Gurutze Iantzi gogoan hartu zuten Urnietako plazan

“25 urte. 25 urte Gurutzeren bila goizaldean etorri zirela. 25 urte agindu judizialik gabe eraman zutela. 25 urte hilkutxa batean itzuli zela. 25 urte eta oraindik egiarik jakin gabe, aitortzarik gabe, justiziarik gabe, eta 25 urte gogoratu nahi ez, eta ezin ahaztu. Denbora pasa bai, baina mina desagertzen ez dela”. Hitz horietxekin ekin zion Gurutze Iantziren omenez jende ugari bildu zuen ekitaldiak, San Juan Plazan atzo ilunabarrean.

[Argazkiak]    [Bideoa]

 

1993ko iraileko gertakizunak gogoratuz segitu zuten. “Dakizuenez, gaur 25 urte, Gurutze, Madrilgo Tres Cantoseko polizia etxean hil zen, agindu judizialik gabe hara eraman eta poliziak inkomunikazio egoeran zeukalarik. Tres Cantosen egondako beste atxilotuek torturak jasan izana salatu zuten. Polizien erregistroetan  irregulartasunak agerikoak baziren ere, eta Iantziren gorpuak ubeldura eta odol-bilduak bazituen ere, berez hil zela, heriotza naturala izan zela esan eta azkar itxi zen kasua. Gaurko egunez, oraindik ez dakigu Gurutzeri berari zer egozten zitzaion atxilotua izateko”.

Une hunkigarri ugari bizitu ziren ekitaldian zehar. Horietako bat, Gurutze Iantziren senitartekoak oholtzara igo eta haiei aurreskua eskaini zitzaienean eta ondoren herritar ugariren eskutatik larrosa jaso zutenean gertatu zen. Sentitartekoen izenean Izaskun Iantzi, Gurutzeren ahizpak hartu zuen hitza eta, eskerrak eman zizkien omenaldiko antolatzaileei “geure zauriak pixka bat arintzen lagundu diguzue”, eta aldi berean, “besarkadarik goxoena” luzatu zien “torturatuak izan diren guztiei, milaka dira Euskal Herrian”.

 

Estatuak eragindako biktimak

Egiari Zor Fundazioa ordezkatuz Ane Muguruzak hartu zuen hitza, eta honek ere txalo zaparrada jaso zuen Gurutzeren ama -Kontxi Igerategi- eta senarra -Julen Irastorza- gogoan hartu zituenean, “Gurutzeren heriotza iluna argitu gabe, egia ukatuta joan zitzaizkigun”.

Ondoren, estatuak eragindako biktimen aldeko aldarria egin zuen Muguruzak. “Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan, pertsona asko hil dira azken merde erdian bizi izan dugun konfrontazio armatuaren ondorioz. Pertsona gehiegi. Gure geografian mota askotako indarkeriak egon dira, min eta sufrimendu handia sortuz. Zorionez, indarkeriaren biktima batzuk aitortuak izan dira, eta hala, nazioarteko legediak nola estatuko nahiz autnomia erkidegoetako legeek ematen eskubideak erabili ahal izan dituzte. Estatuen aparatuek erabilitako indarkeriaren kaltetuek ordea, orain dela hiru urtera arte existitu ere ez ziren egiten. Euskal Herriko instituzioetatik urratsak eman dira norabide horretan, baina oraindik, bide luzea egin beharko da gatazkaren testuinguruan estatuak erabilitako indarkeriak sortutako sufrimendu osoa aitortua izan dadin, heriotza eta erailketa bakoitzaren inguruko egia osoa jakitera emateko”.

Muguruzak  “bertsio ofizialen kutxa iluna irekitzeko” eskatu zuen bere mintzaldian. “Itzal asko daude heriotza askoren inguruan eta argia behar da. Giza eskubideei buruzko nazioarteko legediak eta egia ezagutzeko nazioarteko eskubideak ez dute inolako bereizketarik egiten giza eskubideen urraketak pairatu dituzten pertsonen artean. Giza eskubideak berdinak dira pertsona guztientzat pairatutako indarkeriaren jatorria edozein dela ere, eta pertsonaren kondizioa edozein dela ere. Are gehiago, nazioarteko legediak argi eta garbi dio exekuzio sumarioak, indarrezko desagerketak eta baita torturak ere, guztiz debekatuta daudela, giza eskubideen urraketa larrua baitira".

 

Bertsoak, Gurutze gogoan

Ekitaldian zehar, dantzarako, kanturako eta bertsoetarako tartea hartu zen.

Besteak beste, Joxe Fermin Argiñarena eta Jon Iturbe herriko bertsolariek hiru bertsolari abestu zituzten:

Joxe Fermin Argiñarena:

Heriotzaren berri mingarri

gure bihotza printzatu,

ta ze justiziz ta ze gizalegez

sugegorriak mintzatu!

Gau ilunian uso txuri bat

harrapatu ta giltzatu.

Ta hori nonbait gutxi etzala

torturatu ta hiltzatu (bis).

 

Jon Iturbe:

Gurutze Iantzik pasatakoaz

jartzen bagera pentsatzen,

denok dakigu zer gertatu zan

baina ez dute aitortzen.

Jarrera horrekin lan nekeza da

bake bidea sortzen,

borondaterik izan ezean

ez baita auzirik konpontzen (bis).

 

Joxe Fermin Argiñarena:

Batzuen ustez eskarmentu bat

Urnietan komeni zen.

Mugitzen zena nahiz errurik ez

azkar zuten detenitzen.

Bainan Gurutze, jarraituko den

oroimenean bizitzen.

Elkar maitatzen ginanontzako

inor ez den inoiz hiltzen (bis).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!