Irailaren 19an izango da lehen ibilalditxoa. Ohi moduan, 10:45etan izango da irteera udaletxeko kontsejupetik, eta ordubete inguruko ibilalditxoa egin ostean, Anbrosia Olabideko tabernan mokadutxoa eskainiko zaie parte-hartzaileei.
Gogoratu behar dugu, Andoaingo Udalaz gain, bertan izan direla antolatze lanetan Bertxin Jubilatuen Elkartea, Santakrutz jubilatuen elkartea, Zuena Emakumeen Taldea, Hurria-Sahara elkartea, Euskalduna Mendigoizale Taldea, Cáritas, Andoaingo anbulategiko erizainak, Eguneko Zentruko langileak eta Osasun Saila.
Iaz bataz beste 75 pertsona jardun dira egitasmoan parte-hartzen ikasturte osoan zehar; ibilbide arrakastatsuenean 90 lagun hurbildu ziren eta gutxienean 28 lagun. 60 eta 80 urte bitarteko pertsonak izan ziren, batez ere, parte hartu zutenak (%76), baina animatu ziren pertsona nagusiagoak ere. Eta orohar, gehiago animatu dira emakumeak (%60) gizonezkoak (%40) baino.
Zer egin parte hartzeko
Partehartzeko baldintzak hauexek dira: 60 urte edo gehiago izatea eta tarte atsegin bat lagunartean pasatzeko prest egotea. Bi baldintza hauek betetzen dituen herritar oro gonbidatu nahi dugu paseotxo bat ematera gerturatu daitezen.