Urnietako pasadizo beltzenetakoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 21a, 02:00

40 urtetik gorako urnietarrek nekez ahaztuko dute 1993ko irailean herrian gertatu zena. ETAk bahituta zeukan Julio Iglesias Zamora Adarramendin gordeta zeukatelakoan, Guardia Zibilak Urnieta hartu zuen hiru astez.

Dozenaka poliziek inguratuta eduki zuten herria gau eta egun, eta 3.000 biztanleko gune lasaia komunikabideen erakusleiho bihurtu. Batez ere operazio hark zer ekarri zuen ikusita: hogeitaka atxilotu, ia denak tortura latzak jasandakoak; lau urnietar kartzelara, eta bat, errugabea, Urnietara hilkutxa batean ekarri zutena: Gurutze Iantzi. Kartzelan egon zirenetako hiru lagun, eta atxilotu ondoren aske utzi zuten beste herritar bat bildu ditu Aiurri astekariak Besabin. 1993ko irailean Guardia Zibilaren kuartel inprobisatua bilakatu zen tokia, hain zuzen ere.

Gonbidapenari baiezkoa emateko zalantzak izan dituzte: “Eta beste norbaiti esaten badiok, zer moduz?”. Oroitzapen tristeak gogora ekartzea ez da erraza. Egunerokoan oharkabean geratzen dira memoriako txoko batean, baina haiei buruz galdetzen hasita… komeriak. Xabier Lasartek horrela hasi du solasaldia (48 urte): “Gaur halako tope bat izan dut sabelean, eta pentsatzen dut gai horri buruz hitz egitera natorrelako dela. Ahaztu ez naiz egin, sekula ez. Egunero gogoratzen naiz egun haietaz. Gestionatu egiten duzu”. Karmele Urbistondok, txanda (50 urte): “Ikasi dut horrekin bizitzen, baina azken 3-4 egunetan gaizki egin dut lo, hortzak estutzen, hemengo mina… ez da inoiz ahazten, eta modu batean edo bestean azaltzen da”.

“Ez da inoiz desagertzen”, bota du Ramon Urdangarinek (50 urte). Euken Garmendiak (47 urte), aldiz, ez du halakorik sentitu: “Ez nago urduri. Ez nintzen kartzelaratua izan, eta atxiloketa egunei buruz hitz egiteko talde bat elkartu ginen aspaldi (Sarea Taldea, liburua ere argitaratu zuten). Bakoitzak bere barruko gauzak atera zituen, eta hitz egin nahi ez genuenaz mintzatu ginen. Barruak askatu nituen bere garaian”. Laurak izan ziren atxilotuak. Hiru kartzelan geratu ziren: Lasarte, Urbistondo eta Urdangarin, lau urte baino gehiago. Euken libre utzi zuten. “Fisikoki”, zehazten du. Psikologikoki denbora eman zuen gertatutakoa ahaztu ezinik, antsietateak jota. Ziegan pasatakoak ahaztu ezinik. 

Bost egun. 144 ordu bukaezin. Tortura hitza entzun eta kolpatu gabe, kolpea hartu duenaren aurpegia jarri dute denek. Labur hitz egin dute, sumatzen da ez direla eroso sentitzen. Esandako apurrekin, baina, nahikoa eta gehiegi Madrilgo ziegatan pasa zituztenak publiko egiteko. Laburpena, esaldi batean. Lasarterena: “Nik kartzela urteak ordainduko nituzke, musu truk, egun horietako bakar bategatik. Bost urte ere bai, igual”. Infernu bat omen: “Bideratzen zaituzte beraiek nahi duten egoerara. Txotxongilo bat zara euren eskuetan, eta beraiek nahi dutena esaten duzu azkenerako”.

Urdangarinek Urnietatik Antiguako kuartelerainoko bidea du iltzatuta: “Dozena bat Guardia Zibil nituen inguruan, kolpeak eman eta eman. Medikuak galdetu zidan, ea zer moduz nengoen… Esan nion, kolpez josi nindutela, eta bueltan beste razio bat jaso nuen!”. Garmendiak injekzio bat sartu ziotela du gogoan, “oraindik inon agertzen ez dena. Zer sartu zidaten ere ez dakit! Urnietara etorri ziren Guardia Zibilek, hemen lan egiten zutenek, ez zuten neurririk, berdin zitzaien dena”. Urbistondo ere ondo gogoratzen da, Tres Cantoseko komisaldegitik Entzutegi Nazionalera bidean, nola esan zioten: ‘Bueno Karmele, ya sabes lo que le tienes que decir al juez, que si no ya sabes que te esperamos aqui de vuelta’.  “Psikikoki hondoratu egiten zaituzte, profesionalak dira”. Obsesio berezia omen dute emakumeekin, “sexu kontuarekin: ‘que si a cuantos te has follado, a la noche vendré y ya verás que bien lo vamos a pasar…’.

