Gerrateko ibilerak liburuaren aurkezpena Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 23a, 02:00

Datorren asteartean, irailak 25, Iñaki Alkain urnietarrak eta Antonio Zavalak idatzitako 'Gerrateko ibilerak' kontakizun liburua aurkeztuko dute Lekaion. Arratsaldeko 19:00tan hasiko da ekitaldia.

Berrargitalpen honen zain egon da hainbat jende aspaldidanik, agortua baitzen 1980. urtean Auspoa sailak hiru liburukitan argitara emandako obra hau, aditu askorentzat Gerra zibilean Euskadin izandako gertakariei buruz dagoen lekukotasunik interesgarrienetakoa. Beraz, datorren asteartean aukera izango dute urnietarrek eta hurbiltzen diren bisitariek Lekaio Kultur Etxeko aurkezpenean eskuratzeko, Gerra zibila gurean ulertzeko ezinbesteko gertatzen den liburua.

Iñaki Alkainek 1970. urtean hasita azaldu zizkion gerra garaiko bere bizipenak Antonio Zavalari, eta urtebete pasatxoz elkarrekin bizipen horiek guztiak idatzi zituzten; Iñaki Alkainek gudari eta espia bezala Agirre lehendakariaren agindupean bizitutakoak gerra fronte osoan barrena eta baita etsaiaren lerro artean, 1936-1939 urte bitartean. Iñaki Alkain ez zen, baina, eginkizun horietan bakarrik ibili; Andoaingo Merdilladi baserriko Joxinixio Etxeberria izan zuen gorabehera eta abentura horietan guztietan lagun; oso izaera eta aiurri ezberdineko bi gizon baina bi adiskide handi. Izan ere, andoaindarra heriotzak Bilboko Artxanda mendiko borroketan jo zuen, Molaren tropa matxinatuetako soldadu batek baionetaz hil zuenean. Kontakizun horiek guztiak idazteko lanak, ordea, Aita Zavalak bakarrik amaitu behar izan zituen, Iñaki Alkain ezustean hil baitzen 1971. urteko azaroaren 12an, 54 urte besterik ez zuela.

Bere hiru liburutxoen arrakasta berehalakoa izan zen; bai gaiak, bai kontaeraren ulergarritasunak eta hurbiltasunak Alkain eta Zavalaren obra etxe askotara eraman zuten; Urnietan bertan eskutik eskura ibili ziren liburu horiek urteetan eta zer esan ugari sortu zuten, ez baitira gutxi obra horretan azaltzen diren urnietarrak...
Datorren asteartean, irailaren 25ean, bigarrengoz aurkeztuko da, bada, Gerrateko ibilerak. Oraingo edizioak, baina, badu ezberdintasunik: hiru liburukiak bakar batean bildu dituzte edizioaz arduratu diren Xabier Andonegik eta Pello Esnalek eta, gainera, euskara batura ekarri dute Iñaki Alkainen kontakizuna, baina bizitasun eta bertakotasun izpirik galdu gabe. Izan ere, Xabier Andonegi Iñaki Alkainen arreba baten biloba da. Argitalpena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduaren eskutik osatzen ari den Hauspoa bilduma berrituaren hirugarren zenbakia da.

Edizio berriaren aurkezpena Luis Gardek idatzi du, azpimarratuz “ahozkotasuna dela narrazio honetako balio handienetakoa eta gaurko idazleentzat eredugarria dela ahozko erregistrotik hurbil dabilen kontaera hau”. Begoña Durrutyrenak dira, berriz, idazlanean banaturiko marrazkiak.

Hitzaldia eta bertsoak Lekaioko aurpezpen ekitaldian
Aurkezpena Hauspoa taldeko Pello Esnal eta Joxemari Iriondok egingo dute, Xabier Andonegirekin batera, eta bertan bi bertsolarik ere parte hartuko dute: Andoni Mujika 'Anatx' urnietarrak eta Ion Beloki andoaindarrak, launa bertso kantatuko baitute, Iñaki Alkainek eta Amezketako artzain batek ibilera haietan, 1936ko Gerrako frontean, ondurikoak.

Aurkezpen ekitaldia amaitu ondoren, Lekaiora bertaratzen direnek liburuaren argitalpen berritua eskuratu ahal izango dute. Bertsozaleek datorren asteartean, beraz, hitzordua dute Urnietan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!