Eskualdeko arraunlarien balentria handia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 21a, 02:00

Handia egin dute Tolosaldeako arraunlariek. Lehendabiziko denboraldia zuten traineruan, eta Kontxako estropadarako sailkatzea lortu dute.

Bateletako denboraldia amaituta, maiatza inguruan ekin zioten Tolosaldea Arraun Klubeko neskek traineruan entrenatzeari. Talde gaztea osatzen dute, eta lehen aldia zuten traineruan. Ilusioak eta lanerako gogoak emandako indarrarekin joan dira bidean topatutako zailtasunak gainditzen eta denboraldiaren amaieran iritsi zaie sari potoloa. Kontxako estropadan arraun egin dute; horrenbeste hilabetetan egindako lanak bere emaitza ekarri du.

Lehorretik itsasora

Izaskun Sarasola asteasuarra, Ainhoa Manterola andoaindarra eta Itsaso Aizpuru zizurkildarra Tolosaldea arraun klubeko kideak dira eta pozarren daude lortutakoarekin. “Batel denboraldian ari ginela aipatu ziguten taldea trainerua ateratzeko lanetan ari zela, eta nahikoa arraunlari animatzen baginen, horretarako aukerak bazeudela. Berehala animatu ginen, eta beharrezko arraunlari kopurua lortuta, negu aldean egin genituen lehen entrenamenduak. Oraindik ere bateletan ari ginen, eta traineruari ez genion denbora askorik eskaini; asteburuetan, entrenamendu bat edo beste”, azaldu du Izaskun Sarasolak.

Batelak eta trainerua

Batel denboraldia amaituta ekin zioten buru-belarri traineruan arraun egiteari. “Ia egunero egin ditugu entrenamenduak. Astean egun bakarra izaten genuen libre, asteartean. Asteburuetan, estropada ez genuen egunean prestakuntza saioa egiten genuen”, azaldu du Ainhoa Manterolak. Bi denboraldi bateratu dituzte beraz Tolosaldeako neskek, bateletan aurrena, traineruan ondoren.

Bandera eta Kontxa

Amaitu berri dute arraun denboraldia, eta oso nota onarekin gainera. Errenteriako bandera etxeratzea lortu zuten uztailean, eta beste zenbait estropadetan ere gertu izan dute garaipena. Denboraldi amaiera, ezinhobea izan da Tolosaldeako traineruarentzat; Kontxako estropada entzutetsuan egin dute arraun.

Itsaso Aizpurua zizurkildarrak beti izango du gogoan lehen Kontxa hori. “Sailkatze estropadan nahiko urduri ginen. Gure helburua sailkapena lortzea zen, eta asko genuen jokoan. Ondo kontzentratzea lortu genuen, oso barruan aritu ginen”. Estropada amaitu eta emaitza jaki arteko minutuak bukaezinak egin zitzaizkien arraunlariei: “Sentsazio onarekin egin genuen arraun, baina ez genekien sartzea lortu genuen edo ez. Oso luze egin zitzaigun zain egon beharra. Sailkatzea lortu genuela jakinarazi zigutenean, poza lehertu zen traineruan”.

Hunkidura

Arraunlariek sentitutako poz hura laster zabaldu zen ingurura: “Etxekoak, taldeko kideak, entrenatzaileak…, jendea hain pozik ikustea ikaragarria izan zen”, azpimarratu du Itsasok. Izaskunek eta Ainhoak lehorretik jarraitu zuten lagunek egindakoa. “Urduritasuna zen nagusi. Denborak entzuten ari ginen, eta ez zen ziurra sailkatu ginen edo ez. Azkenik Tolosaldea sailkatuta zegoela jakin genuenean, korrika joan ginen arranplara, ospatzera. Negar malkoak, poza…, denetarik izan zen han”, azaldu du Izaskunek.

Kontxako igandetako oroitzapenak ere bizi-bizi dituzte hiru arraunlariek. Itsasok azaldu duenez, “hango giroa ahaztezina da. Txaranga ere etorri zen gu animatzera, baita inguruko jende pila bat ere. Gure helburua dagoeneko beteta zegoen eta gozatzea zen helburua. Kirol emaitza ahalik eta txukunena ere lortu nahi genuen, noski. Hori ez genuen erabat bete, baina itsasoko lana amaitu eta portura iritsitakoan, guztia bilakatu zen ospakizun eta festa. Kontxako giro hori deskribatzea zaila da”.

