Asteasuko Udalak eta Harituz bertsozale taldeko kideek antolatu dute Pello Errota sariketa. Haritz Mujika zinegotziak azaldu duenez, “Pello Errota hil zeneko mendeurreneko ekitaldiak antolatzen hasi ginenean, Harituz taldekoengana jo genuen. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun bertso-sariketa antolatzea, eta Harituzekoen esku geratu zen ardura hori hein handi batean. Haiek eman zioten forma sariketari eta baita parte hartuko zuten bertsolarien zerrenda osatu ere”.
Berezitasuna
Pello Errota sariketaren ezaugarri nagusienetakoa parte hartuko dutenenen adin tartea da. Unai Mendizabal Harituz taldeko kideak eman ditu azalpenak: “25 urte arteko bertsolari gazteei zuzendutako sariketa ugari antolatzen da Euskal Herrian; Osiñalde, Lizardi, Erniarraitz, Teodoro Hernandorena, Abra, Berritsu, Mikel Laboa… 25 urtetik aurrera, ordea, sariketen zirkuitu horretatik atera egiten da bertsolaria. Iruditzen zitzaigun bazegoela bertsolari talde bat, zirkuitu horretatik kanpora geratzearekin batera bertsotan aritzeko aukera gutxirekin geratua zena, nahiz eta maila onean aritu”. Haiengan pentsatuta, 25 urtetik gorako bertsolariei zuzendutako sariketa izango da Pello Errota sariketa. “Goitik ez dugu adin muga zehatzik ezarri, baina 35 urte ingurukoa izango da helduena”, gaineratu du.
Maila oneko bertsolariak
Irizpide ezberdinak kontuan hartuta osatu dute sariketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda. Haritz Mujikak azpimarratu duenez, “maila oneko bertsolariak ekarri ditugu, saio txukunak izan daitezen”. Unai Mendizabalek gehitu duenez, “kolore eta bertsokera ezberdinetako ahotsak batu nahi genituen. Saio orekatuak izan zitezela bilatu dugu. Bilaketa horren ondorioz, ia Euskal Herri osoko ordezkariak izango ditugu; Araba izango da ordezkaririk geratuko den lurralde bakarra”. Kanporaketa bakoitzean bi emakume ere ariko da bertsotan. “Lau emakume ariko dira bertsotan, bi kanporaketa bakoitzean”.
Genero ikuspegia zaintzeko ahalegin berezia egin dute epaimahaia osatzerakoan. “Eskualdeko kideekin osatu nahi genuen epaimahaia, baina eskualdean ez dago ofizialki epaile lanetan aritzen den emakumerik. Gipuzkoako Txapelketan lanean aritu den taldearengana jo dugu, emakumeen parte-hartzea eskatuz. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun ikuspuntu hori zaintzea”.
Bi kanporaketa eta finala
Zizurkilen eta Anoetan jokatuko dituzte sariketako bi kanporaketak. “Sei bertsolari arituko dira kanporaketa bakoitzean. Zizurkilen egingo da lehendabizikoa, irailaren 28an, Atxulondo kultur etxean, 22:00etan hasita. Beñat Lizaso, Arrate Illaro, Xumai Murua, Saioa Alkaiza, Beñat Iguaran eta Axier Azpiroz ariko dira lehendabiziko saio horretan. Beñat Iguaran izango da eskualdeko ordezkari bakarra”, azaldu du Unai Mendizabalek.
Anoetako Mikela Sagasti aretoan egingo dute bigarren kanporaketa saioa, urriaren 5ean, 22:00etan hasita. Eneko Lazkoz, Eneritz Artetxe, Unai Gaztelumendi, Aimar Karrika, Oihana Bartra eta Txomin Azpiroz arituko dira bertsotan. Anoetarra da Azpiroz, etxean arituko da beraz. Imanol Artola “Felix” arituko da gai-jartzaile lanetan bi kanporaketa saioetan.
Sarrerak
Momentuan bertan salduko dituzte kanporaketetarako sarrerak. “Gastuei aurre egin ahal izateko prezio sinbolikoa jarriko diegu sarrerei”. Finaleko saioa berriz bertso-afari formatuan antolatu dute. Asteasun egingo dute, urriaren 20an, larunbatarekin, Asteasuko Iturri-ondo jatetxean. Kanporaketa bakoitzeko bi bertsolari onenak sailkatuko dira finalerako. Lau bertsolari ariko dira, beraz, Asteasuko saioan. Iker Iriarte izango da gai-jartzaile.
Urriaren 18ra arte egongo dira salgai finaleko txartelak, Iturri-ondon bertan, 20 euroren truke. “Kanpotik jendea etorriko dela iruditzen zaigu, eta horregatik, mail bidez sarrerak erretserbatzeko aukera ere zabalik dago. harituz.bzt@gmail.com helbidera idatzi beharko du interesa duenak”, azaldu du Mendizabalek.
Mikaela Elizegi
Pello Errota sariketako lehen bi sailkatuek jasoko dute saria, baina finaleko bertsorik onenak ere izango du saririk. Haritz Mujikak azpimarratu duenez, “Pello Errota goraipatzeko antolatutako ekitaldi hauetan, garrantzitsua iruditzen zitzaigun Mikaela Elizegik ere bere tartea izatea. Izan ere, Pello Errotaren berri badugu, berari esker izan da. Bernardo Atxagak, esaterako, behin eta berriz azpimarratu du Mikaela Elizegiren garrantzia Asteasuko hizkera edota Pello Errotaren bizitzaren berri zabaltzerako garaian. Bertso onena saritzea, gainera, bereizgarri polita izango zela iruditu zitzaigun”.
Jarraipena
Lehendabiziko edizioa izango da aurtengoa, baina jarraipena emateko gogoz heldu diote erronkari Harituz taldeko kideek. “Fernando Amezketarraren omenezkoari, eta Harituz taldeak antolatutako gainerako sariketei jarraipena eman nahi genieke. Urteroko maiztasunarekin izan gabe, eutsi egin nahi genieke. Egutegian beste sariketa edo txapelketekin bat ez egitea da zailena. Jendea gehiegi betetzea ez da komeni eta neurria bilatu behar zaio”, azaldu dute.
Saioetara gerturatzeko gonbita luzatu dute nola Haritzek hala Unaiek. Horretarako aukerarik ez duenak, ordea, izango du sariketaren berri jasotzeko aukerarik. Izan ere, Harituz bertso taldeak jarraipen zehatza egingo baitio sariketari sare sozialen bidez eta (H)Ari naizela irratsaioan ere izango du bere tartea.