"Euskara Andoainen: eten ez den soka" erakusketa ikusgai dago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko ira. 15a, 02:00

“Euskara Andoainen: eten ez den soka” izenburua daraman erakusketa ireki zen Basteroko erakustokian atzo ilunbarrean. Irailaren 29a bitarte ikusgai egongo da. Aita Larramendiren garaitik abiatuta, mendeetan zehar euskararekin eta andoaindarrekin lotutako zenbait gertakizun biltzen dira erakusketan. Agiri, argazki, bando, kartel nahiz bideoen eskutik euskaraz bizi nahi izan duten andoaindarren esanak eta eginak azaltzen dira.

[Argazkiak]

 

Erakusketaren irekiera ekitaldian, antolaketa taldeko kide den Garazi Kamiok adierazi zuenez, euskararen alde XVIII. mendeaz geroztik zerbait egin duten herritar eta elkarte guztiak sinbolikoki azaldu nahi izan da erakusketarekin. Aldi berean, herritar guztiei gonbidatu zien erakusketa bixitatu dezaten, eta patxada hartuta, ikus eta irakur dezaten bertan agertzen den guztia.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte luzatuko den "Euskaraldia: 11 egun euskaraz" kanpainaren baitan kokatzen da erakusketa. 

Honako ordutegia izango du erakusketak: astelehenetik ostiralera, 18:00-20:00, eta larunbatetan, 10:30-13:30 / 18:00-20:30.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!