Aitortzarik ez

Pasatakoen inguruan erakunde, politikari, agintariren baten arreta jaso ote duten galdetu diegu. Erantzun biribila: Ez. Iaz, Jaurlaritzak torturak jasan zituztenen txostena osatu zuen, Pako Etxeberria forentseak gidatutako taldeak, eta horrek halako arnasa eman diela onartzen du Lasartek: “Bai, pauso garrantzitsua da. Ni neu Etxeberriarekin egon naiz, eta gure kasuaz lasai, parean aditu bat dagoela hitz egin ahal izatea oso garrantzitsua da”. Barruak askatu ahal izatea, baina, gauza bat da, eta aitortza bestea. Lasarte oso kritiko mintzatzen da: “Gu ez gaitu inork atenditu, arreta eskaini. Guk kartzelarekin ordaindu genuen gure zorra, eta orain, gure aldetik, borondate argia dago sufrimendu guztiei aurre egiteko. Sendabide bat behar du komunitateak gure kasuari dagokionez. Eta ez naiz ari torturatzailea atxilotu eta zigorra jartzeaz. Ari naiz guk atentzio bat merezi dugula. Gure atxiloketa eta ziegako bost egunetan gertatu zena parametro antidemokratikoetan oinarritu zen. Ez dakit horretaz jabetzen garen… Hori gure kasuan, pentsa Gurutzeren familia…”.

Herriko pertsona batzuekin bizi izan zuena ere ekarri du solasaldira Lasartek: “Niri ezker abertzale ingurukoa izan ez eta laguntza edo babesa eman didan pertsona bakarra Luis Goikoetxea izan da: elektrizista. Galdetu egin zidan ea torturatu ninduten, eta baietz esan nion. Kartzelara ere bisitan etorri izan zen. Egia da Luisekin harreman pertsonala baneukala lehenagotik. Iñaki apaiza ere aipatu nahi nuke. Iñakik zenbat lan egin zuen gurekin, ikaragarria, gauza asko ateratzeko. Setienekin, hark Arzalluzekin… eta egindako lanaren truke ze mespretxu keinu jaso zituen. Bestelakoan? Ezer ez! Ez alkaterik, zinegotzirik, politikaririk… ‘Zer moduz hago?’ soil bat… Jose Manuel Martiarena agurtzen dut, berak ni ere, biok badakigu zer dagoen…  Eta agurtzen gara! Diodana da gertatu zena ez dudala inoiz ahaztuko, eta jende guztia atenditu beharra dagoela ere bai… politikak eta alderdi politiko bakoitzak berarekin dakartzan edo dituen presioen gainetik”. 

Garmendia ere oso kritiko da: “Torturak jasan ditugun pertsonekiko arreta edo laguntza falta itzela nabaritu izan dut nik ere. Tortura da onartzen den gauza bat, baina onartu gabe. Jendeak dio: ‘bueno, egin dira, baina ez diotena bezain beste’”. Pasadizo bat badu, gogoan, atxiloketa ostekoa. “Londresera joan ginen, gure lekukotza nazioartean zabaltzeko. Ni hondoratu egin nintzen, eta han Tele 5 telebistako kazetari bat zegoen, eta hala esan zuen: ‘No conozco a este chico, y no se si será actor, pero si lo es, lo ha hecho muy bien. Yo me he creido todo lo que ha dicho, desde la primera hasta la última palabra. Luego mi medio de comunicación contará lo que le parezca oportuno, pero a mi su relato me ha parecido creíble”.

Eta eskaera bat, Urbistondoren partetik: “Tortura existitu dela mundu guztiak dauka asumituta. Gauza bat da errealitate hori ezkutatzea. Nahi ez duenak ez du sinetsiko, baina existitu dela… Nik jasandako torturen inguruan ez dut gezurrik esan, eta duda egiten dut torturak salatu dituen norbaitek hala egin ote duenik. Gurearen moduko trantzean egon denak, hiru, bost egun ziega batean, ezin du guk egindakoaren errelatorik asmatu, inbentatu. Ezinezkoa da. Gertatu egin zen, eta horrek atentzioa, ardura bat eskatzen du. Izan politikoa, komunitatearena, familiarena… Euskal Herrian bizikidetza oso bat gauzatuko bada, torturatuak izan ginenok ere aintzat hartu beharko gaituzte. Erritmo eta epetan ez naiz sartzen, baina aintzat hartu beharko gaituzte”.