Babesa

Babes handia jaso du Tolosaldeako traineruak. “Eskualdeko udaletako ordezkariak gerturatu ziren Kontxara eta bigarren igandean harrera eskaini ziguten Tolosako udaletxean. Etxekoak, eskualdeko zaletuak, inguruko jendea…, guztien indarra nabaritu dugu eta hori ikaragarria izan da”, azpimarratu dute neskek. “Zenbait balkoietan ikusi dugu Tolosaldea taldearen banderola jarrita, eta horrek ilusio handia egiten du”, azpimarratu du Izaskunek.

Irailaren 9an, Kontxako estropada amaitu berritan egin zituzten ospakizunak Tolosaldeako neskek. “Elkarrekin bazkaldu genuen taldekide guztiok eta ondoren kalejiran abiatu ginen Tolosako udaletxe aldera. Sekulako giroa sortu zen kalejira horretan eta udaletxeko harrera ekitaldia ere oso polita izan zen”.

Udako estropadetan momentu gozoak izan dituzte Tolosaldeko neskek baina bestelakorik ere izan dute noski: “Nahiko irregular ibili gara. Asteburu berean, arraunlari berberekin, oso emaitza ezberdinak izan ditugu. Buruak lan handia egiten du eta hori gehiago landu behar dugu. Gainerantzean, izan ditugu tosta hautsi eta ezin arraunean egina eta horrelakoak. Orokorrean ordea, oso balorazio ona egiten dugu”.

Egunero Oriora

Orion egin dituzte entrenamendu saioak Tolosaldeako arraunlariek. “Zarautz taldearen egoitzan aritu gara, Orion. Egunero hara joateak denbora asko kendu digu, baina gozatu egin dugu. Oso giro ona dugu gure artean eta horrek asko erraztu digu guztia. Zarauzko traineruko mutilekin ere harreman polita sortu da”.

Tripulazio gaztea

Bataz beste, hamazazpi urte dituzte Tolosaldeko arraunlariek. “Talde gaztea osatzen dugu. Gazteenek, patroi lanak egiten dituztenek, 14 urte inguru dituzte eta helduenek 19 bueltan. Pixkanaka esperientzia pilatzen joan behar dugu, eta ikasten”. Itsasoan arraun egiten ikasi behar dutela azpimarratu dute hiru arraunlari gazteek. “Denboraldi hasieratik hona joan gara ikasten, baina oraindik ere badugu bidea egiteko”.

Itsaso Aizpuruak eta Ainhoa Manterolak bi denboraldi daramatzate batelean lehiatzen. “Nahiko berriak gara kirol honetan, eta teknika pixka bat falta zaigu agian, baina moldatzen gara”. Izaskun Sarasola etxekoekin joan izan da estropadak ikustera, eta traineruan proba egiteko aukera eskaini ziotenean, zalantza gutxi izan zuen. Ainhoa Manterola futbolean aritutako da, baina aspertuta utzi, eta arraunaren aldeko hautua egin zuen duela bi urte. Itsaso Aizpuruari etxetik datorkio arraunarekiko zaletasuna. “Amonaren etxean asko jarraitzen dute arrauna eta Orion ere badut familia. Oso modu berezian bizi dute han arrauna. Amak proposatu zidan arraunean hastea, eta asmatu zuen”.

Etorkizunari begira

Jarraitzeko gogoa azaldu dute hiru arraunlari gazteek. Ikasketekin bateratzeko modua bilatzea izango da egitekorik zailena. Magisteritza ikasten hasi berria da Ainhoa Manterola, eta Eskoriatzan pasako du astea. “Neguko entrenamenduak nire kasara egin beharko nituzke, ea moldatzeko modua bilatzen dudan”. Izaskun Sarasolak batxillergoa egingo du aurten, eta Itsaso Aizpurua erizaintza ikasten ari da. “Argi dugu ikasketak direla lehendabizi, eta arrauna ondoren. Biak aurrera ateratzen saiatuko gara”, diote irribarretsu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!