Urteak joan dira, mina ez

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2018ko ira. 16a, 02:00

Irailaren 24an beteko dira 25 urte Gurutze Iantzi Igerategi inkomunikazio egoeran atxilotuta Madrilen hil zenetik. Josean, Agustin eta Izaskun anai-arrebek minez bizi dute iraganeko ezbehar hura.

Irailaren 24a. Goizeko 08:00ak. 1993. urtea. 25 urte joan dira. Mende laurdeneko amesgaiztoa, iluntasuna. Eta samina. Egunak, asteak, urteak pasata ere, desagertzen ez den mina. Gurutze Iantzi atxiloketa agindurik gabe eraman zuen etxetik Guardia Zibilak, eta 28 orduko epean, telegrama baten bitartez, ziegan hil zela jakinarazi zioten sendiari. Heriotza naturala izan zela dio bertsio ofizialak, baina torturak jasan zituela frogatzen dute Gurutzerekin batera ziegan egon ziren beste atxilotuen lekukotzek. Justiziaren zain dago familia oraindik, esperantza handirik gabe. “Etortzen dena berandu etorriko da. Kontxi gure ama 21 urte egon zen zain, hil zen arte”.

Heriotza kontuetan murgiltzea beti da zaila. Gizakiak zerbait gainditu ez badu heriotzarekin zerikusia duten zehar-kalteak dira. Gai horretan sakontzea beti da konplexua, eta heriotza bidegabea bada, are gehiago. Iantzi sendia Errementari kalean bizi zen 25 urte atzera: Kontxi ama, Gurutze eta Julen Irastorza bikotea, eta Izaskun alabak. Josean eta Agustin bi seme zaharrenak kabitik ihes eginda zeuden ordurako. Izaskun da gazteena lau anai-arrebatan.

Grabagailua martxan, kontakizuna gordin-gordin hasi du Izaskunek: “Astelehen gauean hasi zen dena (irailak 20). Oheratu eta bi minutura kolpeak entzun genituen amak eta biok. Guardia Zibila zen, bere legean: “¡abran la puerta, la vamos a tirar!” eta beste. Ama atera zuten atarira, gero ni, ondoren Gurutze. Sartu arazi gintuzten barrura, lekukotza emateko. Julenen atxiloketa agindua zeukaten. Eraman zuten, eta Gurutze oso urduri zegoen. Goizean Antonio lehengusua ere atxilotu zutela jakin genuen (Antonio Igerategi), eta genekien gauza bakarra zen ‘la operación sigue abierta’, horrek esan nahi duen guztiarekin”. Gurutzek biharamuneko gaua Josean anaiaren etxean pasa zuen, beldurrak jota. Ezer ez zela pasa ikusita, bueltatu egin zen etxera, baina hurrengo eguneko gauean bere bila etorri ziren: “Argi eta garbi esan ziguten zertara zetozen: ‘Venimos a por Gurutze’, dio Izaskunek.

“Gogoan dut Gurutzek etengabe esaten zidala ‘nik ez dut ezer egin’, urduritasunak jota. Saiatu nintzen lasaitzen. Epailearen agindua eskatu nien Guardia Zibilei, eta barrez erantzun zidaten, ez zeukatela, argibide gehiago nahi banituen Gobernu Zibilera deitzeko. Argi utzi ziguten ‘nos la vamos a llevar, por las buenas o por las malas’. Ez nuen nahi Gurutze eramatea, baina ezin duzu ezer egin”. Oraindik orain mina ematen dion arantzatxoa badu, Izaskunek, barru-barruraino sartuta: “Askotan pentsatu izan dut, beste zerbait egiten saiatu izan banintz, ez zutela eramango…”.

Garai haietan sakelakorik ez zegoen, eta etxeko telefono finkoa ere blokeatu egin zuten. “Hurrengo goizean abisatu genien bi anaiei. Beldur batean geunden, ikusirik Julen eta Gurutze eraman zituztela. Lagun bati esan nion etxera lotara etortzeko, batez ere ama bakarrik ez uzteko, ni eramaten baninduten”. Eta eguna argitu bezain pronto, inoiz espero ez duzun notizia: “Amaren oihuekin esnatu nintzen goizeko 08:00ak aldera”. Telegrama bat ekarri zioten, Gurutze hil egin zela zioena. Etxetik eraman eta 26-28 ordura. “Segituan Madrildik deitu zigun, funtzionario batek, eta telegraman jartzen zuena berretsi. Nik ‘que le habéis hecho, que le habéis hecho’ esanez eskegi nuen telefonoa”. Joseani kamioiko irratiz abisatu zioten lankideek, eta Agustini telefonoz. “Ez genekien nola kudeatu egoera, zer egin, zer ez… Lagunei deitu genien, ea Juankar Alberdirena nola egin zuten, Gestoras-era deitu genuen eta hor hasi ginen pausoak ematen”, zehaztu du Joseanek.

