gehiago izan zitekeela erakutsi nahi zuen, heldu zen lekura helduta ez zen konformatzen. Junkalen hitzetan, “metodikoa eta profesionala zen; eta zaintzen bazekien, parrandatan-eta denbora galdu gabe. Gimnasiora joaten zen, mendian –batik bat Adarra aldera– korrika edo oinez ibiltzen zen…”.  

Enpresak antolatzen zituen jaialdietako partida estelarren zain egoten ziren pilotazale ugari, egunez egun hazten ari zen Mattin ikusteko irrikatan. Egin egunkariko E.M. kirol kazetaria jakitun zen, eta zera zioen 1990ko urtarrilaren 4an idatzitako kronikan: “(...) Iritsi den tokira baino urrunago iritsi nahi duen atzelaria da Mujika II. Txapelduna da, eta jokatzen duen partida bakoitza bere gaitasun defentsiboaren eta ofentsiboaren erakustaldia bilakatzen da”.

Bere jokoa ikusgarria zen, Junkalek adierazi duenez: “gorputz elastikoa zeukan, eta kantxan gorputza gutxik bezala botatzen zuen lurrera oso zailak ziren piloten bila; berdin zion horretarako zilipurdika ibili behar bazuen. Gainera, askotan ez zen mugatzen itzultzera; zeukan teknikari esker, pilotak nahi zuen lekuan kokatzeko gaitasuna zuen”. Frontoko argazkilarientzat ere gozamen hutsa zen Mattin, argazkiak postura ikusgarrietan ateratzeko aukera ematen baitzien.    

{{IMG-41840}}

Zutik, atzean: Ramon Urdangarin, Xanti Gorrotxategi, Ramon Etxeberria, Luis Mari Ziaurriz, Batista Urdangarin, Mattin Mujika, Juanito Albisu, Antselmo Unanue eta Juanin Arruarte. Bigarren lerroan: Mikel Alberdi, Gabriel Mujika, Toni Falcon, Bixente Erdozia, Jon Eizagirre eta Juan Urdangarin. Hirugarren lerroan: Maitane Txapartegi, Patxi Txapartegi, Jaime, Ramon Altuna, Daniel Sasiain eta Ana Pulpon. Aurrean: Antonio Iriondo, Joxe Martin Amantegi, Joxe Olazabal, Jose Luis Mujika eta Xabier Lete. Barraren atzean, Pello Txapartegi, Beñat Txapartegi eta Agurtzane Garmendia. 1989ko bikote mailako finala galdu arren, Marizulo jatetxean afaldu eta goizaldera arte, Urnietako kaleetan barrena kalejiran ibili ziren.

Buruz burukoan, nor zen erakutsi behar
Bere ibilbide motzean bikoteka lortutako ospeak ez zuen askorako balioko, baldin eta buruz buruko txapelketa ofizialean ez bazituen bere dohainak erakusten. Era horretan 1989, 1990 eta 1991ko buruz buruko txapelketa nagusietan jokatu zuen, eta hiruretan finala jokatzeko atarian geratu zen. Sei pilotari onenek jokatzen zuten lehiaketa horietan zehar, eta Mattinek erremontearen gailurrean ziren Mujika I, Matxin edo Agerre bezalako pilotariei irabazteko gai zela erakutsi zuen. Erregulartasuna eta eskarmentua falta zitzaion, eta hori denborarekin konpon zitekeen.
1990eko San Fermin jaietako buruz buruko sarian, finalera iritsi eta Peio Aizpuru garaitzea lortu zuen (35-25). 1992an zehar, eskuineko besoan indarra ahitzen ari zitzaiola nabaritu zuen Mattinek. Urte bereko uztailaren 8an bere azken partida jokatu zuen; Matxin izan zuen bikote, eta Elizalde eta Aizpururi 40-30 irabazi zieten. Hartaz gero, bizkar-muinean minbizia zuela antzeman eta urriaren 8an Basurtoko ospitalean ebakuntza egin zioten. Gaitza larria zen, eta 1993ko apirilaren 28an hil zen.

Apirilaren 30eko Galarretako jaialdia bertan behera geratu zen; pilotari eta pilotazale guztiek Urnietako hiletan egon nahi izan zuten. Frontoian Mattinek utzitako hutsunea nabaria zen, eta horrela, 1993ko irailaren 4an Galarretan jokatu zen buruz buruko finalean, omenaldi hunkigarria eskaini zioten. Jose Luisek eta Junkalek oroigarria jaso zuten Agerreren eskutik.  

Oroitzapena bizirik
Haren oroitzapena bizirik mantentzeko memoriala jokatzen da Sanmieletan, 2000az geroztik. Ingurukoek bereziki oroitzen dute Mattin. Bere emazte izan zen Junkal Gutierrez atzera begira jarri da: “Etorkizun oparoa zuen pilotari bikaina izan zen. Etxekoentzat, berriz, pertsona onbera, gertukoa, goxoa eta alaia izan zen. Pentsa, lagunek Txintxo deitzen zioten. Xumea, lagunen laguna zen. Gaixotasun larriak jota egon zenean ere, bere jarrera eredugarria izan zen".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!