Urkiko dantzariak, Telmo Esnalen ‘Dantza’ filman

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 22a, 02:00

Irailaren 23an, igandearekin, estreinatuko dute Donostiako zinemaldian, Telmo Esnalek zuzendutako Dantza filma. Andoaingo Urki taldeko dantzariek euren alea jarri dute.

Euskal Herriko dantza talde ezberdinetako kideek hartu dute parte Dantza filman. Tartean izan dira Andoaingo Urki dantza taldeko gazteak. Telmo Esnal zuzendariaren aspaldiko nahia zen dantzari lotutako filma egitea, eta Koldobika Jauregi artista eta Iñaki Urbeltz izan ditu bidelagun filma osatzeko. Bizitzaren zikloa irudikatzen duen filma osatu du, dantza ezberdinak sinbolo gisa hartuz.

Maider Callejon, Ainhoa Mujika, Eñaut Egaña, Andoni Alonso, Leire Etxeberria eta Koldo Antolinez dantzari andoaindarrek hartu dute Dantza filman, Euskal Herri osoko beste hainbat dantzarirekin batera. Donostiako Argia dantza taldeko kideak arduratu dira filmerako dantzariak lortzeaz eta bide horretatik iritsi zaie aukera Urki dantza taldeko kideei. “Jokin Otamendi Argiako dantzaria, Urkiko irakasle izan da urte askotan. Bere bidez iritsi zitzaigun gonbidapena, eta zalatzarik gabe eman genuen baiezkoa”, azaldu dute.

Zaragozan

Zaragozako El Planeron parke naturalean egin zuten andoaindarrek lehendabiziko grabaketa. Leire Etxeberria eta Andoni Alonso joan ziren lehen grabaketa hartara.

“Oso estetika berezia du filmak; jantziak, orrazkerak…, dena da berezia. Adibidez, zomorroz jantzita egin nuen nik dantza. Zomorro izurrite bati gizakiak nola aurre egin zion irudikatzen du eszena horrek. Ezpata dantza da oinarria eta bertan, gizakiak borroka egiten du zomorroen aurka, izurriteari aurre egiteko”, azaldu du Leirek.

Andonik ere ondo gogoan du Zaragozako grabaketa hura. “Asko gozatu nuen, baina baita sufritu ere. Izan ere, lesionatu egin nintzen eszena hura grabatzen. Oroitzapen polita dut, baina baita sufrikarioarena ere”. Esperientzia berria izan da Andonirentzat: “Zaragozako hartan, pixka bat antzeztea ere egokitu zitzaigun. Dantza egitera ohituta gaude, baina ez antzeztera. Nolako aurpegia jarri behar genuen esaten ziguten grabatzen hasi aurretik”.
{{IMG-41799}}

Zinea, barrutik

Urkiko gazteei zine mundua barrutik ezagutzeko aukera eman die Dantza filman parte hartzeak.” Grabaketa egin behar zen gunera iritsi orduko jendea etortzen zen ingurura. Jantzi egiten gintuzten, orraztu, makillatu…, grabaketen artean ura edo jatekoa ekartzen ziguten, orrazkera edo makillajea berriz ere txukundu…, aktoreak bagina bezala sentitu ginen”.

Film bakoitzaren atzean dagoen lan handiaz ere jabetu dira gazte andoaindarrak. “Mugimendu berdina behin eta berriz errepikatu genuen, plano ezberdinak grabatzeko. Eszena bakarra grabatzeak lanordu asko eskatzen zituen. Askotan errepikatzen genituen dantzak, erabat ondo atera eta beharrezko plano guztiak osatu arte”, azaldu du Ainhoak.

El Planeron grabatutako eszenan, adibidez, antortxak zituzten eskuetan, “haizea zebilen, eta behin eta berriz itzaltzen zitzaizkigun; batena ez zenean bestearena. Dantza behin eta berriz errepikatu behar izan genuen, guztia erabat ondo atera arte”.

Entseguak

Entsegu gutxi behar izan dute Urkiko dantzariek. “Grabaketen aurretik pare bat aldiz elkartu ginen, azalpen nagusi batzuk jasotzeko. Nolanahi ere, oinarri ona dugu eta grabaketan bertan, horrenbeste errepikatzearen ondorioz, erraz ikasi genituen dantzak”, diote irribarretsu.
{{IMG-41800}}

Giro polita

Leitzako plazan egindako grabaketa saioan 200 dantzari inguru elkartu zen eta hantxe ziren sei andoaindarrak. Bizitako giro ederra azpimarratu dute Urkiko gazteek. “Bero handia zegoen eta pixka bat sufritzea egokitu zitzaigun. Eguzkitarako krema ematen ziguten, baina, ederki gorrituta amaitu genuen eguna. Hala ere, ondo pasa genuen. Oso giro polita sortu zen gure artean eta grabaketa etenda zegoen momentuetan ere, beti zegoen dantzarako gogoz zegoen norbait. Oso egun polita izan zen”.

Ikusteko gogoz

Donostiako zinemaldian estreinatuko dute Dantza, eta Urkiko kideak ikusteko gogotsu daude. “Oraindik montaia egiten hasi berri zegoenean, sagardotegira gonbidatu gintuzten grabaketatan parte hartu genuen dantzariok. Filmaren zati txiki-txiki bat erakutsi ziguten. Osoa ikusteko gogo biziz gaude”.

Estetika oso zainduko filma dela aurreratu dute Urkiko dantzariek, baita sinbologiari lotutakoa ere. “Dantzaren bidez kontatzen dute istorioa. Oso hitz gutxi dago, bi protagonista nagusien arteko elkarrizketa laburra besterik ez. Istorio hori nola islatzen den ikusteko gogoz gaude denok”, azaldu dute gazteek. Irudien indarra, paisaien edertasuna, dantzaren protagonismoa…, horiek aurreratu ahal izan dituzte gazteek. “Zinemaldian estreinatu aurretik, dantzarientzako pase pribatu bat antolatu dute eta han izango gara. Sagardotegian erakutsi zigutenagatik, badakigu irudiak oso polita izango direla, indartsuak”.

Zine aretoetan

Bost aldiz emango dute Dantza Zinemaldiko sail ofizialean, lehiaketatik kanpo. Abenduan berriz, zine areto komertzialetara iritsiko da filma. “Ea zer nolako harrera duen. Ez dut uste film erraza izango denik, pentsarazi egingo duela uste dut, sinbologiari zentzua hartu nahi dionak buruari eragin beharko dio ziurrenik”, aipatu du Leirek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!