Agustinek halako zulo beltz bat dauka, egun haietaz galdetuta, baina pasarte bat ez zaio ahaztu: “Tirabira serioak izan nituen etxera etorri ziren hainbatekin: Jose Inazio apaiza zena, lazo urdinarekin (Julio Iglesias Zamora enpresaria bahitua zeukan orduan ETAk), Joxi Lizeaga alkatea zena…, amarekin ere borrokan aritu nintzen, hark ez zuelako nahi nik esan nizkienak esatea etxera etorri zirenei!”. Garbi dio: “Niretzat arreba erail zuten, eta han gertatu zena ez da bukatu oraindik. Ez da bukatu, heriotza eta gero hilabete luzez etxean deiak jaso genituelako egunero gau ilunean, erantzunik gabekoak”.

Madrilgo trantzea
Joseanek Madrilgo bidaiaren kontuak ekarri ditu solasaldira: “Pentsa, nola geratzen zaren… Madrilera joan aurretik mediku forentse bat emateko esan ziguten, baina ez zaude mediku bat bilatzeko pentsamenduarekin… momentuko shock egoera ikaragarria da. Izaskun eta biak Madrilen ginen, eta Tres Cantoseko epailearengana joan ginen. Tanatoriora eraman gintuzten, Gurutze identifikatzera. Julen ere han zegoen, gurekin. Ezin izan nion eutsi, ez nion gorputza begiratu. Kazetari asko zeuden, HBko Mahai Nazionala Espainiako Kongresuan zegoelako”.

Mirandan, Gasteizen eta Ordizian jendea ikusi zuten auto ilararen  zain, ikurrinekin eta oihuka, “baina gu blokeatuta geunden. Salesiar ikastetxeko aldapara iritsi ginen, eta han jendetza zegoen zain. Zer egin aztertu genuen, eta hilotza udaletxera eramatea erabaki zuten herritarrek”. Udalak ez zuen baimenik eman nahi hilotza barrura sartzeko, eta atea bota zuten. Han egon zen zerraldoa hileta elizkizunera arte. “Kontxi ama ez zen Gurutzeren gorputza ikustera joan, ezta elizkizunera ere. Ez zuen hilik ikusi nahi alaba”, dio Izaskunek.

Gurutzek idatzia omen zeukan, hiltzean, bere gorpua erraustea nahi zuela, baina familiak, trantze hartan, pentsatu zuen akaso hilotz hark erakuts zezakeela egunen batean torturen eraginez hil zela. Joseanek honela kontatzen du Madrilgo trantze gogor hura: “Une hartan burura etorri zitzaigun azken kontua izan zen erraustearena". Elizkizuneko atarikoak oso gogorrak izan ziren sendiarentzat… Udaletxean eta plazan jende mordoa zegoen, eta hilotza zegoen gelan ere bai. "Guk apenas eduki genuen tarterik Gurutzeren hilotzarekin bakarrik egoteko, eta jendeari minutu batzuetan bakarrik uzteko eskaera egin genion. Jendeak gorpua hartu zuen, eta elizkizuna bukatuta, Xabier Kalparsoro Anuk zena ere hil egin zutela zabaldu zen. Jendea berotu egin zen, egunkarien aurka oihuak botatzen hasi… eta familiako kideok erabat gaindituta ikusi ginen egoera horretan”.

Ahanzturaren hasiera…
Elizkizuna bukatu zen, eta iraganaren zulo beltza sakontzen hasi. “Hurrengo egunean bukatu zen kontua. Bakarrik geratu ginen”, dio Agustinek, haserre. “Joseani Mercedes Milak telebistan hitz egiteko gonbitea egin zion. Ez zen joan, noski. Egunkarietako kazetariek deitu zuten etxera, baina ez genuen adierazpenik egin nahi izan, eta 25 urte geroago, agian, bestela egin behar ote genuen pentsatzen duzu”.

Herritarren erantzunaz, hauxe, Joseanek: "Amak esaten zuen, erdaldun jendeak ikaragarri babestu eta lagundu zuela, Gurutze hil eta gero. Aintzat hartu behar zen gure auzoan, Errementari kalean, erdaldunak nagusi zirela! Ezker abertzaleko jendea ere bai…" Pixkanaka gaia ahazten joan zen jendartean, baina familian ez: “Gurean ez, zauriak ez direlako ixten. Oraindik orain Gurutze Iantzi ez da Polizia Indarkeriaren biktima bat, ez dagoelako froga judizialik. Tortura zantzuak agerikoak izan ziren: beste atxilotuen lekukotzak, agiri judizialik gabe atxilotu izana, mediku forentsea mucorex botika ematera mugatzea, ziegaraino bertaratu gabe, bularrean min handia zeukala aitortuta ere…”.

