Gaur goizean izan diren bi eraso sexistak salatu ditu Andoaingo Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 25a, 02:00

Sexu eraso bikoitza gertatu da Andoainen, gaur goizean. Horietako bat behintzat Leizotz industrigune inguruan izan da. Hori dela eta Udalak erasoak deitoratu eta biharko elkarretaratzea deitu du.

Adierazpen instituzionala:

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Gaur goizean, 2018ko irailaren 25ean, gure herrian gertatu diren bi eraso sexisten inguruan, zera adierazi nahi dugu udaleko udal talde guztiek:

1.- Irmoki salatu eta arbuiatu nahi ditugu herrian gertatu diren bi eraso sexistak

2.- Gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu erasoaren biktima izan diren bi emakumeei, baita ere bere inguru hurbilari ere.

3.- Jendarte parekidea eraikitzeko eta emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanak gainditzeko beharra inoiz baino ageriago uzten du gertaera latz honek. Horretan ardura berezia dugu erakunde publikook.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Emakumeen eguneroko ogia. Jendarte osoaren arazo larria. Oraindik, neurri handi batean, ezkutuan mantentzen da, justifikatu eta tapatu egiten da. Ez da inola ere, ordea, esparru pribatuari dagokion arazo bat. Arazo kolektiboa da, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea, emakume eta gizonena, herritar, elkarte zein erakundeena.

4.- Hori dela eta, erasoa salatzeko, 15 minutuko elkarretaratzea deitzen dugu biharko, irailaren 26rako, arratsaldeko 18:30etan, udaletxe aurrean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!