Zergatik Urnieta?

1993an Urnietan gazte mugimendu handia zegoela gogoratzen du Urdangarinek, “baina operazio hark erabat desegin zuen militantzia guztia. Kartzelatik atera nintzenean ere, herriko militantzia hilda ikusi nuen, eta ulertzekoa zen, gurekin egin zutena eginda. Izua zabaldu zuten, eta jendea beldurtuta zegoen”. “Eta dago”, dio Urbistondok: “Oraindik bada saltsetan ez duela sartu nahi esaten dizun jendea”. Mende laurdena pasata, Urnietan gertatu zena esperimentu bat bezala ikusten du. “Ondorio latzak izan zituen esperimentuak eta inork erantzukizunik hartu gabe!”

1993ko testuinguru politikoa hartu du ahotan Lasartek: oso agerikoa omen zen ETA eta Espainiako Gobernuaren artean lehia handia zegoela. “Aurreko urtean Bidarteko kolpea eman eta ETA bukatu zutela saldu zuten… baina ez zen hala izan, lehia militarra zegoen bi aldean artean, eta 1993an egurra etorri zen. Urnietako segadan denerako baimena zuten Guardia Zibilek. Barra libre, esaten den bezala”. 

Garmendiak gertutik jarraitu zuen sarekada hark Urnietan izan zuen jarraipena: “Besteak beste txosnen gaiarekin, debekuak eta beste Udaletxean. Herri txiki bat aukeratu zuten, non ezkerreko mugimendua indarra hartzen ari zen, eta txikitu egin zuten dena. Mediatikoki ere jarraipen itzela eduki zuen, gezurra han eta hemen”. 

Zer esan, belaunaldi berriei?

Urnieta hazi egin da ikaragarri azken mende laurdenean. Bere populazioa bikoiztu du, eta gazte askok ez dute arrastorik 25 urte atzera herrian gertatu zenaz. Lasarte, Urdangarin eta Garmendiaren seme-alabek bai. Uxue Urdangarin aita atxilotu zuten egun berean jaio zen, eta bere aitak dioenez, etxean, momentua bilatu dutenean, hitz egin izan dute une hartaz: “Badakite zer gertatu zen”. “Bere kabuz ere informazioa bilatzen badakite egungo gazteek. Nire seme zaharrenak begiratu duela badakit”, dio Eukenek. “Nahikoa da Google-en nire izena jartzea”.

Laurek 1993 urrun hartako irailean bizi izan zuten pasarte hark noizbait Euskal Herriaren memorian tokirik izango ote duten galdetuta, honatx laukotearen hausnarketa: “25 urte barru hemen egongo garen ere ez dakigu…”. “Nik tortura kasu epaiketa normal bat ikusiko nuke, Argentinan bezala”, dio Lasartek. “Paperak desklasifikatuko dira noizbait, ez? Ez dakit Uxuek, edo Uxueren alabaren alabak ezagutuko duen benetako egia, baina etorri beharko luke. Gu baino lehenago askoz jende gehiago torturatu zuten, eta hor jarraitzen dute, batere berririk gabe. Nik, eta ni bezala askok, atentziorik ez jaso izana herri bezala ere ahuldu egiten gaituela uste dut”.

Urdangarinek Frankismoarekin gorpuzkinekin oraindik bueltaka dabiltzala dio. “Orain dela 80 urteko kontuak! Gurea 25 urte atzera pasa zen, pentsa! Guk ere gure aletxoa jarri behar dugu, gurea bezalako pentsamendurik ez dutenekin elkarrizketa sustatuz. Gero torturak badu gauza bat: ez da ikusten. Kanpotik ondo gaudela dirudi, baina barrutik ikusten ez dugun mina daukagu. ‘Por algo será’ esaldi hori hor dabil bueltaka, oraindik…”. Esaldi horrekin lotuta, egun bizi den errelatoaren borroka, Urbistondoren hitzetan: “Herri honetan egi asko daude. ETAk jende asko hil duela? Bai, egia. Baina milaka torturatu ere badaude, eta polizia enfrentamenduetan hildakoak ere bai. Onartuko al da noizbait? Mekanismoak jarri beharko dira kaltetu guztiei eskatzen duten laguntza emateko, zauriak sendatu eta kanalizatzeko. Erreparazioak zintzoa eta benetakoa izan behar du, ez bati edo besteari komeni zaiolako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!