…memoriaren berreskuratzea
Itzali zen kontua, ordea, piztu egin zen, hamarkada bat atzera. Egiari Zor kolektiboa sortu zen. Kasuistika zabala duten kasuak aztertzen ditu: torturak, polizia kontrolak, atxiloketak… “Ni talde horretako kide egin nintzen”, dio Izaskunek, “eta urteen joan-etorrian gauzak aldatzen hasi dira. Hasieran gertatu zitzaigunaz ezin zen garbi hitz egin, orain bagoaz pixkanaka nahi duguna esateko libre izaten. Zer eta nola esaten duzun, kontuz jokatu behar da oraindik, agian kartzelara eramaten zaituztelako. Guk ezin dugu askatasunez esan Gurutzeri gertatu zitzaiona. Gutako edonork publikoki Gurutze Iantzi poliziak torturatuta hil zuela ezin dugu esan, nahiz eta garbi daukagun zer gertatu zen…” hausnartu du Gurutze zenaren ahizpak.

Etorkizunaz mintzo, iritsiko al da momentua, non aitortza publikoa etorriko den? “Hemendik 100 urtera igual, elizak bezala…”, bota du, ironiaz, Agustinek. “Niretzat ez luke ezertarako balio aitortza horrek gaur egun. Hori amari esan behar zioten, bizi zenean, eta ez zen inor joan, ez publikoki ezta pribatuan ere. Gure ama Kontxi Gurutze hil zenean hasi zen hiltzen, pixkanaka…”. Agustinek noizbait zer edo zer etorriko dela uste du, “baina ordurako igual Aitor iloba bakarrik geratuko da Iantzi abizenarekin, eta esango diote: ‘zure izebaren kasuan ez genuen ondo jokatu’. Eta?”.

Josean eta Izaskun anai-arrebentzat, ordea, baliagarria izango litzateke aitortza hori: “Jendartea zer gertatu zen jabetzeko ere balio du, ze 25 urte pasa dira, eta jende askok ez daki zer pasa zen”. Pako Etxeberria forentse adituak 2017ko otsailean Urnietan bertan eskainitako hitzaldian zera adierazi zuen: “Zergatik ez hartu ahotan Gurutze Iantzi, hemen, Urnietan? Autopsiaren txostenean, markak ageri dira. Erabateko eskandalua izan zen 31 urteko emakume honekin gertatu zena. Zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta amorru handiagoa ematen dit".

"Baina muga asko daude, oraindik", Joseanek aitortzen duenez: "Begira polizia-biktimen legearekin ze muga jartzen ari diren… Guk gure senideekin zer gertatu zen jakitea eta onartzea nahi dugu, justizia, erreparazioa, baina oso mesfidatia naiz”. Zergatik, bada? “Ba bi errealitate paralelo daudelako. Politika tartean ez dagoenean, sumatzen da halako aitortza bat, gauzak argitu eta aurrera egiteko gogoa. Baina politika tartean sartzen denean, dena gelditzen da, dena da ñabardura, dena hau bai baina horrela ez…”.
Urnietan zerbait gertatuko ote den itxaropenik ba ote dute? “Egoera berera bueltatzen gara”, dio Joseanek. “Nahi dute zerbait egin, hala uste dut nik, baina berriro politika eta politikaren jokoa agertzen da. Ez dut uste gauza handirik lortuko dugunik. Ni beti prest nago, entzuteko. Ea zer nahi duten. Nik entzungo diet, eta erabakia hartuko dugu”. Sinesgarritasuna emateko zer esan beharko luketen badakite: “zintzoak izatea, eta gure arreba zena torturen ondorioz hil zutela aitortzea, atxiloketa legez kanpokoa izan zela. Baina zalantzak ditut hala aitortuko dutenik, polemika handia piztu daitekeelako Urnietatik harago”.

Alderaketa deserosoa
Gurutze Iantziren senideak, noski, biktima dira. Beste biktimekiko enpatiarik sentitzen ote dute?: “Ez da erraza, baina ez biktima horien samina ulertzen edo ezagutzen ez dugulako”, dio Agustinek. “Biktima tratamenduak dena aldatzen du. Biktima batzuek onarpena eta erreparazioa daukate. Beste biktima batzuk ez, eta horrek enpatia zailtzen du”. Eta Izaskun, azkena hiruretan: “Gurutzeren heriotza salatzerakoan tortura ez dela existitu leporatu izan zaigu, torturak salatzearena ETAren estrategia bat zela. Enpatia eduki? Jakina badugula. Iantzi Igerategitarrok badakigu kide bat galdu duten familia horiek sentitu dutena. Baina batzuk argia ikusi duten bezala, gu ilunpean gaude. Inpunitateak bere horretan dirau, alor askotan: poliziak, epaitegiek torturatzaileak libre uzten dituzte, forentseak… eta horrek halako hesi, muga bat sortzen du gugan. Baina enpatia eduki? Jakina baietz. Guk badakigu zer sentitu duten. Hori esanda nahikoa dela uste dut”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!