Irrintzi elkarteak BTT martxa antolatu du, lehenengoz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 24a, 02:00

Bizikletari estu lotutako elkartea da Irrintzi. Horri eutsiz, mendiko bizikletaz egiteko martxa antolatzen ari dira urriaren 7rako.

Urriaren 7an, goizeko 09:00etan jarriko dira martxan txirrindulariak. Errepidean baino gehiago, eskualdeko mendi-bide eta pistetan barrena ibiliko dira, 35 kilometroko ibilbidea bete arte. Villabonako Irrintzi elkarteak antolatu du BTT martxa. Lehendabiziko edizioa izango du aurtengoa, baina antolatzaileek badute jarraipena emateko gogo eta indarra.

Borja Aranzabe, Oier Larrañaga, Iker Medrano, Gaizka Ezeiza eta Urko Arin ari dira, batik bat, froga antolatzeko lanetan. Borja Aranzabek azaldu duenez, “martxa zikloturista antolatzen zuen elkarteak, errepidean, baina iaz galdu egin zen. Txirrindularitzari lotutako ekitaldiren bat antolatzeko gogoa genuen eta momentu honetan saltsa horretan gabiltzanok mendian ibiltzea dugu gustuko. Horregatik sortu zen BTT martxa antolatzeko ideia”.

Aspaldiko ideia

Zenbait hilabete daramate ideia horri bueltak ematen, baina bi hilabete izango dira ekimena gorpuzten hasi zela. “Mendira ateratzen ginen bakoitzean etortzen zitzaigun burura froga egitearena. Zirkuitua zein izan zitekeen pentsatzen, toki egokienak aukeratzen… Uztaila inguruan hartu genuen aurrera egin eta martxa antolatzeko erabakia. Momentu horretan hasi ginen babesleak bilatzen, behin betiko zirkuitua zein izango den zehazten, etab.”

Villabonako plazan elkartuko dira mendiko bizikletaren zaletuak. “Amasara igo, handik Komizarrera, Onddoko borda, Belabieta, Belabieta txiki, Loatzo, eta handik Villabonara. 35 kilometro inguruko ibilbidea da eta hiru anoa-gune izango ditugu. Belabietan lehendabizikoa, Loatzon bigarrena, eta Villabonako plazan azkena. Lehendabiziko bietan fruta, ura, txokolatea…, horrelakoak izango dira, eta Villabonakoan pintxo beroak, edariak, etab.”. Material ezberdina ere zozkatuko dute.
{{IMG-41807}}

Lasterketa ez, martxa

Urriaren 7ko froga ez da lasterketa izango, martxa baizik. Aranzaberen iritziz, garrantzitsua izango da martxaren hasieran indarrak ondo neurtzea. “1350 metroko desnibela du, ibilbide gogorra da. Kilometro gutxitan asko igo behar da eta garrantzitsua da indarrak ondo neurtzea. Hori egin ezean, sufritzea egokituko da”. Lehendabiziko igoeran jarri du begia Borjak. “Villabonako plazatik irten eta Belabieta Txikira iritsi arte, ez dago atsedenik, erabat gorantz joan behar da. Zenbait gune, bestalde, nahiko teknikoak dira. Ibilbidea orokorrean teknikoki nahiko erraza bada ere, zenbait puntutan beharrezkoa da teknika pixka bat edukitzea. Teknikarik ez duenak, hanka lurrean jarri beharko du ziurrenik”.

Lehendabizikoek hiru ordu inguru beharko dituztela aurreikusten dute antolatzaileek. Goizeko 09:00etan abiatuta, 12:00ak alderako plazan izango dira, beraz. “14:00etan itxiko dugu plazako postua. Ez dugu uste inork ordu horretarako iristeko arazorik izango duenik. Hala ere, antolakuntzako norbait joango da beti martxa ixten”.

