Sanmielak 2018

Ekitaldiz beteriko jaien atarikoa Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 20a, 02:00

Egape dantza taldeko helduenek "Ez utzi dantzatzeari" kaleko emanaldia eskainiko dute ostiral honetan, ekainean arrakasta handiz aurkeztu eta gero. Sanmielen atarikoa ekitaldiz beterik dator. Haurrentzat bada hitzordu nagusia: Super H festa.

'Euskal jaiak' izan zitezkeen, izen horrekin, Urnietan Sanmielen atarian antolatzen diren ekitaldiak. Euskal tradizioekin uztartutako hitzorduak baitira, ia guztiak: Dantza emanaldiak Egaperen eskutik, sagardo txapelketa Sagardozale elkartearen eskutik, bertso afaria Poxta Zahar gazte taldearen eskutik, mendi lasterketa txikia eta haur jolasak Super Hren eskutik...

Dantza

Egape dantza taldeak maila handiko bi ikuskizun eskainiko ditu asteburu honetan. Ekainean "Ez utzi dantzatzeari" saioa ikusi ez zuenarentzat, eta baita errepikatu nahi duenarentzat ere, ostiral gaueko emanaldia gomendagarria da. Larunbat arratsaldean "Koloredantz" eskainiko dute Saroben, eta sarrerak dagoeneko salgai daude.

Bertsoak

Poxta Zahar taldeak jaien aurreko bertso afaria antolatzeari ekin dio, beste urte batez. Oianumeko afarirako eta bertso saiorako sarrerak San Juan plazako Kantoin salgai daude. Aurtengoan Agin Laburu eta Unai Agirre bertsolariak arituko dira kantuan.

Sagardoa

Sagardogileen elkartearen eskutik, Euskal Herriko sagardo txapelketa herrikoiaren finalaurrekoa Batzokian izango da, 20:00tan hasita. Honakoa izango da menua (26 euro): Basatxerri lontxeatua, entsalada, ajoarrieroa, xolomoburua eta Idiazabal gazta sagar dultzearekin.

Txapelketaren bereizgarria honakoa da: afarira hurbildu direnek emango dute sagardoaren puntuaketa. Afaltzera datorrena, beraz, epaimahaikide izango da. Urnietakoa azken finalaurrekoa izango da, eta finala hilaren 29an Usurbilen. Euskal Herri osoko 41 sagardo ezberdin aurkeztu dituzte lehiaketara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!