36ko ekintzaile baten abenturazko testigantza pertsonala

Euskara batura ekarri ondoren berrargitaratu den Gerrateko ibilerak liburua aurkeztu zuten Urnietan atzo. Xabier Andonegi Alkainen arreba baten bilobak eta Pello Esnal eta Joxe Mari Iriondo Hauspoa saileko arduradunak egin zituzten aurkezpen lanak. Horientzat, liburua 36ko gerraren inguruko agiri historiko paregabea izateaz gain, abenturazko nobela baten moduan kontatutako kronika da.

Xabier Andonegik Berrasoeta baserrian bizitu izan zen Alkain familiaren gora beherak hartu zituen hizpide, hizketaldi jakingarri eta atsegina osatuz. Esnalek eta Iriondok, berriz, liburuan agertzen diren lau gertakizunen inguruan jardun zuten, horiek liburuaren arima izan litezkeela adierazi ostean.

Hain zuzen, lubakien bi aldetan izandako bertso saioa izan zen gertakizun horietako bat. Bizkaia eta Gipuzkoako mugetan ezarri zen gerrako lubakiaren alde banatan jarrita, Alkainek berak eta Amezketako artzain batek elkarri bertso mordoa kantatu zioten, zenbait gauetan. Bada, bertso horietako zenbait, Andoni Mujika Anatx urnietarrak eta Ion Beloki andoaindarrak berritu egin zituzten Lekaioko aurkezpenean.

Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariak hartu zuen hitza ekitaldiaren amaieran. Adierazi zuenez, erabat sinesgarriak dira Alkainek liburuan kontatzen dituen gertakizunak. “Irakurri ahala, edonor jabetuko da Alkainek bere alde konta zitzazkeenak kontatzen dituen bezala, berari kalte egin diezazkiokeen gauza asko ere jatortasun eta naturaltasun osoz kontatzen dituela”.

Unanueren ustez, San Migel jaien atarian, liburua opari izugarria da andoaindarrentzat eta urnietarrentzat bereziki, baina baita orohar Euskal Herri osoarentzat. “Liburu hau deituta dago gerra zibilari buruzko historiografian lekukotasuna ematen duten liburu nagusienetakoa izatera, Euskal Herriari dagokionez. Hiru liburukiak 1981ean argitaratu zirenean, Urnietan eskuz esku ibili ziren arrakasta izugarria edukiz. Nik hemen Urnietan inoiz ikusi ez dudan modukoa izan zen. Gaurtik aurrera arrakasta berdintsua edo handiagoa izango duelakoan nago”.

Hamar eurotan jarri da salgai liburua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!