‘Lau sasuak’ ikusteko aukera bakarra, eskualdean bertan

Irailaren 23an, igandearekin, aparteko musika emanaldia jasoko du Larraulgo elizak. Musika klasikoa eta euskal musika tresnak uztartu egingo dira Lau sasuak emanaldian.

Ia urtebeteko prozesua eskatu du Lau sasuak emanaldia Larraulera ekarri ahal izateak. Kultura batzordeko kideek azaldu dutenez, ez da erraza izan helburua lortzea. “Maila handiko musikariak dira, orkestra ezberdinetan dabiltzanak. Haien agendak oso estuak izaten dira, eta Larraulgo kontzerturako data lotzea ez da batere erraza izan. Oso pozik gaude azkenean lortu ahal izan dugulako”, azaldu du Aitor Atxegak.

Edertasuna bereizgarri

Vivaldiren lau urtaroak eskainiko dituzte, baina berezitasun nagusi batekin: euskal musika tresnak uztartuko dituzte. Aitor Atxegak jakinarazi duenez, “musika barrokoak askatasuna zuen ezaugarri nagusi, eta askatasun hori baliatuz, euskal tradizioko doinu eta tresnak txertatu dituzte Lau Sasuak emanaldian. Emaitza ikaragarri ederra da. Estetikari begiratuta, edertasun ikaragarria duen saioa da”. Arranoa hari-laukoteko Marina Beheretxe biolin jotzaileak sortu zuen proiektua 2015ean. Orduz geroztik, hainbat emanaldi eskaini dituzte, baina hauxe izango dute lehendabizikoa hegoaldean.

Vivaldiren lau urtaroak udaberriari eskainitako piezarekin hasten da, “horregatik, Larraulgo emanaldia udaberrirako lotzeko saiakera egin genuen, baina ezinezkoa izan zen. Azaroko Kultur Asterako antolatzea izan zen hurrengo pentsamendua, baina hori ere ezin. Irailaren 23an elkartzeko moduan zirela, eta data finkatuta geratu zen”.

Lau Sasuak emanaldiaren edertasuna aipatu du behin eta berriz Aitor Atxegak: “Kontzertua amaitutakoan, horixe da jendeak gehien aipatzen duena, emanaldiaren edertasuna. Estetikoki oso emanaldi soila da, artifiziorik gabea. Eszenatokian musikariak ageri dira, beste ezerren beharrik gabe. Musikaren edertasunaz gozatzeko aukera ematen du”.
{{IMG-41792}}

Musikari bikainak

Maila handiko musikariak dira Lau sasuak proiektuaren inguruan batu direnak: Arranoa laukoteko musikariak, Stéphane Rougier bakarlaria, Mixel Etxekopar, Patrik Larralde, Paxkalin Chabagno eta Paxkal Indo musikariak. Fusio edo nahasketa berezia prestatu dute, musika barrokoa eta euskal musika tresna tradizionalak uztartuz. “Euskal musika tresna horiek beste erregistro batean entzuten aukera ematen du, beraz, emanaldi honek. Txistua, txalaparta, ttunttuna…, testuinguru beretsuari lotuta entzuten ditugu ia beti. Herriko jaiak, omenaldiak… Lau sasuak emanaldian tresna horiek beste modu batean entzuteko aukera izango dugu, musika barrokoarekin uztartuta”. Ordu eta laurden inguruko kontzertua da Lau sasuak, maila goreneko musikariak biltzen dituena. Kontzertua hasteko, zubereraz abestuko du Mixel Etxekoparrek.
{{IMG-41793}}

Mikrofonoen beharrik gabe

Mikrofonorik gabe, soinu ekiporik gabe arituko dira musikariak. “Akustika ona duen tokia besterik ez dute behar Lau sasuak eskaintzeko. Mikrofonorik ez dute behar euren instrumentuen doinuak elizako txoko guztietara zabaltzeko”. Larraulgo saioa, beraz, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera bikaina izango da.

Sarrerak

Arratsaldeko 19:30etan hasiko da kontzertua eta, ordu erdi lehenago zabalduko dituzte ateak. “Larraulera denboraz gerturatzea komeni da. Telefono bidez sarreren erretserbak hartu ditugu, eta 18:30ak aldera mahai bat jarriko dugu gordetako sarrera horiek euren jabeei eman ahal izateko”, azpimarratu du Nora Urbizu kultur teknikariak. Elizara sartzean, eskuorri bat jasoko du entzule bakoitzak: “Vivaldiren lau kontzertuak eta kontzertu bakoitzaren hiruna mugimenduak errazago jarraitu ahal izateko gidatxo bat prestatu dugu”, azaldu du Aitorrek.

Sarreren salmenta bizi-bizi doala nabarmendu du Nora Urbizuk. Sei euro ordaindu beharko da Lau sasuak kontzertuaz gozatzeko. “Emanaldiaren inguruko berri zabaltzen hasi zen bezain pronto iritsi ziren lehen deiak. Sarrera izango zutela ziurtatu nahi zuen jendeak. Gipuzkoa osotik jaso ditugu eskaerak. Guztira 255 pertsonentzako tokia dago Larraulgo elizan, beraz, interesa duenak ahalik eta azkarren bere sarrera eskuratzea komeni da. Momentuz kanpoko jendeak erakutsi du interesik gehien, eta pena emango liguke herrikoak kontzertuaz gozatu ezinik geratzeak”, azpimarratu dute. Erretserba egiteko, 634 289 327 telefono zenbakira deitu behar da. Sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan salgai jarriko dituztela ere jakinarazi dute Larraulgo Kultur Batzordeko kideek.
{{IMG-41794}}

Hegoaldean lehenbizikoz

Lau sasuak emanaldia hegoaldean entzuteko lehen aukera izango da Larraulgoa, “eta oso zaila izango da berriz ere aukera hori izatea”. Lau Sasuak antolatzeak bi zailtasun nagusi izan ditu; data lotzea izan zen lehena, dirua lortzea bigarrena. “Larraul herri txikia da eta Udalak ezin zion gastuari aurre egin. Babesle bila ibili behar izan genuen, eta baita lortu ere. Babesle horiek jarritako diruari esker gozatu ahal izango dugu maila horretako musika emanaldiaz”.

Gisa honetako emanaldi bereziak antolatzen jarraitzeko asmoaz galdetuta, “jendearen erantzun onak bide honetan jarraitzeko indarra eman digu”, erantzun du Aitorrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!