Izen-ematea, zabalik

Izen-ematea dagoeneko zabalik dago. Kirolprobak.com webgunean dagoeneko hasi dira lehen parte-hartzaileak izena ematen eta baita Villabonako RK tabernan ere. 10 euro ordaindu beharko dute txirrindulari federatuek, eta 13 euro federatu gabeek. Azken momentura arte itxaron, eta egunean bertan izena ematea erabakitzen dutenek ere, izango dute horretarako aukera, Errebote plazan, 07:00etatik 08:00etara. Kasu horretan, 15 euro ordainduko dute federatuek, 18 federatu gabeek. Gehienez 300 txirrindularik eman ahal izango du izena lehen edizio honetan. “Aurreko esperientziarik ez dugunez, ez dakigu zenbat jende animatuko zaigun. 200 inguru etorriko balira, oso pozik geldituko ginateke. Izen handiko martxek erraz lortzen dute 300 txirrindulari inguru biltzea, baina guretzat lehendabiziko aldia da, eta ez dakigu jendeak nola erantzungo duen”. Ibilbidea prestatzen ari dira egunotan, eta dagoeneko sumatu dute martxan parte hartzeko asmoa duten txirrindularien joan-etorria.

Eguraldiak asko baldintza dezake parte-hartzaile kopurua. Hala azaldu du Borjak: “Bezperan edo goiz horretan bertan zaparradaren bat botatzen badu, badakigu jende gutxiago etorriko dela. Froga bera ere pixka bat baldintza dezake euriak. Izan ere, lurra lokaztuta badago, denborak asko luzatuko baitira”.

Goruntz datorren kirola

BTT martxak geroz eta ugariagoak dira inguruan. Udazkenean ia asteburu guztietan dago frogaren bat. “Udaberrian ere izaten dira batzuk, baina uda amaituta, BTT froga mordoa izaten da aukeran. Egutegiari begiratuta, beste frogarik egongo ez zen egunen bat aurkitzen saiatu ginen eta uste dut lortu dugula”. Geroz eta zaletu gehiago du mendiko bizikletak: “Errepidean zebilen jendea ere hasi da mendian ibiltzen. Geroz eta jende gehiago dabil eta horrek bidea errazten die hasi nahi dutenei”, azaldu du Borjak. Bizikleta elektrikoaren bultzada ere azpimarratu du Borjak: “Jende askori zabaldu dio mendian barrena bizikletaz ibiltzeko eta gozatzeko aukera. Beste modu batera mendian gora eta behera ibiliko ez litzakeen jendea ari da gerturatzen. Oso emaitza onak ematen dituzte bizikleta horiek. Jaitsiera teknikoetarako baldar xamarrak izan daitezke agian, baina gainerantzean, erosoak dira”. Amasa-Villabonako 1.go BTT martxan bizikleta elektrikoekin ateratzeko aukera egongo da. “Ez da lasterketa izango, beraz, ez dago inolako eragozpenik izango bizikleta elektrikoarekin gerturatu ahal izateko. Leitzako martxan izango da monozikloarekin aterako denik ere, pentsa”.

Ibilbide egokiak inguruan

Eskualdeko mendiak oso egokiak dira mendiko bizikletaz ibiltzeko, hala azpimarratu du Borja Aranzabek: “Oso ibilbide politak daude inguruan. Orain, gainera, badago BTT-a eta enduro modalitateak bultzatzeko ekimen bat. Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-laguntza eman digu mendiak garbitu eta teknikoki egokiak izango diren ibilbideak prestatu ahal izateko”. Aurrez gazte koadrila zaletu bat ibili izan da bideak prestatzen, “aitzurrak hartu eta ibilbidea prestatzen aritu ziren; bihurgune peraltatuak, jaitsierak… Loatzo, Belabieta, Uzturre…, inguru hau oso egokia da horretarako”, azaldu du.

Eskertza

Antolaketa lanak egitea egokituko zaio Borjari egunean bertan: “Nahiko lan izango da, eta ez dugu martxan parte hartuko. Bolondres askoren laguntza ere izango dugu bidegurutzeak kontrolatzeko, anoa-guneetan egoteko, etab”. Herriko eta eskualdeko zaletuek goza dezatela nahi dute martxaren antolatzaileek: “Batzuei laguntza eskatu diegu aurreko lanak egiteko: bideak garbitu, ibilbidea markatu…, baina egunean bertan martxan ateratzeko aukera izan dezatela nahi dugu. Guk egingo ditugu egin beharrekoak, eta bizikletan ateratzeko asmorik ez dutenei eskatuko diegu laguntza”.

Lehen edizioa amaituta egingo dute balorazioa, baina martxari jarraipena emateko asmotan dira antolatzaileak. Gogoan izan dituzte, baita ere, martxaren babesleak: “Batetik, Udalak Irrintziri ematen dion diru-laguntza ezinbestekoa zaigu martxan antolatzeko eta bestetik, eskerrak eman nahi dizkiegu zozketarako materiala ematen ari zaizkigun dendei”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!